kritiken hemeroteka

8.640 kritika

« | »

Zoririk ez / Imre Kertész / Elkar, 2003

Urratsak denboran Ibon Egaña / Berria, 2004-02-28

Oroitzapenak zakur abandonatuak lakoak dira, alderraiak, inguratu eta begiratu egiten gaituzte, arnasestuka ulu egiten dute begiak ilargirantz altxatuz; uxatu egin nahi zenituzke, baina ez dute alde egiten, gosez miazten dizute eskua, eta bizkarra ematen diezunean, kosk egiten dizute…”. Hala deskribatzen ditu oroitzapenak Imre Kertészek Valaki Mas (Ni, bestea) liburuan. Eta Budapesteko idazleak ez die bizkarrik ematen bere oroitzapenei. Aitzitik, oroimenaren eta testigantzaren artean garatzen da bere literatur emana. Auschwitz eta Buchenwald-eko kontzentrazio-esparruak ezagutu zituen Kertészek eta ez du ia beste gairik izan bere literaturak, dela nobelaren itxurapean, dela saioaren eta oroitzapenaren arteko liburu hibridoetan. Idaztea, oroitzea da Nobel saridunarentzat Adornori erantzuteko eta suizidioari ihes egiteko aukera bakarra. “Beti gai bakar bati buruz (Auschwitz) idaztea leporatzen didate, eta, ondorioz, nire herrialdearen ordezkari (Hungaria) ez izatea”. Alabaina, giza izaeraren eta gaizkiaren muinera heldu denak nekez hauta dezake beste gairik literaturarako.

Urtzi Urrutikoetxeak Jokin Zaitegi sariari esker euskaratutako Zoririk ez nobelan ere kontzentrazio-esparruetan bizitakoak ditu kontagai Kertészek. Hiru egun soilik egin zituen Kertészek Auschwitzen baina “egun bakarra aski da infernuko horroreak bizitzeko, badago aski denborarik horretarako”, zioen Wittgensteinek, eta urtebete inguru Buchenwald eta Zeitz artean. Baina, nobelak izaera autobiografikoa badu ere, fikziozko Gyorgy Koves pertsonaiaren bidez ematen digu Kertészek bere bizipenen berri, idazlea bezala nerabe budapestarra, hamabost bat urtekoa. Beharrezkoa duen distantzia bat hartzen du idazleak oroitu ahal izateko, horrorea hitzez azaltzeko. Iraganeko eta presenteko aditz-denborak etengabe nahasten eta txandakatzen ditu Kertészek narrazioan, gertakari bera oraina eta iragana erabiliz kontatuz eta bien nahastura horretatik memoriaren denbora modu bat sortuz. Aldi berean hurbila eta urruna, denboran eta espazioan. Hala, iragana, memoria, denbora presentearen parte bihurturik, bertan txertaturik agertzen da narrazioaren diskurtsoan.

Gyorgy Kovesen begirada inuzente, ingenuo eta batzuetan inpertinentearen esku uzten du Kertészek narrazioaren gidaritza. Sentimentalismorako tentazio oro saihesten du hala nerabe ezjakinaren begiradak, Kertészek ez baitu inolako juzkurik, baloraziorik edo gogoetarik egiten eta nerabearen begirada xaloa soilik eskaintzen digu. Kovesen ahotsak gertakariak kontatzen eta zerrendatzen ditu, beste barik. Ez du gertakari isolatu horiek salatzen duten azpiko sistemaren kontzientziarik. Kertészek irakurlearen esku uzten du nerabeak lehen pertsonan narratutako ekintzak, esandako hitzak esanahi orokorragoz eta testuinguruz osatzea. Hala, Auschwitz izena nerabe deportatuak lehen aldiz treneko zirrikitutik irakurtzen duenean, izen berri baten arroztasuna baino ez du sentitzen; irakurlearen baitan, baina, oihartzun beldurgarria eragiten du ifernuaren toponimoak.

Kafkaren aipu bat (esango nuke pragatarraren itzala aipuez haratago doala Kertészen lanean) jaso zuen Kertészek Valaki Mas libururan: “Igotzeari uzten ez diozun artean, eskailera-mailak ez dira bukatuko, igotzen doazen zure oinen pean, gorantz haziko dira”. Kafkaren aipua alderantzizko zentzuan ere baliagarri dela, horixe iradokitzen du Zoririk ez eleberriak: beheranzko eskaileran beti dagoela maila bat beherago egiterik, ifernuranzko bideak ez duela amaierarik. Auschwitz bera ere ez dela ifernua. Kalean izar horia eraman behar izatetik lan behartuetara, kontzentrazio-esparruetatik gas ganberetara, Budapestetik Auschwitzera denbora-tarteak soilik daudela adierazten du Keteszen nobelak. Ez dagoela “zentzugabekeriarik naturaltasun osoz bizi ezin daitekeenik”, Kovesek liburuaren azken orrian aitortzen duenez. Eta horrek larritzen gaitu gehien, deshumanizazio egoerarik ankerrena ere nola eraman daitekeen, nola posible den aspertzea Auschwitzen.

Kontzentrazio-esparruek, gas ganberek ez zituzten gizaki saldoak akabatu, gizatasuna bera suntsitu eta ukatu zuten, Hanna Arendt-en hitzetan, eta hori posible, gertagarri egin zuen kultura, Gyorgy Kovesen bizipenak gertatzea ahalbidetu zuen zibilizazioa berrikusi eta berdefinitu behar da, Kertészen ustez, eta lan horri lotu dio bere ibilbide literario osoa: “Auschwitzek erakutsi zuen errotik aldatu behar dugula XVIII. eta XIX. mendeetako humanismoak gizakiaz sortutako irudia”.

Luxua eta ohorea da euskaldunontzat Kertész geure hizkuntzan irakurri ahal izatea, non eta euskaraz sortutakoaren naturaltasunez irakurtzen den itzulpenean.

Azken kritikak

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak