kritiken hemeroteka

8.592 kritika

« | »

Mendekuaren graziaz / Karlos Linazasoro / Erein, 2004

Gizakiaren animalia-izaeraz Ibon Egaña / Berria, 2004-09-04

Idazletza gaixotasun kronikoa da. Ez du beraz sendabiderik, eta tratamendu bakarra du, eraginkorra barik errukitsua: idaztea”. Hala irakurtzen genion Karlos Linazasorori Isiltasunaren adabakiak apunte-liburuan bildutako ohar batean. Literatura ia patologia bezala bizi du tolosarrak, utzi ezinezko adikzio bezala, eta horregatik da, ziurrenik, gure idazle oparo eta interesgarrienetako bat. Ipuingintza, nobela, poesia, antzerkia, apunteak, ia genero guztiak ditu landuak (eta ez nolanahi) helduentzat bezala haur eta gazteentzat. Gazteei zuzenduriko Bioleta sailean publikatu du Ereinek Mendekuaren graziaz ipuin-bilduma, iruzkingile honen ustean helduentzako sailean eroso asko (agian erosoago) argitaratu litekeen liburua.

Maitasun poema ederrak, xamurrak idazteko gai zela erakutsi zigun Linazasorok Inoiz izan ez garenotan bilduman, baina badirudi lirismoa, bizitzaren alderdi xamurrena, poesiarako gordetzen duela tolosarrak. Haren prosan nekez aurkituko baitugu maitasunaren gorazarrerik, bizitzaren ikuspegi baikor eta lirikorik. Aitzitik, Karlos Linazasororen ipuingintza gizakion miserien, gaitzen, gorrotoen baitan egindako bilaketa da, gizakiaren alderdirik laiotzenetara egindako sartu-irtena. Izan ere, aitortua du egileak: “Gizakiarengan ez dut fede handiegirik. Eta nire idazkera nire izaeraren ispilu da”. Idazleak gizakiaz duen irudiaren ispilu dira, hala, Ez balego beste mundurik ipuin-bilduma profetikoa edo Itoko dira berriak kontakizun laburra, non emakume-gizonen izaera ankerra, berekoia jartzen den agerian. Halako obretatik berezia da, nolanahi ere, Mendekuaren graziaz eta idazleak berak ohartarazi du ez dela hau haien sail berean kokatu behar. Izan ere, Ez balego beste mundurik edo Ipuin errotikoak bildumetan osagai nagusi ziren absurdoa, umore beltza eta ironia ez dira bilduma berri honen lehengai oinarrizkoenak. Zernahi gisaz, hemen haietan bezala, gizakion miserietan arakatzen darrai Linazasorok. Oraingoan, mendekua hartu du gai nagusi eta horren harian josi ditu liburuko zazpi ipuinak.

Manoel de Oliveira zinegileari irakurri diogu egunotan: “Gizakitik geratzen den gauza bakarra bere izaera da, bere animalia-alderdi intrintsekoa eta horregatik bereganatu du mendekuak halako indarra”. Gizakiaren animalia-izaera horretan arakatzen du Linazasorok, beraz, Mendekuaren graziaz bilduman, mendekua izaera horren ispilu gisa baliatuz. Intriga eta tentsiozko ipuin hauetan guzietan dago mendeku-egarriak eragindako heriotzarik. Alabaina, mendeku-ekintza den hilketa bainoago, idazleak mendekura daramaten bideak arakatu nahi ditu; hots, inor mendekatzera daramaten arrazoiak, burubideak ikertzea, mendeku-ekintza soiletik haratago. Idazleak maiz zabalik, biribildu gabe uzten dituen amaierek salatzen dute liburuaren asmoa ez dela mendekatzailea eta biktima parez pare jarri eta mendekatzailearen maltzurkeria agerian uztea. Hori baino sakonagoa baita Linazasororen asmoa eta lorpena. Idazleak mendekua gizakion izaera ilunari lotuta dagoen ezaugarritzat du eta hori erakusten du ipuinez ipuin, mendekua sarritan irakurleari ulergarri egin arte.

Pistolak, hilketak, gorpu-desagerketak, komisariako galdeketak… genero poliziakoaren intrigaz eta topikoez baliatuz ondu ditu Linazasorok Mendekuaren graziaz honetako zazpi narrazioak; horregatik izan du batzuetan irakurle honek deja vu sentsazioa liburua irakurri ahala (zenbait bukaera prebisible xamarretan, esaterako). Hala ere, aitortu behar zaio idazleari arrisku hori saihesteko egindako ahalegina, narrazio-molde desberdinak erabiliz. Hala, telefono elkarrizketa baten itxuran eman du lehen ipuina, antzerki-gisa egituratu du komisariako galdeketa (Ipuin errotiko haiek gogora ekarriz), atzekoz aurrerako teknika erabili du San Juan bezperan idazterakoan… Eta, batez ere, metafikziorako duen joerarekin beste dimentsio bat eman die idazleak ipuinei. Hots, fikzioaren barruko fikzioa baliatuz (Albert J. Morrison ipuinean), fikzioari buruzko gogoeta batzuetan ironikoa eginez (“Oi!, Graham Green-en nobela bat dirudi!”) urrats bat haratago joatea lortu du Linazasorok, beste behin ere, topikoak erabili arren haiek gaindituz. Fikzioaren indarra eta errealitatearen izaera fikziozkoa beste behin agerian utziz.

Azken kritikak

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Irati Majuelo

Herioa Venezian
Thomas Mann

Aritz Galarraga

Azken batean
Lourdes Oñederra

Ibon Egaña

Goizuetako folkloreaz
Patziku Perurena

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Asier Urkiza

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Amaia Alvarez Uria

Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain

Jon Jimenez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Paloma Rodriguez-Miñambres

Lakioa
Josu Goikoetxea

Mikel Asurmendi

Lur mortuak
Nuria Bendicho

Irati Majuelo

Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"

Paul Beitia Ariznabarreta

Akabo
Laura Mintegi

Joxe Aldasoro

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak