« Ez da sekula berandu | Defendatuko dut »
Patata soro bat / Josetxo Azkona / Alberdania, 2004
Piratak Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 2004-09-03
Poeta gisa eta artikulugile gisa ezaguna genuen Josetxo Azkonak narrazio liburua argitaratu du. Narrazio laburrak direla esango nuke, folio batez-edo hasi eta amaitzen diren horietakoak, eta badira batzuk are laburragoak oraindik, hamar bat lerro gehienez dutenak. Pentsa daitekeenaren kontrara ez da errazagoa narrazio laburra narrazio luzea baino. Idazketa bera da aldatzen, laburrean dena argiagoa gertatzen da, ilunik gabe, dena ikusgarri, ulergarri beraz, eta akatsik txikienak goitik behera botatzen ditu narrazioaren tramankulu guztiak. Luzean iluntasunak argiarekin tokia hartzen du eta hor ibiltzen da batetik bestera, inon finkatzeke, inon zehazteke, inon argitzeke. Ehun eta hirurogeita bost narrazio dira liburuan bildutakoak. Ez dut esango denak gustatu egin zaizkidanik, baina asko dira bete nautenak, eta ase. Esango nuke narrazioetan badela helburu bat, erabat literarioa ez dena. Esan nahi dut testu hauetan badela, ez dakit nahita ala nahi gabe, moraleja bat ia amaiera guztietan, moraleja inplizitoa, testuaren barnekoa, esaten ez dena, baina hitzen azpiko itsasoan nabarmen egiten dena, itsasontzi pirata bat bezala. Piratak baitira testuetan, deitu gabe, sartzen diren izaki horiek eta gero handik ezin atera, ezin bota kanpora. Hitz bakoitza uharte abandonatu bat baita, altxorduna gehienetan, jakin behar, ordea, altxorra non den eta nola iritsi behar den haraino.
Testuak ez dira berez krudelak, baina bada krudelkeria batean baino gehiagotan, ironi apur batez leundua eta apaldua, dena esan behar bada. Bestalde, eta joko gisa esango nuke, bada testuetan halako omenaldi txikia euskal literaturan ipuingintza, batez ere, landu dutenei egina, hala nola Karlos Linazasorori. Eta egongo dira beste batzuen aipamenak ere, baina ez naiz hasiko denak aztertzen eta denen bila. Piratak altxorra nahi du, besterik gabe. Gainerakoa literatura da.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi