kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Begiz jotako ipuinak / Askoren artean / Alberdania-COFF Fundazioa, 2003

Begientzako gutizia Gotzon Hermosilla / Berria, 2004-03-20

Sasoi ilunak, sasoi latzak, sasoi ankerrak dira gureak. Dagoeneko, mundua ez da bizitzeko lekurik aproposena, inoiz halakorik izan bada. Milurteko berria eta burua lehengo lepotik. Gerrak, izuak, horroreak bizi gaituzte. Eta etsipena nagusitzen denean, gelditzen zaizkigun abaro bakanetan babesa bilatzeko tentazioa sortzen zaigu. Literaturan, esaterako. Errealitatetik itzuri eta fikzioan murgiltzea, gozo-gozo, liburu eder bat esku artean hartuta.

Begiz jotako ipuin hauek, adibidez. Liburu ederra, zinez, Alberdaniak eta COFF Fundazioak plazaratu dutena. Abiapuntua ere berezia da oso: hamabost idazle aukeratu, eta COFF Fundazioaren artxibo oparoan dauden hamaika argazkietatik bat hautatzeko eskatu, argazki horretan oinarrituta narrazio bat harilkatzeko. Horrelako jolasak ohikoak dira erdarazko literaturetan, ez hainbeste gurean; akordura datozkit Txalapartak argitaratutako Marihuanazko bufandak, Eguzkik plazaratu zituen Ipuin berdeak (ez, ez ziren ipuin erotikoak, ekologiaren ingurukoak baizik) eta besteren bat. Hitzak eta irudiak uztartzeko saialdien artean, berriz, duela hamar bat urte Bilboko Alde Zaharreko Euskal Txokoak antolatu zuen erakusketa datorkit gogora, margoak eta literatur testuak artelan bakar baten gisan aurkezten zizkiguna. Baina askoz gehiago ez, eta ez dakit zergatik: gure idazleek jolaserako jaidura handirik ez ote duten, enkarguzko lanei uzkur begiratzen ote dieten… Edo, besterik gabe, gurearen moduko literatuta txikiaren ajea baino ez da. Ez dakit.

Arestian esan bezala, liburu ederra da Begiz jotako ipuinak. Begientzako gutizia. Luxuzko edizioa, argazkiak koloreetan, aurkezpen dotorea… Akats tipografiko batzuk badaude, hogei euro inguru balio duen liburu batean barkaezinak direnak, nire ustez. Baina, modan jarri den esapidea erabiliz, batak ez du bestea kentzen.

Edukiari bagagozkio, hamabost idazleek arriskua hartu dute proposatutako jolasa onartuta, eta emaitza, ezinbestez, gorabeheratsu samarra da, baina literatur egarria ase gura duenak aurkituko du horretarako aukera liburu honetan. Hamabost narrazio ageri zaizkigu; edo hamasei, Joxean Muñozen hitzaurre ederra kontuan hartuta; edo hamazazpi, amaieran eskaintzen zaizkigun orri zuriak irakurleak berak bere narrazioa eraikitzeko gonbidapen gisa hartzen baditugu. Eta ipuin horien artean badago zer nabarmendu: esaterako, Iban Zalduak egunerokotasunetik abiatuta irakurlea hunkitzeko duen abilidade aparta; Edorta Jimenezen narrazio gordina, aukeratutako argazkia bezainbat; Inazio Mujika Iraolaren ipuin biribila, berbaren bi adieretan: biribila narrazioaren zirkulua zehatz eta doi ixten duelako, eta irakurlearen ahosabaian ipuin biribilaren zaporea uzten duelako; Jon Alonsoren esperimentalismo ausarta; Izagirre, Lertxundi edo Montoiaren luma zaildu trebeak (eta, hala ere, guri, hiru idazle handi horien edozein testu otso gosetiaren irrikaz irakurtzen dugun mitozale baldarroi, zerbait gehiago espero genuelako sentsazio deserosoa gailentzen zaigu); Joseba Sarrionandiaren istorio sotil eta era berean zirraragarria…

Sasoi ilunak, sasoi latzak, sasoi ankerrak dira gureak. Dagoeneko, mundua ez da bizitzeko lekurik aproposena, inoiz halakorik izan bada. Baina etsipena nagusitzen denean, literatura ez da soilik abaro, aterpe, babes. Edo ez luke izan behar. Izan daiteke zokorik ilunenean ezkutaturik dagoen edertasuna bilatzeko gonbita, bizitzari aurrez aurre begiratzeko akuilua, giza harremanak ulertzeko ahalegin porrokatua. Horrelakoetan, begientzakoa ez ezik, gogoarentzako gutizia ere bilakatzen dira liburu ederrak. Horretatik ere badago begiz jotako ipuin hauetan.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak