kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Peter Pan / James Matthew Barrie / Alberdania / Elkar, 2005

Hiltzea sekulako abentura denean Karlos del Olmo / Berria, 2005-05-24

Sekula Betiko Lurraldea seintzaro galduaren lurra ei da. Itzultzaileena ere. Han, denak lausoa dirudi. Errealitatearen eta fantasiaren arteko muga beste inon baino ahulagoa da barruti hartan, jatorrizko testutik itzulira doan ugazabarik bako eremu gandutuan legez. Peterrek betiko iraun gura du ume, halere, umeen ohiko bizimodura itzultzen ahalegintzen da. Lortu ez, ordea. Itzultzaileak ere jatorrizkoaren altzora itzultzeko ahalegin eskergetan dihardu; kontsolamendu eta ondorio, Sekula Betiko Lurraldea baino ez.

Sekula Betikon jolasa eta gerra ia gauza bera dira. Itzulpengintzan legez, non berbazko jolasek lantzean odoljario mingarriak eragiten baitizkiote itzultzaileari. Hil hurrean jartzerainokoak ere. Itzultzea ez da jarduera neutroa. Ezin izan, gainera. Kako-oker hor nonbait egoten delako, zelatari, erasorako prest. Denboraren joan geldiezina irudikatzen dute Kakok eta krokodiloak; aldia, itzultzailearen etsairik ankerrena.

Nagusi guztiok ezin ikus dezakete Sekula Betiko Lurraldea. Itzultzailea ere ikusten gaitz gertatzen da sarri. Irakurle batzuk testu itzuliaren aurrean daudela ohartzen ez direlako. Argitaratzaile batzuk itzultzailearen izena ezkutatzen ahalegintzen direlako, itzultzailea, “berridazlea” dela ahaztuta. Ikusezin eskubide intelektualen aldetik ere, itzultzaileari behar bestean aitortzen ez dizkiotelako.

Peterrek lotsabako kukurruku jotzen duen moduan, mundura beldur barik agertuta, itzultzaileak ere hasi dira norgehiagoka. Itzultzea ez delako ekintza errugabea. Testu itzuliek kultura hartzaileko literatur modak, kultur politika, kanonak ere alda ditzakete.

Pan euskarazko hau osatzen duten bi lanotan itzultzailea ez da ikusezin gertatzen. Borroka eskerga egin behar izan duelako beste hizkuntzen bidez euskaldunongan erroturiko pertsonaia eta izen ezagunen aurka. Jatorrizkoaren enbaxadore, idazkari egiten da itzultzailea; haren ikusezintasuna aldezten dutenek hizkuntza handien hegemonia bultzatzen bide dute. Itzultzailea ikusgarri egitea, itzulpenaren aurrean gaudela agertzea erresistentzi estrategia moduko bat izango da hizkuntza txikiarentzat. Eta itzultzailearen eskubideak nabarmenarazteko modua. Itzultzea ez da idazlana berritik sortzea?

Peter askatasun betierekoaren ikur ez ezik, adinean aurreratu gura ez dutenen sindromea bataiatzeko izena ere bada. Konpromisorik eza ez da inondik inora itzultzearen ezaugarria: itzultzeak etengabe erabaki beharra dakar. Sekula Betiko Lurraldean Peterrek idorotzen duen askatasun menturazkoa bilatzen eta topatzen du itzultzaileak jatorrizko lana berridazterakoan.

Barriek idazle handiak zituen lagun: Conan Doyle, Woodehouse, Henry James…, ondo irabazitako izen ona. Asko idatzi arren, egun, halere, jende askok ezagun du umeentzat idatzi zuen antzezlan bakarragatik, duela urtebete mendea bete zuen ume horri esker.

Nor dugu Pan hura? Greziako Pan jainkoa? Basatarren leinuko bat? Pan eta Nartziso bat eginik? Gurasorik ezean, Peter bere buruaz maiteminduta agertzen da, autista samar inguruan eragiten dituen zirraren aurrean. Itzultzailea lan itzuliaren guraso gertatzen da. Eta ez sasiko aitaorde edo amaorde.

Julen Gabiria busti beharrean egon da itzulpen honetan, atertu barik hainbat itzulpen aukeraren artetik erabakitzen eta ekanduzko ipuingintzaren formetatik, ahozko literaturaren baliabideetatik edaten, ozenki irakurtzeko moduko itzulpena lortu du eta.

Peter Panek aldaezin dirau belaunaldiz belaunaldi, atzo egindakoaren ahaztura eta geroak ekarriko duenaren gaineko ezaxola dituelako sari… eta zigor, betiko “umeak alaiak, maleziarik gabekoak eta bihotzik gabekoak diren bitartean”. (H)i(tzu)ltzea sekulako abentura izango da, lagunak!

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak