« Gida liburua | Kontakizun sinbolikoa »
Harri eta Herri / Gabriel Aresti / Susa, 2000
“Harri eta Herri”: Arestiren indar berritua Karmelo Landa / Gara, 2001-01-13
Berriro dator “Harri eta Herri” gure artera, Arestiren arnasa indar berrituaz, oraingoan Susa argitaletxearen eskutik eta Koldo izagirreren hitzaurre mamitsuaz. Zerk ematen dio indarra? Euskal Herriak berak: gure Herri zahar-berri honen trantzeak sortu zuen Arestiren mezua eta mezu poetiko horrek, “Harri eta Herri” liburuan dagoenak, proiektatzen du Euskal Herria bera, zentzurik zabal eta sakonenean, mende eta milurteko berrietarantz, bidaia luze, latz, eder zoragarrian.
Poeta nazionala bihurtzen zaigu Gabriel Aresti, batez ere “Harri eta Herri” idazten duenetik, zeren, Euskal Herria nazioa baldin bada, Gabriel Arestiren poesiak agertzen baitigu naziotasun problematiko hau: nortasun sendoa duena baina era berean arrisku larrian aurkitzen dena, bizirauteko borroka bizian, mila aldiz ukatua eta beste hainbeste gehiagotan bere burra altxatzen duen euskararen herria…
“Harri eta Herri” poema-liburua Euskal Herriaren autokontzientzia poetikoaren agerpen gorena da; liburua idatzi ahal izateko, Gabriel Arestik berak prozesu existentzial eta literario sakona ezagutu zuen, erdaratik euskarara, nitasun poetiko murritzetik identifikazio kolektibo batera, eta bide hori agertzen da nonahi liburuan bertan, baita garai horietan euskal poetak eskainitako hitzaldi eta idatzietan ere.
Gerra ondoko Bilbao erdaldunean ikasi zuen euskaraz bere kontuz:
“Euskera salbatu behar zela, eta salbatu behar zela… Sakonki estudiatu genuen. Altube eta Azkueren eskola nagusietan… (…); lehengo eskritore zaharrak irakurri genituen” (1).
Baina euskararen ezagutzak Euskal Herri ukatuaren bizipena ere badakarkio poeta bilbotarrari; nola, bada, ekidin halakorik?:
“Hea nork erregalatzen digun
marfilezko dorre bat,
eztezagun ikus
hemen gertatzen dena” (2).
Marfilezko dorretik Bilbaoko kaleartera jaitsi zen. Aresti eta han aurkitu zuen aurkitzekoa: erdal herri estrainiatua, kapitalismo zurrupatzailearen eremu bortitza; erdal poeten tertulian arrotz, ez dakiela nola… “munduan egon poeta bat ni bezain bakarra” (3).
Baina Arestik ez du zalantzarik: “Nire lekua dago herriaren aldean” (4); garesti ordaindu beharko duen hautua berau, alde bitatik bederen:
Lehenengo eta behin, intelektual espainiartzale zenbaitzuek ez diote barkatuko gaztelera handia utzi eta euskara besarkatu izana eta Aresti hil eta urteetara ere mantentzen dute euskal poetaren aurkako erretolika traketsa (adibide baterako, Javier Atienza irakasleak Catedra argitaletxe madrildarreko liburuan egin zion eraso baldarra).
Baina, horiez gain, Gabriel Arestik hitz gogorrez salatzen du etxe barruko klase sozial konkretu bat. Entzun, bestela, bere hitzak:
“…bipera-kasta hori, suge klase hori, euskaldun burges edo aberatsen kasta higuingarria. Euskara harri bat da… Baina euskaldun klase hori itoginaren parekoa da, eta urteen buruan, mendeen eta mendeen buruan, ur tantak harria jaten du” (5).
Nazio eta klase kontzientzia argia du Gabriel Arestik hau idazten duenean, bizitzak eta literaturak uztarturik ekarri dioten kontzientzia poetikoa nonbait ere: “Harri eta Herri”ren lehen argitalpenetik bigarrenera, ezkerrean kokatu du bere tokia:
“Eta haren eskuman
jarriko gara
ezkerrekoak” (6).
Baina Gabriel Arestiren “Harri eta Herri”k dakarrena, gauza ororen gainetik, Euskal Herri haren-honen autokontzientzia poetiko bete-betea da, liburuaren (euskal nazioaren) ikur poetiko nagusi honetan:
“Nire aitaren etxea / defendituko dut. / Otsoen kontra, / sikatearen kontra, / lukurreriaren kontra, / justiziaren kontra, / defenditu / eginen dut / nire aitaren etxea. Galduko ditut / aziendak / soloak / pinudiak; / galduko ditut / korrituak / errentak / interesak / baina nire aitaren etxea defendituko dut. Harmak kenduko dizkidate, / eta eskuarekin defendituko dut / nire aitaren etxea; / eskuak ebakiko dizkidate / eta besoarekin defendituko dut / nire aitaren etxea; / besorik gabe; / sorbaldik gabe, / bularrik gabe / utziko naute, / eta arimarekin defendituko dut / nire aitaren etxea. Ni hilen naiz, / nire anima galduko da, / nire askazia galduko da, / baina nire aitaren etxeak / iraunen du /zutik”.
Ohar gaitezen nolako indarraz proiektatzen duen poemak herri problematiko hau etorkizunerantz, galera guztien gainetik, niaren galera barne.
Irudika liteke, bada, hau baino identifikazio beteagorik? Horrexegatik da Aresti euskal poeta nazionala eta horregatik ari da, nazio ukatu hau legez, behin eta berriro indar berriz plazaratzen, beti ere galdera berbera eginez:
“Esan noiz garen izanen gure
Etorkizunen jabeak”.
OHARRAK: 1.- “Euskeraren izen poetikoak” hitzaldia Hemanin, 1966. Susa, 1986, 10. liburua, 86. orna. 2.- “Harri eta Herri “, Susa, 2000, 93. orria. 3.- Idem, 95. orria. 4.- Idem, 105. orria. 5.- Aipatu hitzaldian, 91. orria. 6.- “Harri eta Herri”, 89. orria.
Izena eta izana
Jon Gerediaga
Asier Urkiza
Amok
Stefan Zweig
Nagore Fernandez
Auzo madarikatua
Felix Urabayen
Jon Jimenez
Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Amaia Alvarez Uria
Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga
Joxe Aldasoro
Bisita
Mikel Pagadi
Mikel Asurmendi
Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Asier Urkiza
Eresia
Goiatz Labandibar
Nagore Fernandez
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren
Mikel Asurmendi
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Jon Jimenez
Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide
Paloma Rodriguez-Miñambres
Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga
Mikel Asurmendi