kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Auzoak / Urtzi Urrutikoetxea / Susa, 2005

Bilbotarrak Ibon Egaña / Berria, 2005-05-17

Diote urbanistek hiriak osotasuna prometatzen diola hiritarrari (eta horregatik sortzen duela besteak beste halako lilura) baina eskura, funtsean, partzialtasuna baizik ez diola jartzen. Gaur eguneko Bilbo erretratatuko zuen eleberriaren proiektuarekin eskuratu zuen Urtzi Urrutikoetxeak Joseba Jaka beka; bi urte geroago publikatu dena, baina, ez da nobela, testu laburren bilduma baizik: batzuk ipuinak dira, besteek ez dute ipuinak behar lukeen trinkotasunik, badira elkarrizketa solteak.

Gure garaiotako hiriaren eta gizartearen ezaugarri saihestezina da zatikatzea, fragmentazioa, atalkatzea; eta nekeza da hainbeste partikulartasunen pilaketa den hiriaz nobela oro-biltzaile eta bateratzaile bat taxutzea. Agian, horregatik saihestu du Urrutikoetxeak nobela-egitura tradizionala, zatikakotasun hori hobeto islatzen duen (eta izaera horrek exijitzen duen) liburu-egitura baten alde. Egia da, dena den, idazleak ahalegin estimagarria egin duela gaurko bilbotarren ahalik eta esparru zabalena biltzeko, identitate eta bizitza partikularretatik hiriaren halako izaera bat marrazteko, betiere gizarte sektore apalenei lehen planoa eskainiz.

Nola hurbildu bestetasunera, alteritatera. Gaurko Bilboren egunerokoa jaso nahi duen idazleak nahitaez egin beharreko galdera da: nola irudikatu dakartarra, ijitoa, magrebiarra topikoan, postal-irudian eta klixean erori gabe. Liburu honetako kezka nagusietako bat ere hori dela dirudi, eta, ez beti, baina zenbait pasartetan lortu ere lortu du egileak bestetasun horretara modu inteligente eta sinesgarrian hurbiltzea (“Otxarkoagako azoka”). Alabaina, bestetasun horrekin batera euskararekiko kezka, eta euskal identitatearen ingurukoa ere oso presente daude Bilboko euskaldunei dedikatutako liburu honetan; kanpokoaren eta bertakoaren hurbiltzea, bateratzea da, gainera, Urrutikoetxeak narrazio hauetan bilatzen duena. Bateratze, uztartze hori, baina, batzuetan urrunegi eramana edo bortxatuegia iruditu zaio irakurle honi, pertsonaien hitzetan eta ekintzetan idazlearen nahiak errealitateak baino pisu gehiago balute bezala, sinesgarritasunaren kaltean (“Itsasontziak”).

Ez dut uste kronika hitz egokiegia denik liburu hau definitzeko. Esango nuke, gainera, fikzioan barneratu ahala, errealitatetik distantzia bat hartu ahala irabazi egiten duela liburuak; hala, ipuinaren generoan erraz koka litezkeen testuetan lortzen du liburuak gailurra, nire ustean. “1.600 kilometro”, “Basurtuko erietxean” edo “Azken bisita” ipuin hunkigarriek Pello Lizarralderen eta Jokin Muñozen ipuinen tentsioa eta giroa ekarri didate gogora, haien mailara iritsi gabe bada ere.

Nolanahi ere, osorik hasi eta buka leitu beharrekoa da liburu hau: pieza solteek liburuaren osotasunaren baitan funtzionatzen dute, ez bestela. Nostalgiaren ertz-ertzean egon arren, orekari eusten dion giroak (Migalarena izan liteke musika egokia) edo testuen arteko hari eta keinuek (hasieran bukaeran baino gehiago) batasuna ematen diote obrari, eta amaitutakoan, batek sentsazioa du Bilbon bertan izan dela eta hiritarren sukaldeetaraino sartu dela liburu hau eskuan. Lehen narratiba lan batean barkagarriak (eta barkatu apaiz hizkera hau) diren irristak gorabehera (generalizazioak, testu atalen lotura behartuxeak), Urrutikoetxeak lehen urratsak sendo egin ditu narraziogintzan, eta hurrengoen zain geratu gabe ere eskaini digu dagoeneko biribila izan gabe ezohikoa, landua eta aberatsa den “Auzoak”.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak