kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Bilbo dub kronikak / Paddy Rekalde / Susa, 2004

Bazterreko geografia Oier Guillan / Gara, 2004-08-21

Bilboko geografia ezkututik ibilaldia eskaintzen du Paddy Rekaldek bere azken poesia liburuan. Hiri “unibertsalek” erakusleiho erraldoien antza hartzea modan dirudien honetan, erakusleihotik haratago dendaren atzekaldera sartzen da Rekalde (kristalaren hoztasuna eta manikien bizi-ezaz jabeturik agian).

Ez ditut Rekalderen liburu guztiak irakurri; “Rebel Mayo Colorao” nobela izan zen niretzat bere lanera gerturatzeko lehen urratsa. Ez zen agian egitura eta erritmo aldetik sekula irakurritako nobelarik borobilena, baina eleberri teknikoki “perfekto” askorekin baino askoz gehiago gozatu nuen, bizitza zegoelako bertan.

Antzeko zer edo zer gertatu zait oraingoan ere liburu honekin. Ez da agian sekula irakurri dudan olerki bildumarik intentsoena, baina sentsazio hori lasai asko albo batera uzten duten ezaugarri asko ditu halaber. Autoreak “Frankotiradorea” izeneko testuan aipatzen duenez: poemaren lerro artean ezkutatzen dela frankotiradore bat / odola borborka ipini nahi dizun / frankotiradore bat. Irakurle gisa hori da literaturan sarri faltan bota izan dudana.

Olerki denek ez dute indar bera sentiarazten, osotasunean hartuta lortzen du agian kronika gisa indar gehien. Banaka hartuta testu batzuk, kutsu narratibo handiaren eraginez, agian, deskribapen hutsean gelditzen direla ematen du zenbaitetan, une edo pertsonaia ezberdinen azalpenera mugatuta, lerro artean autorea desagertuta balego bezala. Pertsonaia eta egoera ezberdinen zerrenda osatzen doan heinean, ordea, testu horiek ere liburuaren osotasunean beren lekua aurkitzen dute, hiri bereko kaleak bailiran, elkarren osagarriak.

Mahai gaineko paperaren edo pantailaren aurrean baino, koaderno txikiarekin kalez kale behatzaile dabilen idazlea soma liteke. Bilbon oraino galtzen den irakurle honi leku erreferentzia zehatz askok zenbait testu lausotzen dizkiote, baina aipaturiko “bazterreko” pertsonaien sail hori erraza da errekonozitzen hemen inguruan “metropoli” kutsua duen hiri bakana Bilbokoa izanik ere: jonkiak, prostitutak eta etorkinak, batetik, eta tabernak, alkohola, kea… bestetik. Guggenheimen alboan denak, batzuek ikusi nahi ez izan arren. Bertatik berreskuratzen ditu, halaber, beste Bilbo batzuk ere, pintada eta gaztetxe zaharren Bilbo ez hain urruna, industriek jotako Bilbo urrunagoa. Soberako malenkoniarik gabe, egun denari zeharka erreparatuz guzti horietatik. Esanguratsuak dira oso Gabriel Arestiri zuzendutako lerroak.

Baina hiriaren bazterrera gerturatzea ez da mundu paralelo horiek azaleratzeko elkartasun keinu hutsa. Bazterreko pertsonaien baitara gerturatu, haiekiko parekotasunak aurkitu, eta bazterreko izaera hori neurri handi batean faltsua dela aurkitu lezake irakurleak. Baztertua izan dena norbaitek baztertu duela beti, eta zerbaitengatik. Pertsona haiek Guggenheim hitza ahoskatzen gozatzen duten bankari. aber-zaleen beldurrak islatzen dituztela sarri, beldurrak eta miseriak. Pertsona haiek ere badakitela amesten, edo noizbait jakin zutela, bederen. Eta Bilbo ezberdinetatik egindako kronikan guzti hori azaleratu ez ezik, salatu ere egiten da.

“Frankotiradorea” poemara itzulita, irakurleak ez du xarma aurkituko, ez bolborarik gabeko kartutxo ondo dekoratu rik topatuko. Frankotiradore bat ezkutatzen da lerro hauen artean. Frankotiradore horrek ez zaitu agian lehen tiroan seko utziko, baina bigarren, hirugarren, laugarren ziztadak ekiditen saiatu baino lehen, oharkabean, harrapatu eginen zaitu. Eta ez dizu axolako. Paisaia ezkutuak dituen herri edo hiri bat bizirik baitago haren baitako pertsonen argitzaletan borborka. Beharrezkoa baita hori ere azaleratzea.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak