« Neurona, zeurona… geurona den hizkuntza | Indarkeria dela-eta »
Maitea / Toni Morrison (Antton Garikano) / Elkar / Alberdania, 2005
Dana emon biar yako Gotzon Hermosilla / Berria, 2005-04-26
Hasieratik esan dezagun: Toni Morrison (Ohio, AEB, 1931) euskaraz irakurri ahal izatea erabateko luxua da euskal irakurleontzat. Lehenago ere, Alberdaniak eta Elkarrek argitaratzen duten Literatura Unibertsala izeneko itzulpen sorta honek gozatu ederrak eman dizkigu, baina ez dut uste alferrikakoa denik berriro ere Pernandoren egiak errepikatzea. Behin baino gehiagotan berba egin da honen moduko itzulpenek euskararen normalizazioari ekartzen dioten onuraz edo gure idazleen esku jartzen dituzten baliabide eta erreminta literarioen balioaz. Hala da, ez dut nik ukatuko. Baina, literaturzale eta irakurle soil garenon ikuspegitik, honen moduko liburuak esku artean eduki ahal izatea espero gabeko opari ederraren parekoa dela begitantzen zait, eta hori, nire ustez, ez da behar bezala nabarmendu. Azken finean, horixe baita, bestelako kontuak gorabehera, literaturaren zeregin nagusia: irakurleari pentsaraztea, gozaraztea, sentiaraztea.
Beltza eta emakumea da Toni Morrison. Hara hor Pernandoren beste egia, begi bistakoa dena baina ezinbestez aipatu behar duguna. Izan ere, AEBetako beltzen komunitatearen historiara, oroimen kolektibora dzanga egiten du Morrisonek, perla bilatzaileen antzera. Ur azaletara bueltatzen denean, bere herriaren mendetako sufrikarioaren berri ekartzen digu, esklabotzaren eta umilazioaren fruitu mingotsa. Eta eme ahotsez kontatzen digu oinazez beteriko istorio eder bezain krudela.
Anton Garikano itzultzaileak hitzaurrean dioskun legez, hainbat irakurketa izan dezake eleberri honek. Garikanok horietako batzuk proposatzen dizkigu: mamuen istorioa, kontakizun errealista, maitasun-istorioa, eleberri politikoa, feminista… Oroz gain, ordea, nik esango nuke askatasun egarriaren inguruko eleberria dela Maitea. “Libertatea nola baita gauzetako hobena, gatibutan egotea hala pena gaitzena”, zioen Etxepare gure lehenengo poetak. Baina horroreak ere mailak ditu, eta gatibu egote horretan esklabotza begitantzen zaigu askatasunaren eta giza duintasunaren ukaziorik erabatekoena. Halle bere bizitza osoan “arnasaldi libre bakar bat hartu gabea” da, eta, hala ere, badaki ez dagoela “askatasuna bezalakorik munduan”; horregatik, aparteko lana egingo du amaren askatasuna erosi ahal izateko. Sethek ere badaki askatasuna dela “gauzetako hobena”, eta seme-alabak esklabo ez ikustearren, horrorearen eta eromenaren zurrunbiloan amiltzeko prest dugu. “Dana emon biar yako matte dan azkatasunari”, Lauaxetaren arabera.
Sethe, Denver eta haur hilaren mamua 124an bizi direneko garaian esklabotza legez indargabeturik dago, baina eleberria flashback-ez josita dago, eta etengabe itzuliko gara gizakien duintasuna hutsaren pareko zeneko arora. Horrela, apurka-apurka, Setheren bizitza burdina goriaz markatu duen sekretu izugarriaren berri jakingo dugu, eta mosaikoaren pieza guztiak elkarri loturik ageriko zaizkigu. Eta hori guztia, gehiegikerian eta efektismoan erori gabe kontatzen digu Morrisonek, gordin eta zehatz, osaba Tomen melengakeriatik urrun. Baby Suggsek, hirurogei urtez esklabo eta hamar urtez libre izan ondoren, ederto ikasi du: “Munduan zorte txarra ez, zuri-jendea dago”.
Paul-D eta gainerako berrogeita bost esklabo elkarri lotuta daude hirurehun metroko burdinazko kateaz. Ihes egitea erabakitzen dutenean, argi dute denek egin behar dutela hanka. “Bat galduz gero, denak galduko ziren. Lotzen zituen kateak denak edo inor ez zuen salbatuko”. Alegoria polita, liburu eder eta gordin honetan (izan ere, gordintasunik gabeko edertasunik ba al dago?) esperantza apur bat jartzeko.
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Paloma Rodriguez-Miñambres
Diesel
Bertol Arrieta
Joxe Aldasoro
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Asier Urkiza
Ni, laiko
Markos Zapiain
Nagore Fernandez
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Maialen Sobrino Lopez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Jon Agirre
Emognosia
Mitxelko Uranga
Mikel Asurmendi
Silueta
Harkaitz Cano
Irati Majuelo
Koxka bat estuago
Henry James
Aritz Galarraga
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Hasier Rekondo
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Maddi Galdos Areta
Poesia kaiera
Frank O'Hara
Asier Urkiza