kritiken hemeroteka

8.766 kritika

« | »

Parisen sabela / Emile Zola (Karlos Zabala) / Elkar/Alberdania, 2005

Parisen sabela Iñigo Roque / Gara, 2005-05-14

Klasikoen iruzkinak egitea beti izaten da beldurgarri, erudikzioa eta jakituria erakutsi behar izaten baita. Beraz, ez naiz bide horretik ibiliko, ez irakurlea nekaraziko naturalismoa zer den azaltzen…

Zinema-kamerarik ez zen garaian, Zolak xehe-xehe deskribatzen dizkigu Parisko azokaren ingurukoak. Salgaiak, lanbideak, eginkizunak… guzti-guztiak aletzen dizkigu, kameraz jasota legez, Eugène Atget-en argazki zuri-beltzak baino biziago, irakurleak pertsonaiak bizidun sumatzen baititu. Lekuak eta pertsonak hala deskribatzea zen, hain zuzen, Zolaren asmoetako bat, metodo zientifikoa letretara eramanez. Hala ere, Zolaren subjektibotasuna, nahitaez, azaleratzen da, eta juzku moralak ez dira falta liburuan.

Horrez gain, liburua eleberri historikoa da. Karlos Zabalaren itzulpen bikainak erabat eguneratu digu liburua, atzo goizean idatzita bezalaxe utzita. Gizarte hartan bizi izandako Zolak, 130 urte geroago, gure garaikoei kontatzen die nola bizi zen jendea Les Halles-eko azokaren baranoan, zer antsia zituzten, zer nahikunde. Itzultzailearen laguntasunik gabe ere, Zolaren liburuei ez darie zahar hatsik; oso txukun zahartzen dira, adituek diotenez.

Liburu soziala da, gizartean eragiteko asmoa zuelako. Orduko pertsonaia iraultzaileen galeria ageri zaigu; batzuk oso ezagunak (komunistak eta sozialistak) eta beste batzuk guztiz ahaztuak (Charvet, adibidez, hebertista gillotinazalea). Industria-gizartea sortu berritan, jende xeheak zituen kezkak eta ekonomia-sistema berriak ereindako bidegabekeriak ez dira hain urruneko guretzat, eta oraindik loratzen dira. Benetan interesgarria da ohartzea zer jarrera duten pertsonaiek diruarekin. “Dirua bizitzeko behar delako maite dugu, beste arrazoirik ez”, esango du pertsonaietako batek; zintzoa bera. Baina gehienak haren usainean ibiliko dira gau eta egun; batzuk senideak hiltzeko irrikaz, herentzia jasotzeko.

Komediatzat ere har liteke liburua. Umore beltza eta kaleko umorea barra-barra ageri dira; neurriz erabilita, hala ere, kontakizunari dagokion erritmoa emateko. Azken batean, Florent, pertsonaia nagusia, heroi irrigarria da, eta haren iraultza ameskeria hutsa.

Istorioaren hariari, erraz-erraza itxuraz, ezker-eskuin ateratzen zaizkio adarrak, baina beti enborrari loturik. Funtsean, liburuan kontatzen da nola itzultzen den gizon gazte bat Parisa, erbestean hainbat urte eman eta gero. Gazteak (Florent du izena) Guyanako presondegi batetik ihes egin du, eta Parisa heldu da, bere familiarekin elkartzeko asmoz. Pertsonaiak sartu-irten ibiltzen dira liburu osoan, baina ez nahierara; izan ere, Zolak maisukiro erabiltzen du pertsonaien joan-etorria. Irakurleak pertsonaiak lehenbizi “ikusi” egingo ditu hegaztien pabilioian edo okelarenean; eta kapitulu bat aurrerago, edo bi, hobeto ezagutuko.

Gaur egun, ez dago burdinurtuzko pabiloirik Les Halles-en, 1969. urtean Pariseko bazter-auzo batera eraman baitzuten hiriko azoka nagusia. Eta Zola Panteoian ehortzita dago, itzal handiko beste frantses askorekin batera. Ubi sunt? Hor daude, eta liburu honetan ere bai. Guri ez digute ardura izango Zolaren asmo teorikoek. Esan ere ez dizuet egin “Rougon-Macquart familia: Familia baten historia naturala eta soziala Bigarren Inperioan” saileko hirugarren liburua dela Parisen sabela. Eta determinismo genetikoa ere bazter utzi dugu. Asmoak asmo eta abiapuntuak abiapuntu, Zola alimaleko idazlea zen, eta hemen duzue horren froga distiranta.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak