kritiken hemeroteka

8.746 kritika

« | »

Lasto sua / Aingeru Epaltza / Alberdania, 2005

Ostrukak jezten Iñigo Roque / Gara, 2005-12-31

Iruditzen zait liburuen aurkezpenetan gero eta xelebrekeria gehiago esaten direla (espektakulua). Aingeru Epaltzak, ordea, ezin argiago definitu zuen bere azken liburua, lañoki: azken urteotan enkarguz egindako lanak dira. Horixe da liburuaren kontzeptua. Lehen ipuina eta azkena izan ezik, gainerakoak aldizkarietan nahiz zabalkunde urriko beste argitalpen batzuetan plazaratu dira.

“Atertzean”, berez, idazlearen lehenbiziko liburuan baztertutako ipuina da, orain berreskuratua, gaiari hain minbera ez iritzirik (gatazka zoritxarrekoaz dihardu). Duela hamabost urte ipuin futurista zen, eta orain, denbora futuroan, halakoxea da oraindik. Kontu bitxia. Ipuin arrotza, enparauen aldean. Eta egingo nuke liburu osoa baldintzatzen duela, besteak baino garratzagoa delako, luzeagoa delako (estuegia, guztiarekin ere), umorea ments duelako… Litekeena da batzuei demaskeria begitantzea. Dena den, harritu egingo nintzateke honezkero inork jantziak urratuko balitu. Ironiaz esan dezadan ez dela argitzen zertan ari ziren Iruñeko Alde Zaharreko frankotiratzaileak eta eskertzekoa dela maitasunaren aringarria. Histrionikoegia.

Hortik aurrera, umorea agerikoagoa da ia liburu osoan; rossli usainekoa, hain xuxen. “Corsaren kontra” telebistako kronika beltzeko saioetako istorioa da. Pertsonaia funtzionario prestu bezain erostezina da, zango lirainen artean trabatua eta galdua.

“Metafora” ipuinean ere, funtzionario baten ibilera herrenen berri ematen digu Epaltzak. Zoragarria da idazleak lortzen duen suspensea, pertsonaia ordenagailuko leihoa ixteko lehian. Ipuin horretan, idazleak bere zinezko lantokira garamatza, administrazioko itzultzaileen eremura.

“Ordutegia” ipuina, aldiz, Ikuskapenerako Informazio eta Plangintza Atalean dago girotuta. Kontakizun hau, aurrekoa bezala, funtzionarioentzako aldizkari batean azaldu zen estreinakoz. Ataleko zuzendari begiluze baten burutazioen berri ematen du idazleak. Azkenean, dirudiena ez da izango, itxuraz maitasuna izan daitekeenak zigor-espedientea ekarriko baitu.

“Primitiae” Bernat Etxepareren desmitifikazio halako bat da. Etxepare erretxin ageri zaigu, muker, isilmandatari eta, jakina denez, Gaztelaren aldeko, beaumondarren faboreko. Kontrapuntua Migel Mailu gazteluzaina da, nafar zintzoa, Iruñearen minez bizi dena, bortuen bestaldean. Emaitza bikaina da: erbesteratuaren arrangura isila eta Etxepareren zipozkeria bat eginda.

“Frank&Berri” Kixoteren bertsio garaikidea da. Kixo eta Pantxo erraldoien aurka oldartzen dira nonahi, bidegabekeriak borrokatzeko, baina erroten besoek, behin eta berriro, xitxifrikatu egiten dituzte. Ameslari patetikoak dira, zapazto tristeak, taxuzko zigorrik ere jasotzen ez dutenak.

“Trek” ipuinean, mendiko oporraldi bat aurkezten digu idazleak, pertsonaia bakoitzaren ikuspegitik. Irakurlea, horrenbestez, apurka-apurka ohartzen da gertatzen ari denaz, harreman-sarearen marapiloez eta askabideez, barre txikiarekin.

“Morroia” ipuinean, azkenik, Epaltzak maisukiro biltzen ditu belaunaldien arteko ezin ulertuak eta Nafarroa Garaiko politika eskizofrenikoa. “Gorroto haut” bilduman irakurtzeko aukera izan zen.

Aurreneko ipuina irakurri eta gero, liburua horrelako alai aire batez doa. Funtzionario bat imajinatzen dut, ordenagailuaren ostean kukututa, barreka ipuineko funtzionarioen trakeskeriak irakurtzen. Batzuetan, mito urbanoen antza hartzen zaie narrazioei, Aingeru Epaltzaren hizkuntza miragarriak ederturik. Efektua berdingabea da. “Rock’n’roll” bikainaren ondoren, hurrengo zer etorriko irrikaz.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak