kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Biolinaren jatorria / Jon Aiastui / Elkar, 2004

Biolinaren jatorria edo Poesiari buruzko e-posta hamasei puntutan Juanjo Olasagarre / Volgako Batelariak, 2005-11-24

1—Niri liburu hau gustatu egin zait. Poemez ari naiz, ipuinak ez zaizkit batere interesatu, orokorrean ipuin gutxi irakurtzen dudalakoz eta, ondorioz, ez naizelakoz ipuin irakurle ona. Ez dut uste, gainera, ipuin hauek “Cuencak”, “Eguzkiak jotzen duen aldetik”, “Biolinaren jatorria” ezer berririk ekartzen dutenik Gaurko Euskal Literaturara, to kritikokeria; poemak aldiz, nik azken aldian irakurritakoen bataz bestekotik gora daude; no; kritiko izateko horrelakoak bota behar dira.

2—Baina zergatik gustatu zaizkit poema hauek azken irakurritako gehienak baino gehiago? Edo bestela esanda zein da poesia irakurtzean dudan ustea? Nolakoa da nire paradisua?

3—Felipe Juaristirentzat, Diario Vasco-n Poetikak & Poemak liburuari egindako kritikan, nik interpretatu diodanaren arabera, behintzat, Poesia (Artea) oraindik ere sakratuaren eremua da. Edo bestela esanda, Poesia (orain genero gisa harturik) ezagutza bidea da, Filosofiaz bestelako bidea, baina bidea; Maria Zambranoren hitzetan: “poetak pisutasun bat arindu nahi du, ‘demonio’ bat, ‘exorzismo’ bat egin nahi du. Antsiaz gabetu nahi du, eta hori zen metafisikaren jatorria”. Beraz, Juaristik eta Zambranok diotena beste modu batera galdetuz: Heideggerrek beharrezkotzat jotzen zuen jainkoa (“Jainko bat behar dugu”, idatzi zuen, salbatzeko, ulertu beharko dugu) Poesiaren baitan ezkutatzen ote da? Nire erantzuna, zer nahi duzue esatea, astegunaren araberakoa da: astelehenetan ezetz uste izaten dut, igandea gerturatu ahala, aldiz, baiezkora makurtzen hasten naiz. Klaro, jainkoa Poesiaren baitan ezkutatzen baldin bada, Poesia bakarrik sakratuaren eremua baldin bada, poeta orakulua bilakatzen zaigu, eta hori, barkatuko didazue, ez dagokio eroso aste osoan aritzen natzaion nire buru honi. Ez horraatik.

4—Eta hala ere asteburuan ailegatzen delarik Biolinaren jatorrian ageri diren zenbait poemetan badago zerbait, metafisiko paratu gabe, ezkutua, arrazoiaz harantzagokoa, edo honantzagokoa, norberak erabaki beza, ezezaguna seinalatzen duen neurrian, sakratua. Esaterako:

BOST ARRAZOI
Badira bost arrazoi bertutetsu jokatzeko
(Lehena, bigarrena, hirugarrena, laugarrena, hura)
Eta bost arrazoi badira bekatuan aritzeko.
Badira bost arrazoi pozari eusteko
(Lehena, bigarrena, hirugarrena, laugarrena, hura)
Eta bost arrazoi badira oinazeak jota erortzeko.
Bost arrazoi badira berbetan igeri egiteko
Eta beste hainbeste behinbetiko isiltzeko
Bost burua botatzeko eta bost bizirik segitzeko
Badira bost arrazoi mila kilometro korritzeko
Eta beste hainbeste lekuan geldi geratzeko.
Galdera bakoitzak badu bere erantzuna
Eta igande orok dagokion kantua
Eguzkian bilatzen duenak
Ez du bi aldiz abestuko

Beno zergatik “hunkitu” nau poema honek? Zergatik utzi dit “zerbait” belarrian? Horrela, en plan glande esanda sakratuari buruz mintzatzen delakoz. Modu txikiagoan esanda, institutuko irakaslea naiz, diskurtsoa ez duelakoz modu koherentean azaltzen. Azter dezagun: izenburuko bost arrazoietatik, zeinak irakurleak aipatzea espera baitu, batere ez zaigu ematen. Areago irakurlearen espera azkeneko estrofako “eten”era gidatzen da. Horrezaz gainera paralelismoak daude, hitzen errepikapenak, anaforak eta abar salbu eta etena dugun azkeneko estrofa horretan. Pazientzia pixka bat, oraintxe doa azalpena. Hona Manuel Lekuona, Aozko Literatura (Laburpena), Kardaberaz Bilduma: “Jakina da ‘majia-kultura’ deritzan kultura giroan, gauza bati eta haren irudiari balio bera ematen zaiela. Majia-kulturadun batentzat balio bera du gizon baten irudiak -imajinak- eta gizonak berak -bera edo beretsua.(…) Gauza baten izena, berriz, nolabait gauzaren beraren irudi bat da; gauzaren izenak eta gauzaren ‘izanak’ balio bera dute; izenak eta izanak badute elkarren artean zerbait balio berdin, zerbait batasun. Horregatik ez da harritzeko majia-giroan sortutako kopla batean, balio berdina izatea gauza batek eta haren izenaren antzeko den beste edozein izenek, edozein hitzek: adibidez, izarrak, lizarrak eta bizarrak. Hitz bitan: kopla haietan —majia-kutsudun kopla horietan— bertsoaren batasuna lortua dago, puntu rima bera duten edozein hitzen bitartez… Rimak berak —rima soil-soilak— ematen dio koplari bere batasuna”. Lehenago, liburu berean, Koplaren barruko “etena” kapituluan euskal kopletan dagoen etena aztertzen du. Berak beste adibide bat darabil baina ni honetaz baliatuko naiz Lekuonaren iritzia azaltzeko:

Haltzak ez du bihotzik,
ez gaztanberak hezürrik;
enian uste erraiten ziela
aitunen semek gezurrik

Diskurtsoaren koherentzia aldetik hasierako bi bertso lerroak hartzen baldin baditugu eta azkeneko biekin alderatu, erabaki beharko dugu ez dutela ezer ikustekorik goikoak behekoekin, eta, hala ere, entzuten ditugunean oso koherenteak eta kohesionatuak iruditzen zaizkigu, seguru aski, Manuel Lekuonak esan bezala, balio bera ematen diogulako, errima eta neurria zio, hasierako bertsolerroei eta bukaerakoei; berdinak egiten ditugulakoz, “buruak baino areago irudimenak” ulertzen duelakoz. Baina hala ere logikak esaten digu ez dela horrela, beraz magia eta logikaren arteko kontrastetik ohartzen gara kopla horrek zerbait ezezagun, enigma bat seinalatzen duela. Sekretua, orokorra, mitoari dagokiona, sakratua, en plan grande, Artea. Bide batez esanda “eten” hori jotzen du TS Elioten poesia modernoaren ezaugarritzat, poesiaz gehiago gozatzen baita “modu orokor batean eta ez-erabat ulertzen denean”.

Beno, beste hainbeste Aiastuiren poema horretan: ez bukaera, ez azkeneko estrofa ez datoz bat diskurtso logikoarekin, bost arrazoiak espero ditugu, paralelismoek, neurriak, hots kidetasunak hala iragartzen digute, baina beste zerbait datorkigu. Beraz, badago aditzera eman zaidan zerbait esan gabe. Baina zer ezkutatzen da? Heideggerren jainkoa? Sakratua? Poema eta astegunaren araberakoa da nire ustea.

5—Baina badago sakratasunik gure gizarte honetan? Sakratasunak erlijio bat behar du (edo gutxienez gizartea Ideia bakarraren inguruan bizitzea) eta gure gizarte honetan sakratasunaren konzeptua aienatu egin dela diote hainbat adituk, haien artean iragan autentiko zale euskal zerak. Arteak bete du, jarraitzen dute adituek (horiek ez beste batzuk) sakratuaren tokia Erromantizismotik hona baina uste dut toki hori ere galdua duela, sakraturik ez dagoelakoz, edo pribatua delakoz. Nola aditzera eman sakratua irakurleak sakratasunik ez duenean, edo sakratua pribatua izanik norberarendako gauza sakratuak desberdinak direnean? Irakurleak eta poetak egun desberdinetan ospatzen dute igandea.

6—Poesiaz ari garenean Esentziala izenondoa ugari aitatzen da. Ez dugu ekarriko izpidera Platonetik abiaturiko mendebaldeko filosofia idealista guztia zeinak esaten baitigu esentziaz eginak gaudela. Ez digu buruak hainbesteraino ematen, sinonimia ariketa xinple batekin konformatuko gara: esentziala: sakona, hitz gutxikoa, Egia esaten duena, azalik gabea, mamia, ideia, asko luzatuz, minimalismoa eta abar. Ez naiz ironiko jarriko. Astegunaren araberakoa da nire sinestea… Adibidez:

GORPUTZA EMATEN JAKIN
Gorputza ematen jakin,
Ez hitzak
Gauaren gaua dasta
Ez hitzak
Gaua
Eta ez hitza.
Goazen,
Eta ez hitza.

Esanahiari begiraturik poema ez dator bat esentziala hitzaren inguruan erabiltzen den esanahiari loturik, ez dagokio izanari, ez da sakona… Larrua jotzeko gonbidapena baino ez da poemak esaten duena baina, hala ere, nik esentzialtzat joko nuke, hitz gutxitan asko esaten duelakoz. Seguru asko oker ari naiz izenondoarekin baina horixe da uste dudana. Aditz laguntzailearen ezabaketan eta neurrian dago seguru aski “trikimailua”. Egin dezagun froga:

GORPUTZA EMATEN JAKIN
Gorputza ematen jakin ezazu
Eta ez hitzak ematen (jakin ezazu)
Gauaren gaua dasta ezazu
Eta ez hitzak ematen (jakin ezazu)
Gaua (ematen jakin ezazu?)
Eta ez hitzak(ematen jakin ezazu)
Goazen
Eta ez hitza.

Desegin egin dut, badakit (barkatu Aiastui), baina onartuko didazue laguntzailea paratuta ez duela berdin “funtzionatzen”. Poemak, originalak, badu, esan bezala, neurriaren oso erabilera trebea, esentzialtasun hori, azpimarratzen duena. Horregatik uste dut poema ona dela.

7—Poesia ez da bakarrik esentziala, esentzialtasun horretan, Felipe Juaristik lehen aipatu kritikan dioenaren arabera, poesia, dena da, muturrak biltzen dituena, oro hartzen duena. Poesiak errealitatearen errezela urratu eta benetakoa, Egia (ze matraka Egiarekin errealitatea interlokutoreen arteko adostasun koginitiboan oinarritutako zera dela erabaki denean) azalerazten du: Auden, Valery-ren poesiari buruz: “berezko argizkoaren ospatzea, zirkunstantzia oroz gabetua eta batere kutsu profanorik gabea”. Hitz xumeagotan jainkorik badela eta jainkoak sortu mundu horren ordena poema batera errendi daitekeela. Analogia, alegia. Hara:

JAINKO ETA EMAKUME
Jainko eta emakume
Biluzi biren irudiak
Eta, ondoan,
Komentario bat:
“Ez da gauza bera”
Argazki azkar bat,
Irribarrea,
Eta, ondoren,
Gogoeta:
“Ez da egia”
Bizitza oso bat,
Jainko eta lagun ugari,
Eta, gainean,
Hilarri bat,
Zuri-zuria.

Robert Gravesentzat poesia guztia Jainkosa Zuriaz aritzen omen da. Laztu zaizkizue ileak? Begiak busti? Bizkarrezurra dar-dar hasi? Gizon homosexualek zer egiten dute, jainkosa Apolo bihurtu? Jai eguna da gaur.

8—Ironia: badira liburuan beste modu batez egindako poemak: poesiaren eginbehar gora hori, sakratua seinalatu, alegia, zalantzan jartzen duen poesia.

ÑABARDURAK
Hizkuntzak ere bere ñabardurak baditu
Gaur batek esan du: nora zoaz?
Beste bati entzun diot: Nora zoaz?
Telefonoan lagunak: Nora zoaz?
Oherik beso batek: Nora zoaz?
Gero galdera bera egin diot nire buruari
Eta beste goxotasun bat bazeukan.

Badirudi azkeneko bertsolerroak, “goxotasun”, irribarre egiten diela “Nora zoaz” horiei guztiei, hizkuntzaren, “ñabardurak”, balio izendatzaile guztiari.

9—Rikardo Arregi Diaz de Herediaren hitzak jasoz zera dio Felipe Juarisitik: “Esaten ez dudana da esaten dudana”. Paradoxa bat, alegia. Wittegensteinek zera dio: “esan daitekeen oro argiro esan daiteke, eta hitz egin ezin daitekeenari buruz, isildu egin behar da”. Ez gara proposizioaren lehendabiziko parteari buruz arituko (hemen gutxi praktikatzen dugula argi dago, are gehiago poesiaz hitz egiten dugunean), baina bai bigarrenari buruz: Sakratuaz ezin da hitz egin. Beraz, poesiak, “esaten ez duena esaten duenean” ez du esaten, aditzera ematen du, edo seinalatu egiten du, baina esan, ez du esaten; esan ahalko balu jada ez litzateke sakratua izanen, ez ezkutua, ez esan-ezina, ez jainkoa: beraz: “esaten ez dudana da seinalatzen dudana” edo “esaten ez dudana da aditzera ematen dudana”.

HAMARGARRENA
Gorde-gordekan ari zirela izan zen.
Batzuek baserri ostera alde egin zuten;
Bestetzuek, berriz, ortuko harresirantz,
Apeen aldera, automobilen gurpilen kontra.
Marroak ia denak aurkituta zituenean, baina,
Hura artean irten barik zegoela ohartu ziren.
Haren korrikaldiaren zain luze egon arren
Ez zitzaien inondik inora agertu, eta azkenik
Eurek jo behar izan zuten hortaz haren bila.
Ez zegoen larreko berdetan, ez sukaldean,
Ez itoi, ez pozaren barruan.
Ez belar azpian, ez teilatu gainean;
Ez izar ostean, ez haize aurrean.
Ez zegoen.
Ez zen etorri.
Bederatzi haur dardarka munduaren zentroan.

Ikus dezagun: istorio antzeko bat kontatzen zaigu, poeman zehar, norbaiten bila ari dira. Eta gero tarte hutsen ondoren laburpen antzeko bat ematen zaigu: “bederatzi haur dardarka munduaren zentroan”. Non dago tituluko hamargarren haurra? Beno, ba, tarte zurian, elipsian, esan-gabean. Poemak, nire irudiko, heriotza seinalatzen digu heriotza aipatu gabe. Hesitu egiten digu heriotzari dagokion esparrua, larre bat hesitzen den moduan… Nolako hesia halako poema.

10—Laura Riding-en poesia guztia aritzen omen da zerari buruz: “esatean” zein zehazgabe esaten dugun. Edo beste modu batez esanda hizkuntza eta gauzen artean zein tarte dagoen, eta zer tresna kaskarra den hizkuntza mundua izendatzeko. Beraz, poesiak izendatzean mundua sortzen duelako sinestea Jesukristoren Berpizkunde egunerako utziko dugu. Hala ere, batzuetan…

GEZI LAKOAK
Egia da begiradak gezi lakoak direna:
Batzuetan ituan jo
Beste batzuetan okertu
Eta, ia beti,
Arkuak berak lurretik jaso behar.

Bai, badakit esageratzen ari naizela.

11—Batzuendako Esperientziaren poesia-eta tarteko, poesiara narratibitatea txertatu izanak poesiari kalte egin dio. Poesiara narritibitatea ekartzeak argumentua, narratzailearen ikuspuntua (koherentea), denboraren antolaketa, errealitatearekiko erreferentzia, prosarekiko hubilketa poeman txertatzea esan nahi izan du. Baina ezaugarri hauek guztiak poemetan zeuden Grezia Klasikoko garaietatik. Kontua da beharbada, 80 hamarkadatik hona ezaugarri horiek betetzen zituelakoz edozein txorrada jo dela poematzat. Beno liburu honetan badaude poema narratiboak, neurri batean, “esentzialak” bezainbeste gustatu ez zaizkidanak,

LOGELA. BARRUALDEA. EGUNEZ
Neska ohetik jaiki eta alkandora janzten du.
Leihoraino hurreratu, gortinak doi zabaldu
Eta portuari begira geratzen da.
Barku ohiak. Olioa. Gerizpeak. Eskulturak.
Mahai gainean, kaierak eta liburuak.
Bat eskuetan hartu eta ertza laztantzen hasten da.
Bihar noa, dio. Bere lekuan uzten du liburua.
Baldin bazoan, utzi hemen zure gorputza,
Pentsatzen du gizonak. Baina ez du esaten.
Lurrean dagoen koltxoitik jaiki, neskarengana hurbildu
eta atzetik besarkatzen du.
Musua lepoan. Beste belarrian. Ilean. Tristuran.
Neska orduan tokitik mugitu
Eta sukaldeko atetik irteten da.
Itzuli da. Gizona lehio ondoan dago oraindik,
Airea laztantzen, neska handi joan izan ez balitz bezala.
Ileari fereka. Lepoan musuka. Alkandora eranzten.
Osorik jantzi, maleta bildu eta bertan utz dezake hiria.
Lehioraino hurbil daiteke eta gizona atzetik besarkatu.
Edo airean laztantzen ari den figuraren tokia hartu.
Baina ez du ezer egiten. Ez du ezer esaten. Ez daki.
Neska ilegorria zutik figura garden bati begira.

Poemak irabazi egiten du denbora marka eta errealitate zedarriak ezabaturik daudelakoz, ihes egiten diolakoz prosaren ezaugarriei eta zinema gidoi baten estiloaz baliatzen delakoz. Poema mota honek ez du horrenbeste fede behar. Errax-errax irakur daiteke aste egunez.

12—Erabilgarritasun eza: zorionez poesiak ez du ezertarako balio, eta dena baliotan neurtzen duen gure kultura honetan horrek asko balio du. Valery, berriz ere, poesiaren balioa eta dirua konparatuz: “moneta: egunero erabiltzen dugun txanponak beste zerbait esan nahi du, eros ditzakegun gauzak, demagun, aldiz, poesiaren hitzak beste garai bateko urrea bezalakoa dira. Balore metalikoa eta balore monetarioa bat datoz”. Hortik ez dakit noren, uste dut Benn izan zela, “poemak ez du ezer azaltzen, poema izan bada”.

13—Zentzu honetan Audenendako, poetaren tresna, publizitate egilearen, demagun, tresna bera denez, poetaren zeregin nagusia tresna hori, hizkuntza, alegia, garbitzea eta toxikagatzea izanen da. Nire irudiko poeta the man next door denez (Ene Segurolak segurolatuko nau!) poetaren zeregina Zabor Birtziklatzailearen lana izanen da Audenen iruditik tiratuz. Valeryren kasuan, aldiz, New Yorkeko Broker “zintzoa”.

14—Laburtuz: Biolinaren jatorria liburuko poemak gustatu egin zaizkit, “Nongo Nor” partekoak, “Argia eta itzalaren artean” partekoak baino gehiago. Jon Aiastuiren poemek ez dute balio errezitatzeko, ez lukete ongi emanen antologia batean, zailak dira ez dutelako esaten, adierazten, seinalatzen baizik. Nork nahi du seinala diezaioten esan beharrean? Zertarako Poesiaren Egia errealitatea adostasun kognitibo xamur, xuabe eta xumea baldin bada? Utikan.

15—Izen handien pilaketa blogaren maila mantentzeko egin dut, ospe bat lortua dugu, dagoeneko, eta norbera fidel izan behar zaio bere irudiari. Jakina ez ditut denak irakurri. Nork irakurri du, eta ulertu, Heidegger?

16—Bukatzeko Batelariok autozitara jotzen hasi garenez besterik gabe ekarri nahi ditut hona lehen aipatu Rikardo Arregi, Ibon Egaña, Angel Erro eta, last but not least, Iban Zaldua. Bihar jai egun handia izan daiteke.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak