« Kearen truke | Purrut! »
Umeek gezurra esaten dutenetik / Uxue Apaolaza / Erein, 2005
Gure belaunaldi zikin hau (erabili dezakegu hitz hau eguneko ordu hauetan?) Gorka Bereziartua / EremuLauak.com, 2006-01-06
“…nire belaunaldiak tregoa bat behar du. Algodoiak agindu zizkiguten eta badirudi generen bat dugula, ideologia gabeak, biolentoak, errespetu gabeak, bizitzari aurre egiteko ahulak… egiten gaituena”. Uxue Apaolazaren hitzak dira. Berria egunkarian idazten dituen zutabeengatik ezagutzen genuen eta amaitu berri den 2005aren azken hondarrean kaleratu zuen Umeek gezurra esaten dutenetik izeneko ipuin-liburua.
Durangoko Azokak idazle guztiei mesederik ez diela egiten uste dut. Badira Durangora begira kaleratzen diren liburuak eta agian urteko beste sasoi batean argia ikustea mereziko luketenak. Hau horien artean dagoela uste dut, ez baitu merezi beste milaka libururen tapa lodi erraldoien itzalean geratzea.
18 ipuin eta ehun orri baino gutxiago ditu Umeek gezurra esaten dutenetik honek eta hala ere azken aldiko nobedadeen artean interesgarrienen artean jarriko genuke ezbairik gabe Apaolazaren lehen liburua. Gogor hasten da, edo, Iban Zalduak kontrazalean azpimarratzen duen moduan, lodi. “Bueltak” izeneko ipuinak euskaraz inoiz irakurri ez genituen moduko perlak gordetzen ditu (“…eta ama oraindik ere etxera sartzen denean alaba maitea ikusten duenean eta pentsatu zein ona den bere alaba eta zu sofan eserita zaude pijamaren azpitik hatza ipurdian sartzera zoazela atzoko zakilkadek diametroa handitu dizutela iruditzen zaizulako”); ondorengo ipuinetan suizidioa, heroina, bakardadea, abortoa, sexu inpertsonala.
Denek gordetzen dute barruan halako tonu gordin bat, irakurle puritanoa (edo horrelakoetara ohitua ez dagoena behintzat) sofa erosoko berotasunetik liburua bukatu arteko hotzikara moralera eramango duena. Dena dela, ez bilatu hemen fatalismorik, ez duzu aurkituko eta. Hau ez da “Ai-ama-gizarajoak-joe-ze-pena!” esatera eramaten zaituen liburu bat (“inozentzia gorrotagarria da” irakurri dugu “Erreferentzia” izeneko ipuinean).
Tartean badira bestelako ipuin batzuk ere (“Noiz”, “Progresoa”, “Beldurrezko nobela amerikanoa idatzi nahi nuen” datozkit gogora) jolasetik gertuago daudenak, umore fina erabiliz.
Laburbiltzeko (laburbildu ote daiteke ipuin liburu bat?): liburu honetan ez dugula betikoaren antza duen ia ezer topatuko. Gordintasuna ez da dohanekoa, umoreak ez du algara bilatzen irribarre sotila baizik, egiantzekotasuna oso zaindua dago eta batez ere oso tonu berezia lortzen du zenbait ipuinetan. Belaunaldi baten hasiera ote?
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez