« Soneto-liburua | Margolariaren krisia »
Biziminaren sonetoak / Joan Mari Irigoien / Elkar, 2004
Orekaren neurria Oier Guillan / Gara, 2004-05-22
Urte luzez ibilbide oparoa eskaini digu Joan Mari Irigoienek. Literaturan barrena genero eta estilo ezberdinak landu ditu, ibilian gauza ezberdinak probatzeari utzi gabe, poesia eta bereziki eleberria horren lekuko. Oraingo honetan Biziminaren sonetoak izeneko lana heldu da. Poesiari dagokionez, bertso librea nagusitu den garaiotan, deigarria suertatzen da klasikotzat jo litezkeen egituretan oinarrituta egotea, baita erakargarria ere. Sonetoak edonola ere badu beste neurriak ez duten lilura, autore batek baino gehiagok jo izan baitu (beste bertso neurrietan, edo neurri gabezietan, murgilduta ibili ondoren) sonetoaren baitara.
Irakurle gisa bereziki bertso librearen baitan hazi den iruzkingile trakets honi oraindik orain kosta egiten zaio sonetoak bezalako neurriak dastatzea, neurri batean artifiziala, behartua sentitu gabe, baina ziur nago sentsazio hori gabezia bat izan daitekeela beste ezer baino gehiago. Aitor dut Irigoienen liburua eskuetan ez dudala lortu une oro sentsazio hori gainetik kentzea, baina egon dira halaber aurreiritzi filtro hauek ahaztuarazi eta hitzen gozamenean murgildu nauten olerki eder ugari. Soseguz, barne ekaitzen osteko lasaitasunean nabigatzen duenaren trebeziaz izkiriaturik sentitu ditut olerkiok. Esperientzia gutxiagoko marinel bat ezbairik gabe hondoratuko litzateke sonetoaren uretan, sentimenduen mundua ñabardurez betetzen duten olatuen artean.
Biziminak bizitzeko nahia, grina adierazi lezake, mina hitza haren baitan kontraesanean sentitu gabe. Min hori sentimendu batera zinez iristeko nahiaren baliokide izan liteke halaber, saminarena baino gehiago. Liburua osatzen duten bost ataletan zehar gai ezberdinek sortutako bizimina kausitu lezake irakurleak: barne mugetara begirada zuzendu, maitasun moeta ezberdinetatik igaro eta ingurura ere abiatzen da idazlearen luma, inguru gertu nahiz urrunera, Amerikara kasu. Atalen artean bereziki esanguratsua iruditzen zait hirugarrena, “Suminarena” deritzona. Bertan, liburuko olerki gehienetan nagusitzen den tonu urrun-gertua bestelakotzen da, otsoarena bezalako sinbolo ezagunak zaharberrituz. Tituluetan otsaileko data ez oso urrunak, eta haien azpian zalantzarako tarterik uzten ez duten eskaintzak: Iñaki Uria, Martin Ugalde, Pello Zubiria, Martxelo Otamendi edo “Egunkaria” izenak entzutean oraino odola borborka jartzen ahal zaio askori. Nolanahiko sentimenduen iturri den ezein bizipen edo zauri sakonaren gisan, “Egunkaria”ren itxierak ere bere isla du idazlearen luma eta orri zuriaren arteko harremanean. Haren eskutik datoz ere Itoitz eta Bagdad, biziminaren eremua zabala baita, egon etxeko mahaian, leihotik begira ala kalean.
Edonola ere liburuaren osotasunari begira aurki litezke modu ez hain zuzenean baina oso intentsoki iristen ahal diren bestelako olerkiak. Bilaketa, galderak egiteko modua eta ulertzeko nahia gertu sentitu ala ez, irudietan joriagoak iruditzen zaizkit autoreak begirada barrura zuzentzen dueneko testuak. Denboraren pausalekuan iraganari egiten dio so, oroitzapenen orainari, apaldutako grina xede eta era berean urteen baretasuna lagun.
Bizimina gauza askoz mintzo liteke, izan izpiritualitatearekiko kezka, maitasuna ala egunkari baten itxiera, denetan aurkitu liteke begien bestaldekoa borborka. Liburu honetako poesia ez zait une oro gertua egin (horrela behar luke?) baina edonola ere, beste sentsazio bat da azkenean gailentzen dena, poeta hotzaren poesia hotzaz mintzo delarik: “Aitor dut: niri ez zait interesatzen / bihotz-taupadarik gabeko bihotza”, eta liburuari ezin zaio bihotzaren sugarren isla denik ukatu.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez