kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Mutuaren hitzak / Hasier Etxeberria / Susa, 2005

Damian, tuku-tuku Iñigo Roque / Gara, 2005-11-12

Damian Arrutiren bigarren liburua ekarri digu Hasier Etxeberriak, Eulien bazka argitaratu eta urte bigarrenean. Aurreko liburua, “Abiadura Handia”ren garaikoa izan zen, bizimodu hertsagarrikoa; eta bigarren hau, berriz, “Abiadura Geldoa”rena. Damianek beste ikergai bat dakarkigu: aurreko liburuan, Damianen andrearen desagertzea izan zen, eta orain, Senpere izokin-arrantzalearen heriotza.

Mutuaren hitzak hilotzarekin abiatzen da, honelako eleberrietan arruntean gertatzen den bezala, eta hurrengo hiru ataletan atzera begiratzen du, Damiani ebakuntza egin ziotenetik Arizkunera aldatzen den artekoak aletuz. Horrenbestez, egileak liburuaren zati ederra ematen du aurreko liburuan ebazteke geratu zirenak argitzen.

Pertsonaien eleberria da, pertsonaia bakoitzak badu bere tartea eta mamia, eta gertakizunak eta egoerak ekartzen ditu. Iraganeko ezagunak azaltzen dira: Urrutikoetxea komisarioa eta Lupe maitale izandakoa; bai eta ihesaldian, Arizkungo pausalekuan, kausitutako lagunak ere: Leon Karrika pintorea, Joaquin Aldaz handikia, Anton Apezetxea ospitalean Damianekin batera gelan egondako agure agota… Bakoitzak bere istorioa du, bere zer kontatua, idazleak nahi duen berbakizuna: artea, homosexualitatea, harremanak, bizimodua, neurriz gaindiko garapena, arkitektura, eta botanikarainokoak. Horiek guztiek Damianen baitan egiten dute bat.

Damian, zakarra, galdu-gordean ibiltzen da liburuan, nondik jo bilatu nahian eta, bide batez, egunerokoari buru egiten. Hasierako baretasun bukolikoak estali egiten ditu jendarte guztietan ernatzen diren miseriak. Baztan, pertsonaietako batek dioenez, “parke tematikoa” da Damianentzat, “behi, ardi, erreka garbi eta guzi”.

Hasier Etxeberriak bere betiko antzeak erakusten ditu liburuan. Ironia fina darabil; esate baterako, Damianek, ebakuntzaren ondoan mutututa, agure elebakarraren interprete izan behar du, Iruñeko erietxean. Artista askoren lorratzak ere sumatzen dira: Izagirreren Metxa, Sarrionandiaren ziegako armiarma, Oteitzaren firfirak (golf-zelaia)… Nabarmendu behar da, berebat, zer trebe erabiltzen duen hizkuntza Etxeberriak, esamolde berriak eratuz; adibidez, “sasonarria bezain geldirik”. Horiei guztiei esker, liburua dotorea da, estetikoki oso atsegina.

Aipatzekoa da, bestetik, zein egoki antolatzen den kontakizuna hiru ahotsetan. Lehen pertsonan, Damianek ospitaleko egonaldian hasitako kaierreko hitzak ageri dira, mutuaren hitzak. Bigarren pertsonan, Damianen beste mintzo bat azalduko da, bere burua oso estu hartzen duena (“Hau ere neuk kontatzea hobe, ezta Damian?”). Mailukaden kadentzia lortzen du ahots horrek pasarte batzuetan, eta musika lako paragrafoak eskaintzen. Atal batzuk hirugarren pertsonan ere ematen dira, batik bat egoerak eta lekuak aurkezteko.

Heriotzaren inkestak ez dauka garrantzirik, aitzakia hutsa da, iragana eta bizimodu berri gurakoa uztartzeko. Areago, ikerketaren emaitzak eta urratsak nahiko lausoak gertatzen dira —aurreko liburuan legez, bestetik—, eta guztiz argitu gabe geratuko dira liburuaren akaberan. Ez dago guztiz ondo ildokatuta ikerketa eta Damianen zaletasun berria (botanika) lotzeko bidea, eta irakurlea galdu egiten da, edo ez dio arretarik egiten Lakoizketaren istorioari (XIX. mendeko botaniko ezaguna). Hala eta guztiz ere, liburuaren asmoa ez da hori; ezin izan daiteke, behintzat. Nahitaezko betekizunak dira. Damian da liburuaren mamia, eta, ororen gainean, Damianen krisia. Damian tuku-tuku, atseden hartu zale, Arizkunerat gan, eta batere gabe.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak