kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Blackout / Xabier Montoia / Susa, 2004

Gerraren argiak Asier Sarasola / Gara, 2004-06-05

“Hilen Bizimoldea” trilogiaren bigarren atala dugu Blackout izenburuko Xabier Montoiaren azken eleberria. Etxegoien protagonistak gerran dirau. Aurrekoan, “Hezur gabeko hilak”, Lehen Mundu Gerran Frantziako frontean alemanen aurka borrokan baziharduen ere, oraingo honetan, Bigarren Mundu Gerran nazien alde lerrokatutako ildo editorialeko Parisko kazeta batean langile dugu. Lehen soldadu bazen ere, orain kazetari. Anarkistatzat hartzen du bere burua oraindik hala ere, nahiz eta unean-uneko irabazleen alde jokatu. Pertsonaia zinikoa, bere euskalduntasunaz batere jakin nahi ez duena.

Hortaz, bi liburuok irakurri dituenarentzat, argumentuen eskemak parekotasun anitz azaltzen dituela gerta daiteke. Egoerak izan ere, ez baitira arras desberdinak. Protagonistaren kokapena bi kasutan, Montoiaren zorroztasunari dagokio; Lehen Mundu Gerra lubaki eta lokatzezkoa izan zelarik, bertan ezagutu zuen irakurleak Etxegoien; bigarrena, ordea, propagandarena edo ideologien zabaltze masiboena izanik (barka nazate historialariek), aipatu kazetako lanean ikus ahal izango du. Eta eskema-parekotasunak pertsonaien arteko lotura eta harremanetan ere kausi ditzake irakurleak. Egoera lazgarri horren baitako harreman oro menpekotasun eta mehatxuzkoak dira; geroan, geroa baina, biharko eguna delarik, egunsentiaren iritsi etengabe noiz arteko horretan, norberaren hitz eta jokabideak nola eragin dezakeenaren neurria aurkitzeko ariketa zaila islatuz. Eta heriotz absurdoa gerraren paperean; irtenbidea (bakea?) inoiz ez datorren Godot baten antzekoa, guztia inguratzen, tarteka norbait daramalarik.

Bestalde, ez dugu eleberri historiko bat topatuko, aitzitik, garaiarekiko zenbait erreferentzia ezinbesteko topatuko ditugu, halaber kabaret, jazz, boxeo eta tabako amerikarren kea, zuribeltzezko filmetatik gertu, susma dezake irakurleak, halako batean, Etxegoienek kantoi baten bueltan Parisko Pigalle ingurutan, Rick (Bogart) topa dezakeela edo Lili Marlene entzuten den kafetegi batetan sar daitekeela. Topikoa irudi lezakeen girotze ahalegin hau, ez baita Montoia gehiegikeria estetiko edo formalen zale agertzen, gerraren larruak ezkutatzen duen mamuarentzako jantzia da. Gerraren atzaparrak noraino iristen diren erakusten du, zer berdinak diruditen fronte ezberdinak, alderaketekin jarraituz, nola lubakian, hala erredakzioan. Nola segurtasunaren jainkoa gurtzeko blackout-a erabakitzen den; non leiho eta kale guztietako argiek itzaliak behar duten bonbardaketak zailtzeko, non iluntasuna, metafora legez, zabal dadin loaren babeserako. Nola etsaiek euren itzala ezar dezaketen komunikabideen gainean. Nola ordaintzen den albisteek jasaten duten balio erantsiaren zama. Zergak nork biltzen dituen, badakigu bai. Horrela bada, Etxegoienek ez du inorekin zorrik kitatuko, eta traizio eta bortxazko espiralean, olatura noiz igo eta noiz jaitsi asmatzeko zuhurtziaz baliatzen da bizi-irauteko.

Eta hau guztia, noski dezente gehiago ere, lapurtera eta batuaren arteko hibridazio bategaz, konparazioak berriz, askozaz ere borobilagoa nabarituko du irakurleak. Hala ere, eta hiztegiaren beharrak norbait jo badezake ere, liburuaren lorpen nabarmenetako bat da. Bestela, esaldiak tiroak bezalakoak dira; labur eta zuzenak, esan eta erantzunak, baina badago poesiarako tarterik, Etxegoien iragan poeta, inular edo katu batekin kulunkan, narratzailea ostarteen bila ariko balitz bezala.

Atseginez irakurtzeko nobelan, Etxegoienek, bizkarra emanda, hirugarren atalaren bila doa, Frantziako hegoalderuntz (Euskal Herriko iparralderuntz?) eta auskalo zer kontatuko digun. Ordura arte.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak