kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Elektrika / Xabier Montoia / Susa, 2004

Elektrika Maider Urnieta / Luma berrien eleak, 2005-05

Elektrika liburuarekin azkendu du Xabier Montoiak Hilen bizimoldea trilogia. Hezur gabeko hilak eleberria idatzi zuen lehenik, eta Blackout izenekoa bigarrenik. Gerra kontuak jorratu ditu hiruretan, eta batek baino gehiagok pentsatuko du, agian, bertsolariei batzuetan gertatzen zaien hori gertatu ote zaion Xabier Montoiari ere; alegia, hiru bertso bota behar, eta lehenengo biak bete-beteak izan direnez hirugarrenean bete-lanean aritu behar izan ote duen. Lehenengo bi liburuetan ez du, ordea, gaia agortu, eta eman dio hirugarrena poliki egiteko ere. Ez da sumatzen, hortaz, trilogia egin behar bat. Hala ere, antz handia dute hiru liburuek.

Hiruretan erakutsi dizkigu gerraren bidegabekeriak eta ankerkeriak; errealismo gordinez sentiarazi digu gerraren gogorra hiruretan; bakardadea eta traizioa ekarri dizkigu begien aurrera, eta muturreko egoeretan gizakia zein makurra den erakutsi, orrialdez orrialde; baina liburu batetik bestera aldatu egin du gerrari argazkia ateratzeko fokua. Trilogia honetako lehenengo bi liburuetan, Jean Etxegoien miarriztarra da protagonista. Lehenengo Mundu Gerran dabil aurreneko istorioan, alemanen aurka lubakietan borrokan; bigarrenean, Bigarren Mundu Gerrako Paris okupatuan aurkitu genuen, alemanen alde kazetari lanetan. Trilogia osatzeko, ordea, Jean Etxegoien semea hartu du protagonista Montoiak.

Jean Etxegoien semea ez da aita bezain gogorra eta zaildua. Baina, aita bezala, Frantziako Armadarekin joango da soldadu. Aljeriako gerran ibiliko da, nahiz eta soldadutarako jaio ez. Argazkilaria da, baina ez da gauza gerrako erretratuak egiteko. Goitika egiten du hango krudelkeriak ikusita, emakumeak nola bortxatzen dituzten ezin barrenduta, jende errugabea nola zapaltzen eta hiltzen duten ezin eramanda. Kontzientziak ez dio uzten kamerarekin ateratzen bere begi eder-minek ikusi nahi ez dutenik. Sentibera da, bizitzari argazkiak atera zalea, natura miresten duen poeta: “Natura kantagaitzat izan duzu beti, poeta bazina bezala”.

Baina Aljeriako ikuspegia latza da. Hango egoera krudel eta gogorrari ez dago kantatzerik. Idor eta antzuak dira hango lurrak, eta halakoak dira liburuan aurkituko ditugun deskribapen ugariak ere. Paisaia hotz eta ospelak erretratatu ditu Xabier Montoiak Jean Etxegoienen begietatik; hain ongi fokatuak eta hain garbiak dira liburuan deskribatutako argazkiak, ezen gu ere hotza, nekea eta gosea sentitzera iritsiko garen. Baina soldaduek itsu-itsuan bete behar dituzte nagusien aginduak, haien esanak zalantzan jarri gabe; eta ibili eta ibili egin beharko dute, eguna joan eta eguna etorri, nagusiek hala agindu dietelako beste arrazoirik eta motibaziorik gabe.

Gerraren eta hierarkia militarraren zentzugabekeria ederki azaldu ditu Montoiak liburu honetan. Zenbaitetan, begiak estali nahiko ditugu, ikusi nahi ez ditugun filmetako eszena bihotz-erdiragarrietan nola. Eta soldaduek alkohol-tabakoen antsia zergatik duten ulertuko dugu. Izan ere, beharrezkoa da alkoholak eta keak lausotuta izatea begiak, aldamenean adiskideak nola erortzen diren ez ikusteko eta gerrako zitalkeriei bizkar emateko. Azken batean, hori dute gerran irauteko modu bakarra, bihotz sentikorrak babesteko arma bakarra.

Jean Etxegoien ez da, ordea, gainerako soldaduen modukoa, eta ahultzat joko dute, alkoholik edaten ez duelako, bahitutako emakumerik bortxatzen ez duelako… Gerrak ez du aldatuko, eta tinko eutsiko dio bere jarrerari. Gerra baino gogorragoa izango da, ordea, bere aitaren ibileren berri jakitea…

Trilogiazale izan edo ez izan, hiru liburuak ezin hobeto girotu ditu Montoiak, zein baino zein gordinago. Orain zuen esku dago Elektrika honekin ausartzea; abisu emana dago: kontuz karranpak eman…

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak