kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Buda zoriontsuen etxea / João Ubaldo Ribeiro (Karlos Zabala) / Txalaparta, 2004

Erotismoak zentsura piztu zuenekoa Karlos del Olmo / Berria, 2004-07-10

Ez omen dago literatura erotikoa irakurtzeko urtaro egokiagorik uda baino. Hala diote, bederen, adituek. Beroak haragizko grinak pizten ei dituelako. Karlos Zabalak euskaraturiko eleberri eskandaluzko hau gozatzeko parada ezinago egokiak izango dira udako arratsalde edo gau ameslari bezain eldarnio amaiezinekoak. Eta, bidenabar, nork bere irakurralditik bidea izango du jakiteko ea behar besteko ziorik ba ote den XX. eta XXI. mendeen arteko pasabidean laster Europako lehendakaritza izango duen nazioan horrelako liburu bat saltzea hainbat tokitan debekatzeko. Halaxe jazo delako honako honekin. Moral publikoaren aurkako ogena, antza.

Zentsura moduko horrek ez du galarazi liburuak hainbat hizkuntzatan harrera beroa jaso izana. Ezta irakurle emakumezkoek berek eleberriari saria eman izana. Idazlea gizonezkoa izan arren, protagonistatzat hirurogeita zortzi urteko emakume bat aukeratu du idazleak, ahozko oroitidazki moduko baten bitartez, sexualitate bete-betezko biografia azaltzeko.

Enkarguz idatzitako lanek izen txarra izaten dute literaturzaleen artean, honako honek, ordea, norabide aldaketa ekarri zion egun Jorge Amadorekin batera gaurko brasildar literaturaren mugarri eztabaidaezina den egileari, João Ubaldo Ribeirori. Norabide aldaketa eta itzelezko arrakasta. Idazle ez ezik, Ubaldo Ribeiro itzultzaile ere denez gero, berberak jarri zuen ingelesez Brasilen historia kontatzen duen Gora Brasilgo Herria eleberri mardul eta entzutetsua.

Obra ez da irakurri behar osagai sexual edo pornografikoagatik bakarrik, azken buruan, egileak berak dioenez, berberak bizi izandako garaiko emakumeen gizarte egoera eta jokabidea biltzen dituelako, lekukotasun moduko bat eskaintzen duelako baizik. Halere, fikzio hutsa izan arren, emakume adinekoek sexualitatea eta erlijioa berbeta gai erabiltzea ez da erraz irenstekoa.

Edukiak idazlearen amorante, neskalagun, emazte ohi eta lagunen irakaspenak ditu oinarritzat. Idazlearen herrikideek, bahiarrek, alfer sona dute. Beraz, alferkeria haragi grina bihurtzen saiatu zen João Brasilgo historia beste ikuspegi epelago batetik azaltzeko. Sexuen arteko berdintasuna hartzen omen du oinarri idazleak emakumea mintzagai erabiltzerakoan.

Ahozko berbaldiaren gainean eraikitako fikzioa da, eta ahotik ahorako horri itzultzaileak ederto eutsi dio. Protagonista gizarte ekandu onek irudikatzen duten dama lege oneko horietako bat, sinestuna izan arren, sexuaren deiari erantzuten dio batez ere. Emakumeentzat dena zailago zen garaian denetarik egiten ahalegindu zen emakume baten aitorkizun moduko batzuk ere dira liburukoak.

Hori dena eleberri bat saltzeari uko egiteko ziorik ote da? Ezin aipatu gabe utzi betiko eztabaida zaharra: desberdinak ote dira pornografia eta erotismoa? Ibaia balitz, nola bereiztu bi bazterrok? Literaturaren aldetik, erantzun bakarra eman daiteke: kalitate literarioak izan behar du azken hitza. Arrotzentzat Brasil sexuaren paradisua da. Baina sexua nonahi da tabua, baita Brasilen bertan. Ezaugarriak aldatzen dira, baina tabu izaten dirau. Sexuak beldurra sortzen du, ezinego nez betetzen du gizartea.

Literaturan, batzuek, etiketak behar izaten dituzte. Literatura erotiko edo pornografiko gisa iragartzen den eleberri bat tesi nobela filosofiko edo erdi historiko soziologikoa izan daiteke? Irakurleak du hitza. Inondik inora, lekukotasuna azal atseginez jantzita dakar liburuak. Euskal estilistikak hainbat gai oraindik ez ditu behar beste jorratuta. Haietako bat, hitzezko erotismoarena edo pornografiarena. Karlos Zabalaren saio honek eremu labanak zapaldu behar izan ditu, halere, zorionez, ez du irristaldi arriskutsurik jasan.

Zer espero daiteke txikitan eguneko hiru liburu irakurtzeraino heltzen zen idazle batengandik? Literatura hutsa, edonondik begiratuta ere. Ubaldo Riberioren aitak oso trikimailu ederra zerabilen semeari lan batzuk irakurrarazteko: debekua. Aitak liburu bat eragoztea nahiko zen semeak, berehala, sutsu, hura irakurtzen hasteko. Horrek, ondorioz, Kamasutra oso gaztetan irakurtzea ekarri zuen, debekupekoen artean zegoenez gero. Ondorioa: Buda zoriontsuen etxea txiki bezain handi eta dibertigarria. Literatura darion sexualitatea edo sexua darion literatura? Nondik ere begiratzen diogun.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak