« Zientzia eta literatura | Aho zorrotza »
Sukar ustelaren urtea / Edorta Jimenez / Txalaparta, 2004
Zapiak eta hagak Iñigo Roque / Gara, 2005-01-08
Zazpi urte behar izan ditu Edorta Jimenezek agindu zigun trilogiako bigarren alea emateko. Beraz, irakurleak Sukar ustelaren urteari heltzen dionean, ahaztuxeak izango ditu Sebastian Zubiletarekikoak.
Oraingoan ere, Sebastian dugu kontalari, bere laurogei urtetan. Sorterria utzita, itsaso handiak haustera abiatzen da; “Baleen berbaro”ko txanel eta txalupetatik ontzi handiagoetara igarotzen da pertsonaia. Sebastian Animas karrakan ageri zaigu, Felipe II.aren Armada Txit Zorionekoarekin bat egiteko gertu. Liburuan, 1588ko maiatzetik uztailera, espainiar itsas armadan jazotakoak aletzen dira: Lisboan armadako ontziek bete beharreko berrogeialdia, ondorengo itsasote latza, Coruñako egonaldia…
Igarri-igarrian dago idazleak dokumentazio-lan eskerga egin duela. Drake, protestanteak, Inkisizioa… aipatzen dira han-hemen, egoki uztartuta, gehienetan, kontakizuneko hari nagusiarekin.
Sebastian izena mudatuta aurkezten zaigu. Orain Hernando deritzo, Getariako lehengusuaren grazia bere eginda.
Ontzia da gertaleku bakarra liburuko orrialde gehienetan. Laster talde bi eratzen dira: Sebastian-Hernando gogoko dutenak eta hura begitan hartuta dutenak.
Nabaria da Martin Mihurubikoaren eragina liburu osoan. Sebastianek gidaritzat hartzen du, eta maisua esaten dio. Mihurubikoak zirujau eta “belagile” dihardu, mediku-lana debekubaitu, juduen leinutik datorrelako. Sebastianen eta haren arteko harremanak osatzen dute liburuaren ardatza, eta haren inguruan harilkatzen dira bazterreko istorioak. Erlijioa txitean-pitean azaltzen da: Agirrek opari egindako liburu higanota, juduen aurkako herra, Inkisizio Santuaren sarekadak…
Joan Sanz Basurtokoa kapitainaren pertsonaia biribil-biribila da, ongiaren eta gaizkiaren artean, batean edo bestean, hor nonbait beti. Haren hiru semeek ere bete egiten dute liburua: Domingo, santujalea, Joaniko, aitaren ordezko arituko dena, eta Mattin, Sebastianen pilotu-laguna.
Eleberri historikoak izkiriatzean, zer hizkera erabili izaten du lehenbiziko ardura egileak; leba handiko erabakia, inondik ere. Edorta Jimenezek liburuan darabilen hizkera leku-denboratik at dago. Ez da ez ordukoa, ez oraingoa; ez Mendebaldekoa, ez Ekialdekoa. “Baleen berbaroa”n urratutako bideari jarraitu dio. Jakina da literaturan hizkuntza arroztu egiten dela beti. Hala ere, ezin esan daiteke arriskurik gabeko erabakia denik. Hizkera gorabehera, erretorika zahar gurakoak moteldu egiten du irakurketa; hala, liburua luze eta oztopoz betea begitanduko zaie irakurle bati baino gehiagori.
Bestetik, ekintzak eta abenturak ez dira ugari, eta horrek geldotasuna areagotzen du. Kontakizuneko hariak, sarri, oso mengelak suertatzen dira: ezkutuko liburuak, ezin aitortuzko sekretuak, kapitainaren mutil bizargurienganako joera… Eta Sebastianen ahots bakarrak hatsa kentzen dio narrazioari. Irakurleak gehiago jakin nahi luke Martin Mihurubikoak Inkisizioaren esku jasandakoez, Lisboan lehorreratutako marinelen txitxiparrez, Mateoren gogoetez…
Izan ere, Sebastianen ikuspegia batzuetan xaloegia da —inoizka melenga—, kontalaria, ustez, adinean sartuta dagoen arren. Horren erakusgarri dira Martin Mihurubikoarenganako fede eta miresmen itsua, flandestar emakumeen ikustaldi zerutiarra, ezinikusi miragarriak…
Hala ere, ez gaitezen hain zorrotzak izan. Erdarazko eleberri historikoak laket dituenak hemen ere izango du atsegin-lekurik, eta ez gutxi; euskara dotorez idatzita, gainera.
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo