« Kolaboratzaileak | Gizakiaren zitalkeriaz »
Alegiak / Felix Maria Samaniego (Koldo Biguri) / Arabako Foru Aldundia, 2004
Larrekoaren mintzotik izadia irakasle Karlos del Olmo / Berria, 2004-05-29
Belaunaldi bakoitzak klasikoak bere modura itzuli behar omen ditu, garaian garaiko ekandu eta joeren arabera. Hala diote, behintzat, teorilariek. Felix Maria de Samaniego arabar idazlearen Alegiak liburua, beharbada, ez da agertuko klasikoen zerrenda kanonikoetan, munduko beste hizkuntzetara bihurtzen diren haietan, halere, gure inguruko kultur ondareko idazlan eredugarria eta ikur modukoa denik ezin ukatu. Heldu zaio, beraz, XXI. mendeko euskara batura isurtzeko garaia, erakunde ofizialek bultzatuta eta arabar itzultzaile bat ararteko. Itzulpengintzan ez ezik, erromantzeak eta bestelako ahozko materialak biltzen hamaika lan egindakoa da Koldo Biguri, bestalde. Ele biko edizio mamitsua paratu dute, antzinako ilustrazio eta guzti. Ia 150 orrialde sarrera, argipen eta abar dakartza. Liburuak helburu nagusiak egoki betetzen ditu: ikerlariei gogorako bazka eta ume-gurasoei gura beste gozaldi ematea.
Ahozko literaturatik eta herri tradizioetatik edaten duen literatura mota horrek izadiaren irudiak morala eta gizabidea irakasteko darabiltzanez gero, lekuz kanpo samar lirudike egun, bizi gaituen ikus-entzunezkoen gizartean, horrelako gogoetak, irudi literarioak eta literatura klasea bera beste garai batekoak baino, unibertso paralelo batetik etorriak diruditenetik.
Itzultzaileak berak sarreran dioenez, dema ez zen nolanahikoa. Itzulpena baino bertsioa dela dio. Baina zein itzulpen ez da, azken buruan, bertsio? Edukia bera ez ezik, forma ere euskaratu ez euskaratu aukeratu beharra izan zuen. Jatorriz testu neurtua izanda, euskarazko neurri moldeetara ekartzeak beste oztopobide bat erantsi dio itzulpengintzari. Behargaia, berez, neketsua ez balitz legez. Neurria —zortziko nagusia, batez ere— aukeratutakoan, beste zama bat ostean: helburu didaktikoa ere erdiestea, hots, egungo ume euskaldunei onuratsu jazotzeko bidea topatzea, gustuko parabolak buruz ikasi ahal izateko modu-moduan.
Gauza ezaguna da hainbat itzulpenetan izenburua beste hizkuntza batean ematea izaten dela eginbeharrik gaitzena. Zer ez da esango, orduan, ia bi orririk behin izenburuak itzultzen jardun behar izaten denean? Alegia bakoitzaren izenburuak erabaki beharrak, ia bestela baitakoan, okertzeko bidea dakar. Esaera zaharra parafraseatuta: aukera urte, gezur urte.
Samaniegoren Alegiek garai hartan, berritasuna ekarri zuten bertsoz idatzitako kontakizun ziren aldetik, baina atzetik tradizioaren soka luzea zekarten: munduko bazter guztietan ia gizakia gizaki denetik ezagun diren animalien bidezko narrazio didaktikoak, hau da, ikaskizunen bat proposatzen duten kontakizunena. Garaian garaiko herriaren gogo kolektiboa, pentsaera komuna ederto erakutsi ohi dute. Erdi Aroko Bestiarioak izan ziren geroko moral erakusle haien oinarri literarioa. Alegien XVIII. mendeko loraldia azaltzeko, garai hartan zabaldu zen poesiaren eta literaturaren ikuspegi utilitarista eta etikoa ondo kontuan izan behar ditugu.
Samaniegok aire berri bat erantsi nahi izan zien berez oso zurrunduta zeuden gai batzuei, nahiz eta herriak, zelan edo hala, gomutan ondo josiak zituenez gero, nekez urrundu zitekeen herriaren gustutik. Itzultzailearen antzera, egileak ere tradizioa eta modernitatea izan zituen borroka gai eta hautu. Aitzindari gertatu zen, eta bizi zela ere, hainbat argitalpen eduki zituen Samaniegoren bildumak, beste alegia idazle andana bati bidea ebakita. Ez dugu ahaztu behar modernitatearen eta tradizioaren arteko kinka ulertzeko orduan Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide izan zenik, pentsamolde jakin baten erakusgarri.
Poetikek eta eskuliburuek apologoak, alegiak genero txikien artean jasotzen izan dituzte, halako idazlanei mesfidati begiratu izan dietelako zenbait adituk. Animaliak, landareak, eta gauzakiak berbetan agertzen dira. Ez da harrigarri, gizarte paganoak animistak izaten dira, eta halakoxeak izan ohi dira umeak hainbat urtean. Errekurtso artifiziozko hori gizartean bene-benetakotzat hartzen diren balio moral ustez egiaztatuen euskarri da. Pentsalari batzuek ukatzen duten arren iritzi edo ikuspegi bat populuarengan errotuta egotea egiazkotasunaren frogarria denik. Kontrakoa ere esan liteke.
Alegien bitartez egileek gizarteari ispilua jarri gura izaten diote aurrean, inoren buruan zentsa dadin. Izango al da bilduma hau egungo umeen eskarmentagarria? Hartzaile barik, ikaskizunik ezean, alegiak izatea bera galtzen du. Zuberoan diotenez, “Hobe da zentzü borogatü ezi ez zentzü eskolatü!”.
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Ibon Egaña
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Asier Urkiza
Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx
Aritz Galarraga
Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu
Mikel Asurmendi
Denboraren zubia
Iñaki Iturain
Aritz Pardina Herrero
Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños
Irati Majuelo
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Joxe Aldasoro
Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia
Aiora Sampedro
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Mikel Asurmendi
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Maialen Sobrino Lopez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Asier Urkiza
Espekulazioak
Arrate Egaña
Nagore Fernandez
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Txani Rodríguez