kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki / Andolin Eguzkitza / Susa, 2004

Ahotsik pertsonalena Jon Kortazar / El País, 2004-11-07

Andolin Eguzkitzaren (Santurtzi, 1953-Bilbao, 2004) liburu bukatugabea eman du argitara Susak, adiskideari eta poetari egin diezaiokegun omenaldirik ederrena eskainiz. Haren heriotzak hunkitu egin gintuen, eta beraz ezin urrunetik irakurri poemak eta poemen eskuzko zirriborroak eskaintzen dituen liburu berezi hau.

Izenburu luzea du: Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki. Eta izenburuan badira poesia honek ekartzen dituen zenbait berri. Adibidez, kanpo mundua era poetikoz, sinbolismoaren ukituz, ikusteko modua, kanpoa eta barnea lotzeko ahalegina.

Ez dut ezkutatuko arazoak ikusten nizkiola Eguzkitzaren poesiari. Batzuetan oso erretoriko agertzen zitzaidan, biluztasun faltaz. Onartu behar da Juanra Madariagak hitzaurrean dioen moduan, errezitaldietan desberdin ematen zuela poesia hark, eta gogoan dut Liverpoolen entzun nuela errezitatzen.

Liburu honen aurrean baina, biluztasun hori garbiago agertzen dela aitortu behar dut. Buruan jarritako lau aipuek ere nabarmen utzi dute zein den poetaren bidea: hor dira gaiak, amodioaren garraztasuna, baina batez ere hor da erradikaltasun poetikoaren zantzua. “En cada mot m’hi jugo l’existencia”, Miquel Martí i Polen bertsoa aipatzen duenak badaki lan egin behar duela, bere burua paper gainean jartzen.

Ahots pertsonala nabari da testuan, ni poetiko ia autobiografikoa, eta ahots poetikoaren hurbiltasuna nagusitzen da testuan, argi eta garbi. Kontrazalean agertzen den poema esplizitoegia iruditzen zait, baina testuaren neurria ere ematen du: “plazer anker baten” bakardadeak isuri du poemategiak, ilusioen garaia joan denean, eta beste mundu bat maitatzeko zalantzan gaudenean. Nitasun poetikoaren indar apalak agintzen du testuan. Egiaren bila abiatzen den nitasun poetikoren argia. Eta nahiz eta paralelotasunak agindu maiz, nitasuna agertzen denean egiten zait irudikorrago testua. Andolin Eguzkitzaren poesia beti izan da esperientzia poesia deitzen dugun horretatik hurbil, baina esperientzia isurtzen duenean, orduan egiten da benetakoagoa poemaren indarra.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak