kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Munstro abertzalea / Ignazio Aiestaran / Elkar, 2003

Euskal hilerriko bastartak Aingeru Epaltza / Nabarra, 2004-07

Ez zeuden hain oker aurreragoko belaunaldikoak abertzaletasuna eta gurutzea elkarren ondoan ezartzean. Kristauen egur josien gisara, hainbertze euskaldunen sinesmen politikoa ere bizi-ikur aldarrikatua da anitzentzat, eta isilpeko bizkar-zama bertze zenbaitentzat, aitortzera ausartzen diren baino gehiagorentzat noski.

Ignazio Aiestaran iruinxemeak aitortza hautatu du. Filosofia irakaslea da EHUn eta zenbait libururen egilea zientziaren eta antropologiaren alorrean. Hala ere, saiakera baztertu eta poesiaren bidea hautatu du bere (ez)abertzaletasuna azaldu ahal izateko. Honela egin ohi da adimenetik baino bihotzetik gertuago dauden fenomenoekin: “Nik neuk daramadan munstro hori —diosku— deskribatzeko geratu zaidan bide bakarra”.

Munstroen pare jartzen gaituzte Estatuko —eta Euskal Herriko— hedabide handietan. Etsaiaren hizkera bereganaturik, “Munstro abertzalea” eman dio izena Aiestaranek bere liburuari. Munstro hitzak, ordea, adiera ezberdinak ditu, batzuk iradokizunez beteak. Hona bat: “Izaki fantastiko, arraro eta neurriz kanpokoa”. Edo bertze bat: “Bere espezieak ohi dituen ezaugarri morfologikoekin alderatuta, oso ezaugarri morfologiko desberdinak dituen izaki biziduna”. Gisa hartara, bere burua —eta ingurukoak— munstro gisa definituta, begiratoki eszentrikoan, bazterrekoan —nafarrean?—, kokatzen da Aiestaran, bere barnean eta herri izatera ailegatzen ez den Atturri eta Ebro ibaien arteko bihotz zauritu honetan arakatzeko.

Izen franko agertzen dira liburu honetako orrialdeetan zehar: Joseph Garat, Sabino Arana, Lizardi, Joseba Sarrionaindia eta bereziki Gabriel Aresti. Beti komunikatzen aritzen da, nonbait, olerkari bilbotarraren telefonoa. Alabaina Aiestaranek mailu arestiarraren poetikaz baliatzen da, “Euskal Hilerriko” paisaia mindua deskribatzean. Hitzen alberdaniatik urrun, baina hitzekin jolasean esaldi motz eta gehienetan apaindurarik gabeekin kunka jotzen du gure belarrira, ideia ezberdin eta maiz kontrajarrien uztardura etengabean. Gure kontraesanak azaleratuz, gure nahi eta ezinen arteko hesia agerian utziz, karriketako graffitietara jauzi egitea merezi luketen esaldi gaixtoak kateatzen ditu idazleak: “Eraikuntza nazionala. Guggenheim museoa” edo “Lau hitz gudari batentzat. Aldizka oldarrak koldarrak dira”.

Ispiluan begiratu eta han islaturik zer ikusten duen kontatu nahi izan digu Aiestaranek, erran gabeko gonbitean geuk ere gauza bera egin dezagun. Ez ditugu geure egiten idatzi dituen guztiak, baina hagitz anitzetan sentitzen dugu gure ispilu bera dela poetak erabiltzen duena. Argigarria da, alde horretatik, Joxe Azurmendi filosofo eta saiakera egileak eskaintzen duen gibel-solas mamitsua: bera eta Aiestaran orbita ezberdinetan dauden arren, bat egiten dute, hondarrean, bien elipseek. Nago irakurle frankok ere sentitu duela noizbait zaharren egoitzara bidali dugula “aitaren etxeko” aita. Edo puta baten bastarten gisara maite dugula ama aberri delakoa. Edo aita zenduaren besarkada baten truke pikutara igorriko genukeela poesia guztia, literatura guztia, aberri guztia… Finean, poetarekin bat, guk ere erran baitezakegu, xinple-xinpleki: “Abertzalea izan ez arren abertzalea naiz, Lurreko txoko honetatik ilargia nola ikusten den gustuko izatea abertzalea izatea bada”.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak