kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Neguko zirkua / Harkaitz Cano / Susa, 2005

Neguko zirkua Beñat Sarasola / EremuLauak.com, 2005-10-22

“Ez zaie errazegi jarri behar” izena du ipuin-bilduma honetako ipuinetako batek. Ez zaizue errazegi jarri behar, ematen du esaten diela Harkaitz Canok liburu hau eskuartean hartzen duten irakurleei. Bada, badirudi Canok bere irakurleak gaizki heziak eta gaizki ohituak zituela, eta hori aldatu beharra zegoela pentsatu zuela ipuin hauek idatzi aurretik; irakurleari traba gehiago jarri behar zitzaizkiola alegia.

Izan ere, txundigarria izan da Harkaitz Canok gazte-gaztetandik izan duen idazteko erraztasuna; prosa aberats baina ulerterraza, hunkitzeko gaitasun eta imajinazio ikaragarria. Liburu honetan, baina, zailagoa izango da horrelako ezaugarriekin topo egitea. Prosa aratz eta ulerterraz hark bidea ireki dio idazkera indartsu eta gordinago bati. Ipuin hauek, besteak beste, idazkera gogorra lexiko aberats eta ederraren etsai ez denaren froga garbia da, zeren, Canok beti izan duen hitzak mimatzeko joera oraindik gehiago landu, eta ortodoxiatik aski urrun dagoen sintaxi batekin uztartu du. Dotorezia adierazkortasunik galdu gabe. Esaldi luze bat eta gero hiru hitzetako beste bat, narrazio erritmoa bizkortuz eta motelduz; narrazio pusketaz osatutako ipuinak, elkarrizketak paragrafo artean txertaturik, marrarik gabe. Bestalde, amaiera borobil gutxiago ere bada; eta horrela, ipuin batzuetan irakurlea azkeneko orrialdearen bila ibiliko da, amaiera falta delakoan.

Ez zaie errazegi jarri behar. Sinbologia exotiko gutxiago, gerra gehiago (Mundu Gerrak, Irailaren 11-a, Martxoaren 11ª…), aipu literario gehiago (Cortázar, Mirande, Carver, Kafka, Hemingway, Fitzgerald, Joyce, Vallejo…), zantzu autobiografiko gehiago (bost ipuinetan narratzailea idazlea da). Canoren ohizko irakurlea apur bat desengainatuta sentitu daiteke zenbaitetan, behialako magia eta erasateko ahalmena falta zaielako ipuin gehienei (lehen irakurrian bederen); narrazio hauetan gauzak ez baitaude lehen bezain agerian, letra artean gordeak baizik. Irakurleari egokituko zaio, honenbestez, arakatze lan hori (ez zaie errazegi jarri behar) eta ezkutuan lagatakoak kausitzea erdiesten badu (jakina, ez dena beti lortzen) zinez eskertuko du hauek hasi-hasieratik aurrez aurre eduki ez izana.

Ez da harritzekoa izango, beraz, tarteka sobera esanguratsuak iruditzen ez zaizkigun ipuinekin topo egitea. Gaitzerdi. Hor izango ditugu ipuin horiek etorkizunean ere, euren letren arteko horiek aurkitzen jarraitzeko esperoan. “Argentinar lotsatia”, “Elephant Terrible”, “Aulkien Historiako une estelarrak”, “Kare zurizko hormara itzuli” edota “Berlin Monogatari” Canok inoiz argitara eman dituen ipuin onenen artean kokatzen dira ezbairik gabe.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak