« Hitzaurre | Muga-mugan »
Patata soro bat / Josetxo Azkona / Alberdania, 2004
Patata iruindar gozoak! Asier Sarasola / Gara, 2004-07-17
Patata soro bat esan eta haren oparoari buruzko metaforak aitatzea hasteko era bat izan daiteke, adibidez; liburu hauxe osatzen duten hirurogei narrazio laburreko uzta. Beste era batean hasteko, patata guztien arteko desberdintasunaz hitz egin daiteke. Ez baitago ildo bakar bati jarraitzen dion ilararik; nola moldez, hala tamainaz, ez mamiz, ezta azalez ere. Alabaina, patatok agertzen duten itxurak, ukituak eta are zaporeak, nabarmen adierazten ahal du badirela zenbait fruitu landare berari dagozkionak eta, ondorioz, badela landare sorta bat, eta landare bakoitza bere patatatxoekin garatzen dela. Beraz, idazleak darabiltzan gai edo kezka ezberdinen jiran biltzen ditu sailka narrazioak, baina inolako aurkibide-antolaketarik gabe. Honek, ordea, ez du esan nahi istorio horien arteko lotura zuzena denik; pertsonaiak agertu eta desagertzen direnik, hiriak, garaiak. Aitzitik, inongo loturarik izatekotan, errealitatearen plano eta angelu ezberdinei legokieke.
Eta hori da, hain zuzen ere, aurrez lau olerki liburu argitaratuak dituen (azkenekoak, “Koilara bete hitz”, kronologian ere gertuago izaki, badu Patata soro bat-ekin parekotasunik egoera arrunten trataeran) Josetxo Azkona idazle iruindarrak, lehenengo narratiba liburu honetan aurkezten duen orri-sailean topa daitekeena. Esandako hainbat narraziotan, pertsonaia eta egoera ezberdinak iraganen dira aldioro, ezohiko ikuspuntuak maiz izanen direlarik aukeratuak, narrazio laburrak, berezko eta beharrezko duen tximistaz jo, eta ondoren trumoia, isilik gogoetarako, bada etortzekoa. Irakurlea kokatzeko garaian hartara, deskribapenak lantzerakoan, hizkeraren erabilpen zehatz eta zuzena kateatuz, beharrezkoak baino ez diren datuak argituz, giroa berehalakoan sortzen du narratzaileak. Zenbaitzutan hala, girotze ahalegin horrek aipu batean du jatorria; euskal literaturaren munduko aipuak dira gehientsuenetan, edo letra hauek idazten ari den honek baino dezente gehiago eta hobeto irakurri dutenek, aise atzemango dituzten beste inoren ipuinei erreferentzia egiten die iruindarrak, nolabait jasotako eraginak zein gustoko lerroak erakutsiz; laburrean aritutako idazle hegoamerikarrak kasu, Brecht bera, Pragan jaio zen bestea, eta abar.
Aipatu egoeren artean, fikziozko nahiz gertakizun errealetan oinarritutakoak ikus daitezke; egoera arruntenetan ezkutatzen diren tragediak; absurdoaren presentziak une berean bi ezezagun elkartzean eragin dezakeen hondamendia, narraziotan sarri zorigaitzaren ironia garratza, baita metaliteratura bezalako hitz baten izena merezi dutenak ere. Egilearen irudimen-begi umoretsutik abiatuta, komiko zein zuhur umorearen ortzadar zabalean, tximista ondoko trumoiak, patata dastatutakoan ahosabaian dirauenak, ez du irririk okertu gabe utziko. Izan ere, idazlearen begirada, umoretsuz gain, mindua irizten ahal zaio, itxaropenik gabeko amaierak gailentzen baitira. Amildegian uzten ditu pertsonaiak Azkonak, bat bateko kokatze gertu horretatik, azkeneko puntuak irakurlea gogoetara eraman nahirik. Trumoi mutu horretara. Bestelakoak gertatzen dira ordea, maitasun edo sexuarekin zerikusirik duten istorioen amaierak, non jolasa, zirrikitua, irtenbidea lausoa izan arren, bai sikiera, jarraitzeko adinakoa iradoki.
Eta irakurri ahala errepikakorra suerta baldin badaiteke ere, eta nahiz eta zenbait narraziok txiste txarren antza nabaria izan, Patata soro bat bezalako ahalegina, umorezko literaturaz ari garelarik (agian errazegi datorren nolakotzaileaz), gorabeheratsua baino irakurtzeko gomendagarria dela, edo behintzat gustora irakurritakoa izan dela aitortzea besterik ez dago.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres