« Zoroaren unibertsoa | Espioi bat Alemanian »
Euskal Herria 2005 / Askoren artean / Gatuzain, 2003
Fikziozko ispiluak Oier Guillan / Gara, 2004-04-24
Abiapuntu interesgarria du Gatuzain argitaletxeak Euskal Herria 2050 titulupean kaleratutako liburuak. Interesgarria zentzu bikoitzean: alde batetik, idazle nahiz marrazkilariei zuzendutako proposamenaren emaitza delako eta, bestetik, Euskal Herria mende erdi barru irudikatzeko erronka egiten dielako parte hartzaile nahiz irakurleei.
Sormenaren arloko ezein jende multzo proiektu bakar baten inguruan elkartzeak ez dirudi lan erraza. Are gutxiago parte hartzaileak hutsetik abiatu behar direnean helburu komun batekin; kasu honetan, gaia. Edonola ere, abiapuntuak nahikoa zabala dirudi, eta hori emaitzen ezaugarrietan islatzen da, gaia lantzeko moduan ezaugarri komunak topa litezkeen arren oro har parte hartzaile bakoitzak bere bidetik jo baitu.
Lehenik eta behin, etorkizuneko Euskal Herria irudikatzerakoan, gehienek jo dute teknologiaren muturreko garapena agertzera. Ene aburuz, modu ahulean jolasten da ezaugarri honekin, bestelako ideia mamitsuagoak azaltzeko beharrezkoa suertatzen den eszenatoki soilaren antza hartuz. Edonola ere, kontakizun futuristen lerro artetik, Euskal Herria eta, oro har, gizarteak egun daraman norabidearen gaineko gogoetak du protagonismoa. Egungo kezken etorkizunerako proiekzioa diren heinean, oraingo arazoen isla interesgarria bilakatzen dira: migrazioei loturiko arrazakeria, aurrerapen teknologikoen bidezko ustezko zoriontasuna, ekologismoa, nekazaritza arlo eta bizimoduaren garapena, adinduen egoera, oinarrizko askatasunen galera, euskararen etorkizuna…
Itxaro Borda, Eneko Bidegain, Iban Zaldua, Maritxu Lopepe eta Lucien Etxezaharreta idazleen kontakizunek jarraitzen dute gehien ildo hori: oro har, modu nahiko ilunean garatzen dituzte egungo gizarteen ezaugarriak norbanakoa nahiz giza taldeei begira. Ezkorrak direla esan liteke apika, baina, horren bidez, egungo gizarteari buruzko gogoetak gautzatzeko tresnak eskaintzen dituzte batez ere, irakurleen buruak etorkizunera bidaltzen dituzten fikziozko ispiluak. Narrazio hauetan, oro har, boterearen garapena eta zabalkundea dira nagusi, “aurrerapen” teknologikoek bermatzen duten kontrolerako baliabideen ildotik. Mundu mailako kezka hauek Euskal Herrian oso isla nabarmena dute. Euskal kultura bisitari gutxi dituen museo baten gisan aurkitzen ahal da liburuan, baserrietatik eratorritako mundu ikuskera zentzuz hustua, euskara arras baztertua… Narrazioetako asko iparraldeko ikuspegitik idatziak izateak ez du larridura lasaitzen, euskarak duen arriskua zientzia fizkio hutsa balitz bederen…
Gotzon Garate, Castillo Suarez eta Marcemedyren lanak dira arrazoi ezberdinengatik besteekiko gehien aldentzen direnak. Garatek kasu poetikotasun nabarmenaz idatzi du bere ipuina. Suarezena da liburuko poesia lan bakarra, idazkera garbia eta zuzena; bere gogoetak etorkizunaz mintzo diren arren, besteak baino askoz gertuago agertzen da orainetik. Marcemedyk azkenik komikia eskaintzen du. Azken bi hauen lanak ikusita, pena ematen du Gatuzainen proposamenak narratzaileak ez ezik diziplina artistiko eta genero aldetik ere parte hartze anitzagoak bildu ez izanak. Alde horretatik agian liburua orekatuagoa egon litekeen arren, tankera honetako lanak bideratzeko atea irekita uzten du, gogoeta eta, oro har, elkarlanaren ildotik ekimenak aberastuz. Eta ez da gutxi.
Silueta
Harkaitz Cano
Irati Majuelo
Koxka bat estuago
Henry James
Aritz Galarraga
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Hasier Rekondo
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Maddi Galdos Areta
Poesia kaiera
Frank O'Hara
Asier Urkiza
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Nagore Fernandez
Beste urte batez
Samira Azzam
Maialen Sobrino Lopez
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Iraitz Urkulo
Auzokinak
Gorka Erostarbe
Mikel Asurmendi
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Amaia Alvarez Uria
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Irati Majuelo
Silueta
Harkaitz Cano
Ibon Egaña
Azken batean
Lourdes Oñederra
Paloma Rodriguez-Miñambres