kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Elurretan hotsak / Pablo Sastre / Susa, 2004

Gizateriaren azken egunak Fito Rodriguez / Berria, 2005-03-29

Gizadiaren amaiera baino gehiago gizaldi jakin baten bukaeraren berri eman digu Pablo Sastrek Elurretan hotsak eleberri mintzatuan. Nobela gisa bataiatu arren, batek ez daki zeharkako lotura duten sei kontakizun desberdinen aurrean edo inoiz antzeztuko den testu dramatiko baten aitzinean dagoen, zeren eta, honetan ere, genero literarioen artean egiten den ohiko banaketa hertsiak ez baitu asko balio. Dena den, oraingoz behintzat, azkena den Pablo Sastreren ekarpenera hurbilduko dena ez da damutuko.

Bukatu berri den neguak ekarri digun eguraldi beltzerako propio idatzia dirudien honetan Andoain herria agertzen da, baina ez bere historiaren arabera, edo kokaleku geografikoaren deskripzioen bidez, bertako herritar xehearen hizkeretan eta ingurutik datozen zaratetan oinarriturik baizik.

John Roderigo Dos Passos zenak eraman zituen banguardismoaren teknika hauek, mintzo eta hotsen isla, eleberrigintzara. Manhattan Transfer nobela famatuan (1925) New Yorkeko jende arrunta dugu protagonista. Haien berbak eta inguruan entzuten diren harrabotsak nahiz beren oihartzunak. Dos Passosen eleberrian Roaring Twenties (20ko hamarkada orrotsua) agerrarazten zaigu. Sastreren nobela mintzatuan, berriz, desagertzear dagoen andoaindar belaunaldi baten kronika. Biak ala biak, literatura helduaren adibideak ditugu. Hala teknikaren aukeretan nola idazkeran ere, deskripziorako gaitasun handiaren erakusgarri. Nahiz eta lehenaren ardatza giro urbanoa izan, bigarrenean, bizirik dirauen nekazal giroarekin batera industriatik bizitzen ari den herri ertaina azaltzen da, ruralismotik gertu baina kostunbrismotik at irakurlearengana iritsaraztea lortzen dena. Ene aburuz, Pablo Sastreren eleberri helduena Leuropa dugu, non, gaiaren gaurkotasuna eta garrantzia estilo garatu batekin elkartzen den. Sorpresa izaten da hango pertsonaia batzuk oraingo honetan agertzen direla konturatzen garenean (Xaki kamiozalea Martutenen preso, esate baterako….) baina Elurretan hotsak eta Leuropa ia eleberri bertsuko materialak direla esango nuke nik. Zein da, ordea, estilo horren adierazgarria? Nire ustetan, egunerokoaren berri ematen digula egunkarietako kazetariek erabili ohi duten hizkuntzatik at. Hura, hautu formala izateaz gain, munduari beha egoteko (estiloa, funtsean, norbanakoaren ikusmiran baitatza) modua delako, eta haren berri emateko euskarria.

Kral Krausek, Gerren arteko Vienan, bere Gizateriaren azken egunak izeneko nobela mintzatua idatzi zuenean (1922an) antzerako aukera estilistikoa egin zuen orduko kazetariek literaturan zuten eragina salatzeko eta, era berean, hizkuntzak dituen gaitasunak (ahozko erabilerarenak barne…) berreskuratu ahal izateko.

Pablo Sastrek Amonaren aroa eta Etxekoenak atalak (edo ipuin solteak…) eskaintzen dizkigunean, papereratutako elkarrizketetan, ustez sinpleak, sekulako lan literarioa egiten du, eleberri honetan bakarrik ez dagoena, atzetik datorrena baina, halaber, garapen baten seinalea dena. Egia da, irakurketan, pertsonaiak ahaztu eta galtzen direla, baita haietariko batzuk berragertzen zaizkigula ere, baina bizitza halaxe da, eta bere nobela, bertan ematen digun Andoainen erabili ohi den hizkera bezain benetakoa.

Hotsak eta builak. Hitzak eta esamoldeak. Astrapalak eta zalapartak.

Txaloak merezi ditu Pablo Sastrek horren modaz kanpo dagoen idazkerari ekin nahi izateagatik. Izan ere, literatura gaurkotasunaren gainetik aritu ahal izateko idaztankera besterik ez daukagu. Eleberri honetan irakurleak aurkituko duena, hain zuzen.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak