kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Magiaz blai / Angel Larrea / Edicionesbeta, 2004

Erromantiko ezigaitza Igor Estankona / Deia, 2004-09-14

Goiz edo berandu liburu bihur daitekeen ikerlan baterako -“Errementariak, jainkosak eta sorginak. Mitoak eta magia Arratian”- materiala biltzen ari zela atondutako poema sorta harrigarriro aberatsa eman du argitara, ikerlana bera baino arinago, Angel Larrea zeanuriztarrak. Aurkibidea irakurri bezain laster ohartzen da bat liburuaren nondik norakoaz: Adardunak, Aizkora, Akelarre, Hiru koloreak, Intsektuak, Trikuharria, Zirkulu magikoa… orden alfabetikoan agertzen ditu idazleak gure jakintzaren oinarri eta izakeraren forjari izan diren hainbat egitateren inguruko bertsio liriko desberdinak.

Bihotza aintzinako irudiz bor-bor, ekidin ezinezkoa da liburua bukatu eta hasperen luze bat egitea, ez dakizularik iragandakoaren galerak edo inoiz izan ez zenak sortutakoa den. Izan ere, mitologia horixe da: dena ez denarekin elkarrizketan jartzea, garena ulergarriago izan dakigun.

Errealitatearen gaineko nahigabeak gidatzen du maiz historia irakasle honen luma, behin baino gehiagotan agertzen direlarik “mundu mitikoa, dagoeneko, galdua”, “baladetan soilik dira gogoratuak”, “amonek kontatu, aitonek sinetsi” eta gisako arrangura sakonak, nola arrangura daitezkeen garai guztietako erromantikoak. Europa osoa ekiri eta ilargi amandreari begira bizi zen garai urrunetako aurri zenbait bildu eta, maitasunez, poema bihurturik eskaini dizkigu. Atxakiak, koplak edo mainak irudituko zaizkie askori, atzera begiratzea eta aurrerantz egitea gauza desberdin bi direla uste duten progresistei batik bat. Baina aski frogaturik geratu da armiarma hari batetik esekita dagoen gure euskal kulturaren kasuan, atzera begiratu barik ez dagoela aurrerantz zuzen joaterik. Onerako eta txarrerako irakaspenak zuhaitzaren sustrai lausoetan daude (“gizakiaren betiko nahia:/ materia perfektua lortzea”, Alkimia, 14. orr.)

Krisi baten kronika da “Magiaz blai”. Ustezko arrazoiak eta ekonomiaren burdinezko eskuek ordenatutako munduaren aurrean kantu egiten die sentipenen baloreari eta kulturen eskubideei. Subjektiboa dirudiena neur daitekeela frogatzen du, natura eta mitoa biak bat ziren garaira itzularazten gaitu, grina tolesgabea darie bere konposizioei eta ahaztura gogor gaitzesten du, babesa bilatuz fantasian eta lehenaldi idealizatuan. Lehen ere esan dugu: erromantiko hezigaitz baten aurrean gaude.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak