kritiken hemeroteka

8.749 kritika

« | »

Neguko zirkua / Harkaitz Cano / Susa, 2005

Objektuen lirika Ibon Egaña / Berria, 2005-10-25

Agian hau esatea boutade bat da, baina literaturaren (oro har artearen) eta bizitzaren arteko harremana arakatzea, hari horiekin jolas egitea izan da eta da Harkaitz Canoren literaturaren oinarri eta funts nagusietakoa. Bizitza nola artean sartzen den gogoetatzea, eta, batez ere, artea bizitzan eta errealitatean nola infiltratzen den, berau itxuraldatuz. Errealitatearen eta bizitzaren kontzeptzio barne-muinetaraino estetikoa baita Canoren literaturak eskaintzen diguna: esteta baten begirada. Hainbesteraino non bilduma honetako zenbait ipuinetan bezala, errealitate sozio-politiko mikatzera hurbiltzen denean ere (Itoizko urtegiaren edo martxoaren 11ko atentatuen gaira) errealitatearen alde estetikoa, ia-ia plastiko eta bisuala azaleratzen baititu.

Errealismotik ezer gutxi duen Canoren begiradak objektuak ditu jo-puntuan ipuin-liburu honetako narrazio askotan. Aulkia, ogia, sofa, eskularrua… objektu arruntak aski ditu estetaren begiradak arruntasunetik atera eta balio artistikoa ez ezik esangura sakonagoa ere emateko. Hala, objektu eta elementu desberdinen konbinazio ustez ausazkoetatik sortzen da ipuinerako lehengaia, kasualitatezkoak diruditen konbinazioen ondorioz. Bernardo Atxagak oroitzen zuen Groenlandiako lezioa-n bere belaunaldiak Borgesekin zuen zorretako bat zela kausalitatea ulertzeko modu berri hura, magikoa deitu izan dena, eta zor hori berritzen du Neguko zirkua-k ere, Canoren narratiba gehienak bezala. Horrekin batera, definitzen zaila den hizkuntza poetikoak, estiloak egiten dute berezi Canoren mundu narratiboa.

Alabaina, errealitatearen pertzepzio estetikoan, hizkuntza poetikoaren edertasunean edo kausalitate magikoan oinarritzen den narratibak badu arrisku bat, hots, efektismoan, akrobazia soilean geratzekoa. Estilo berezkoa eta markatua izatearen ajeak, agian. Eta irudipen hori zuen irakurle honek Telefono kaiolatua liburuko zenbait ipuin irakurtzean, irakurketaren gozamena maila azalekoan geratzen zela, eta baita Neguko zirkua honetako zenbait narrazio leitzean ere (“Aulkien Historiako une estelarrak” edo “Literatura unibertsala eta ozeanoa”). Dena den, badira estilo transferiezin, prosa berdingabe eta erritmo narratibo arras lortuaz gain atzean istorio zirraragarriak, barnera heltzen diren gizon-emakumeen gaineko kontakizunak dituzten ipuinak ere, eta puntu horretan lortzen du liburuak (eta Canoren literaturak) goren gradua eta maisutasuna. “Argentinar lotsatia”, “Houdiniren anaia” edo “Ez zaie errazegi jarri behar” dira horren lekuko. Heriotza, gaixoaldia, bakardadea, bizitzaren ifrentzuak ateratzen dira orduan azalera, hondoa jotzera iristen ez den arrats-berako dekadentzia erdiragarri batez, Carver eta Canoren beste maisu estatubatuarrak gogora ekarriz.

Baina bada besterik ere, ez baitira eite berekoak liburu honetako narrazioak. “Gu ohartu gabe bizi gaituzten garaiotan, lausotu egin da, nire iritziz, ipuinaren eta, ipuinaren eta saioaren, saioaren eta poemaren, artikuluaren eta poemaren arteko nahasketa den artefaktu literarioaren arteko banalerroa”, zioen Canok autopoetika moduko testu batean, Neguko zirkua-n zekarrena aurreratuz edo. Ipuinak poema traza hartzen du une iheskorra harrapatzen duen testu lirikoa denean; saioarena literaturaz gogoeta egiten duenean, ipuin bainoago artefaktu bihurtzen delarik. Halaber, Belarraren ahoa-n antzematen hasten zen metafikziorako eta metaliteraturarako joera berresten dute “Oin hotsak goiko solairuan” vila-matastarrak eta beste hainbat narraziok, literaturaren gaineko literatura eginez eta fikzioaren bidez sorkuntzaren gaineko gogoeta bideratuz; eta begitantzen zaio bati izan lezakeela agian etorkizunean sormenerako bide oparoa hor Harkaitz Canok. Bitartean, gure ipuingintzaren zenbait harribitxi biltzen dituen Neguko zirkua-rekin geratzen gara.

Azken kritikak

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak