kritiken hemeroteka

8.747 kritika

« | »

Nire aitaren fusila / Hiner Saleem (Juan Kruz Igerabide) / Alberdania, 2004

Defendatuko dut Asier Sarasola / Gara, 2004-09-04

Kurdistan, Euskal Herri honetatik begi onez hartuta izan ohi da, halako kidetasuna ezinbestekoa iduri baita, inguruan dituzten estatu boteretsuen mende bizi diren estaturik gabeko herrien artean. Honela, ez dira eskuetako hatzekin zenbatzen ahal, PKK edota Oçalan bezalako izenak ezagutuko dituzten irakurleak. Are, Irakeko azken inbasioa jarraitu duen edonork jakinen ahal du zer edo zer. Baina, eta herritarrak? Eta duela gutxiko historia, 60 eta 70 hamarkadatakoa? Bada, Hiner Saleem Nire aitaren fusila-ren eleberriko egilea, herritar kurdua dugu, nahiz eta gaurreguna, eta nobelak, hobeki esanda, oroitzapenen jarioak, balio beza jakite eta ulertze hurbilketarako testigantza moduan; urteetan ezkutuan, zapaltzaile izan duen boterearen zola azpian, bizi behar izan duen herri baten bizimoldearen nolakoa baitakarkigu aditzera.

Aipatu hamarkadatan, egilearen nerabezaroari dagozkionak hain zuzen ere, Saddam Hussein-en gorakada gertatuko da, estatu-kolpe eta errepresioa, itunak eta traizioak, nazioartean agintzen zuen guda hotzaren eragina, kurduen aitabitxi nor izatearen bitxia (aldian SESB ohia, aldian AEB), pairatzen zuen herria. Gertakari garrantzitsuenak soilik aipatuak dira, ia eskematikoki, sakontasun asmorik gabe, edonolako asmo politikorik gabe, ez bada familia kurdu (kurdutartasunaren onarpena jaiotze beretik emana, aldarri modu bezala) baten ibilbidearen nondik norakoa, autobiografia nobelatua, zehaztea, halakorik politikoa izan daitekeen heinean bederen.

Nerabezaroak gidatzen du narrazioaren ildoa, etengabeko guduan bizirik dirauen herri kurduan, armek balioztatzen omen dutelarik zer, eta gizontasuna. Hori izanen delarik protagonistak, egilearen alter egoak, behin eta berriz errepikatuko duen leloa. Nerabezaroak gidatzen du narrazioa, izan ere, nerabe baten kontakera moldea aukeratzen duenez idazleak, esaldiak labur eta zuzenean hurrentzen baitira, eta bestelako ahalegin estetikorik alde batera baita utzia. Era berean, oroitzapen jario hori, nostaljikoa edo mindua gutxitan, jauzika ematen da, estuki lotu gabeko haria gertatuz, bizitasunaren kaltetan ausartuko naiz esatera, eta herriaren ikuspuntua baino, nerabearena eta bere familiarena da islatzen dena. Nahiz pentsa, eredutzat hartzekoa dela; errefuxiatu-kanpamenduak eta pexmergak (gudari kurduak), hildakoak eta ezkontzak, milioka kurduen bizi baldintza gogorren azalpena direla. Bizi baldintza gogor horien isla ordea, nerabearen urruntasunetik agertzen da, lilura eta ulergaitzetik, ezarian, guda horri aurre egiteko, jaioterrian atzerritar sentitzearen poderioz, herbestearen irtenbidea aukeratuko duen gaztetxoarena. Herri baten samina agerraraziko duen eleberria baino, abentura liburu kasik iduriz.

Eta ez litzateke harritzekoa izango, idazlea zinemagilea izanik, hemendik gutxira, liburuan oinarritutako filma ikusteko aukera izatea, edota heren berririk jasotzean ez dakit nongo zinemaldiri buruzko albisteetan. Amaieran, epilogo gisa edo, gaur egun pertsonaien bizitza zertan den azaltzen duen ohiko zerrenda dakar, oso hotzean emandako xehetasunez gainera, gehienok latzaren latzera iragan direla kontuan hartuz, eta judutarrei buruzko film bat oroitaraziz.

Hortaz, batez ere testigantzaren balioa duen liburua da hauxe, modu arinean, kurduen egoera hurbilagotik ezagutzeko aukera izan daitekeena. Euren nortasuna ukatua dakusaten herrien kidetasuna; antzeko istorioak, antzeko ondorioak, argiro erakustearen balioa duena, euren nortasuna inposatzen dutenek, boterea bermatzeko darabilzkiten neurrien beti-berdinkeria, argiro erakustearen balioa duena, mendean bizi direnen ametsen gauzatze zail eta horren ondoriozko, nahigabe eta bozkarioak, nerabe baten hitzetan azaltzerakoan.

Azken kritikak

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak