kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Mugaldekoak / Edu Zelaieta / Susa, 2004

Muga-mugan Igor Estankona / Deia, 2004-07-20

Bere buruari inposatutako gaiaren muga-mugan, batzutan marratik hurbilago eta beste batzuetan zentzu zabalagoen bila, Edu Zelaietak gogoeta poetiko oso betea egin du mugen inguruan Joseba Jaka Bekaren laguntzaz atondutako “Mugaldekoak” honetan. Alderdi bateko zein besteko ezaugarriak biltzen dituen trazo lodia da muga poema hauetan, beti mugimenduan dagoen zedarri bat, desagertu eta gero ere bere hustasunaren bitartez aldarrikatzen duena behinola bertan izan zela eta pertsonen bihotzetan iraungo duela. “Lehengo mugaren marra gaindiezina zen tokian / orain aduana zaharra bakarrik gelditu da: / hutsik barenetik, pintadaz beteta kanpotik”.

Mila istorioren iturburu den arimako eremuari buruz ari zaigu gasteiztarra, dela Euskal Herria banatzen duena, dela bizitzak maiz markatzen digun muga lausoa, edo poetaren eskumuturra estutzen duena. Poemarioaren atalak gainditzen dituen malenkonia batek bustitzen ditu gainera ikuspuntu guzti horiek. Baina zer dira atalak, ze zentzu dauka banaketa formalak, lehenago esan badugu muga ez dela marra zehatz bat, ezpada lerro berde erraldoi bat?

Bihozkada nagusi horren inguruan garatu arren, balantzek eta ñabardurek ematen diote “Mugaldekoak” honi halako aberastasun isil bat, emozioen eta egitateen artekoa, objektibotasunaren eta sentsibilitatearen artekoa. Ulertezina den sentimentu bat sorrarazten du, izan ere, mugak. Begiratzen diozu eta ez da ezer, baina baldintzatu egiten zaitu. Gizakia eta bere kreazioa elkarrizketan jartzen dituela esan gura dugu: muga, azken batean, guk harekin egiten duguna da, desberdina kontrabandistarentzat eta jagolearentzat.

Itsutu barik, berdatu barik, barneratu egingo zaitu edu Zelaietak bere poema lasaietan, zuk ere berak esan nahi dizuna barneratu ahala. Hainbestetan poetek aldarri edo oihumin bihurtu dituztenak —amodioa, banaketa, inmigrazioa, nik zer dakit— kantu xamur bihurtuta opatzen dizkigu idazleak.

“Mugaldekoa” deritzon azken orrialdeetako narrazioa bera ere poesia hutsa da, liburuan dena hartzen duen gogoeta nagusiaren zerbitzura ipinia. Hitz horiekin lehenengo poemara itzultzen da gainera, mugalariaren memoriara, iheslariaren amesgaiztora edo amorantearen ezintasunera muga behin eta berriz itzultzen den modu berean, ustez desagertuta egon arren.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak