kritiken hemeroteka

8.121 kritika

Azken kritikak

« | »

Ugerra eta kedarra / Sonia Gonzalez / Txalaparta, 2003

Ugerra burdinari bezala Maider Ziaurriz / Berria, 2004-02-21

Ugerra eta kedarra besterik ez dago Bilboko kaleetan. Edo, behintzat, hala uste du Katek, Sonia Gonzalezen lehenengo eleberriko protagonistak. Uger eta kedar erantsiak dira, gainera, itsatsiak, kendu ezinak, pertsonaien azal bihurtu direnak eta igurtziaren igurtziaz ere beti arrastoa uzten dutenak; herdoilak jandakoa zail izaten baita garbitzen.

Eta uger eta kedar artean bizi diren pertsonaiak izanda, istorioa ere kolore bakarrarekin deskribatzeko modukoa izan behar: beltza. Izan ere, Bilboren alderdi iluna agertzen da: kaleko giroa, gaua, alkohola, drogak, delinkuentzia, heriotza, sexua… Narrazio gordina, funtsean. Pasarte batean, gainera, Bukowski irakurtzen agertzen da Kat, eta haren narrazioen gordintasunetik ere badu Ugerra eta kedarra liburuak.

Azken batean, gizarteak baztertu eta galtzailetzat jotzen dituen pertsonaiak agertzen dira, muturreko egoeretan bizi direnak; eta kedar artean galduta dabiltza, ilunpean eta zikinkeria artean haztamuka, zerbaiten bila, merezi duen ezer aurkituko ez dutela jakin arren. Baina, aldi berean, hala bizitzea aukeratu dute, eta gustuko dute giro hori arnastea; horregatik, ez dira kexatzen; ez dute asmorik bizimoduz aldatzeko ere, eta giro horretan bilatu beharko dute edertasuna: “Uger artean edertasun izpiak aurkitu behar ditugu, geure kabuz, bizi ahal izateko, bizirik gaudela sentitzeko”. Koloreak bilatu beharko dituzte, beltza besterik ikusten ez den tokian.

Baina ez dute ezer aurkituko; taberna zulo bateko barra bat, besterik ez. Hain zuzen, Kakarraldo tabernan aurkituko dute salbazioa: ugerraren eta kedarraren belztasuna zuritzeko modua, alegia. Eta lagun zuria aurkituko diote bakardadeari. Baina zuria beti da faltsua, eta drogaren eragina pasatzean, berriz ere kalera irten beharko dute; gurpil zoroan harrapatuta egongo dira, berriz ere beltza zuritu beharrean.

Hala bizi da Kat ere. Emakume gogorra da; kalean ondo zaildutako gauetako katemea. Ez du espero bizitzak ezer onik ekarriko dionik; bizitza gordina baita, eta alferrik da bilatzea; ez dago ezer, eguneroko ugerra eta kedarra besterik ez. Ohituta dago bakarrik ibiltzen, eta ez du merezi duen inor aurkitzeko itxaropenik ere, lagunak etorri eta joan egiten baitira, kea bezala. Ebe izan ezik. Eberen eta Katen adiskidetasuna garbia da, ugerrik gabea. Horregatik, bere lagun drogazalea zaintzea beste helbururik ez du izango. Baina Eñaut ezagutuko du, eta maitemindu egingo dira, nahi gabe, bilatu gabe. Eta itxura gogor horren azpian, sentimenduak ere badituztela ikusiko dugu. Ugerrak eta kedarrak ez die utziko, ordea, maitasun hori loratzen, bakoitzak bere bidea baitu; eta horrek ez du atzera bueltarik, ez dago aldatzeko modurik.

Bestalde, pertsonaia gogor eta harreman zail horien atzean, giro soziala eta politikoa ere agertuko zaigu, pertsonaien bizitzetan eragiten duen neurrian; eta hori ondo ematen asmatu du Sonia Gonzalezek. Hizkera hautatzeko orduan ere, agertzen gordintasun hori: hizkera bizia eta zuzena, lagunarteko hitzak, biraoak… Gainera, bizkaiera ere erabiltzen du elkarrizketetan, eta horrek guztiak arindu eta biziagotu egiten du irakurtzea; baita kontakizuna atontzeko moduak ere: zatika kontatzen du, eta ez dago linealtasunik; baina atzera-aurrera ugari izan arren eta hainbat ikuspegitatik kontatu arren, irakurleari ez zaio zaila gertatuko hariari jarraitzea eta pieza horiekin puzzlea osatzea. Hasi bezalaxe amaitzen da, gainera. Baina, hala ere, amaieratik hasi arren, ez da suspentserik falta. Jakin-mina sortzen du Sonia Gonzalezek liburu honetan. Agian, emakume gogor bat duelako protagonista eta ez gaudelako horretara oso ohituak euskarazko literaturan. Dena dela, gustura irakurtzen da eta emakumearen ikuspegi hori ere aberasgarria da.

Orain artean poesia idatzi badu ere, urrats sendoz hasi du narrazioko ibilbidea.

Azken kritikak

Alaska
Castillo Suarez

Irati Majuelo

Poesia bizitzeko eta sentitzeko modua da
Karmele Igartua

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Pantailen garaipena
Iñigo Martinez Peña

Jon Martin-Etxebeste

Axularren gerizapean
Kepa Altonaga

Asier Urkiza

Emakume bat
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Atsoa
Victor Catala

Joxe Aldasoro

Arrain hezur bat eztarrian
Olatz Mitxelena

Jon Martin-Etxebeste

Lur gainean, itzal azpian
Leire Milikua Larramendi

Irati Majuelo

Gu gabe ere
Itziar Ugarte Irizar

Mikel Asurmendi

Alaska
Castillo Suarez

Jon Martin-Etxebeste

Alaska
Castillo Suarez

Maddi Galdos Areta

Puskak
Irene Pujadas

Asier Urkiza

Norberak maite duena
Miren Billelabeitia

Nagore Fernandez

Beirazko kanpaia
Sylvia Plath

Hasier Rekondo

Artxiboa

2023(e)ko martxoa

2023(e)ko otsaila

2023(e)ko urtarrila

2022(e)ko abendua

2022(e)ko azaroa

2022(e)ko urria

2022(e)ko iraila

2022(e)ko uztaila

2022(e)ko ekaina

2022(e)ko maiatza

2022(e)ko apirila

2022(e)ko martxoa

Hedabideak