kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Lekua / Annie Ernaux (Joseba Urteaga) / Igela, 2003

Tarte zuriak Mikel Garmendia / Gara, 2004-02-07

Bistan da, bai, école du regard eta nouveau roman mugimenduetatik edan duela Annie Ernaux-ek. Hala erakusten du behintzat 1984an Renaudot saria irabazi zuen eleberri honetan. Zirkularra da eleberriaren egitura, aitaren heriotzarekin hasi eta bukatzen dena. Zirkulua ez da, ordea, erabat ixten, zirrikitu bat uzten da zabalik eleberriaren amaieran. Benetan zirrikitu garrantzitsua, gainera.

Eleberri autobiografikoa. Bigarren Mundu Gerrako seme-alaba ditu gurasoak, txiroak eta galtzaileak. Ekinaren ekinez, konplexu eta lotsei gogor eginez aurrera atera direnak eta alabari, berari, ikasketak eman dizkiotenak. Ikasketa horiexek edo, oro har, intelektualtasuna bera dira krisiaren sorburu, aitaren eta alabaren artekoa. Krisia bere baitakoa ere bada, ordea, eta horixe erakusten du, nik uste, eleberriaren amaieran azaltzen zaigun neskak, kutxazain lanetan ari den bere ikasle ohiak.

Teknika zinematografikoa darabil Ernaux-ek denboran atzera egin eta gauzak oraintxe bertan gertatzen ariko balira bezala kontatzeko. Argazkiak eskainiko dizkigu maiz (“Ibaiertzeko patio txikian ateratako argazki bat”) eta etengabe erabiliko ditu orainaldiko aditz-denborak iraganean kokatutako pasadizoak kontatzeko: “Ama zain zegoen irteeran… Bat-batean abiada mantsotuz esaten du:..”. Eta aurreraxeago “Amak jakinarazi digu…”. Bietarako tradizioa dugu euskaraz aditzaren aspektuari dagokionez: burutua nahiz burutu gabea erabili izan dira. Behin bat aukeratuz gero, ordea, hari eutsiko nioke nik behintzat, nahiz eta, egia esan, bi moduak elkar nahasirik erabiltzea ez den eragozpen testuak behar bezala kurri dezan.

Bada, argazkien teknikaz gain, Marguerite Duras-ek ere bere eleberrietan erabilitako beste teknika bat: tarte zuriak. Tarte horiek denboran egindako jauziak dira -memoria-hutsuneak, seguruenik, iragana nahasirik oroitzen baitu, egileak berak aitortzen digunez-. Duras-enetan, berriz, isiluneak ziren.

Duela gutxi Ixiar Rozas-ek esan digun bezala, literaturaren dohainetako bat dena ez esplizitatzearena da. Horrexegatik dugu eskuartean eleberri bat eta ez biografia huts bat. Eta horretara ere badatoz tarte zuri horiek, bai eta lekuen izenak ez ematea. Iradoki egiten du Ernauxen literaturak, estilo xume eta idazkera zuzen batean gainera, esaldi motz eta korapilatu gabeen bidez. Bada, alde horretatik, itzulpenari beste ohar bat egin beharra. Bortxatu samarra iruditzen zait honelako esaldietan subjuntiboa erabiltzea: “Mutikoak (…) besarka dezan eta eskutik helduta eraman dezan uzten dio”. Aski litzateke, nik uste: “Mutikoak (…) besarkatzen eta eskutik helduta eramaten uzten dio”. Nolanahi ere, itzulpen txukun eta zaindu baten aurrean gaude, Igelak ohituta gauzkan bezala.

Zirkulua erabat ixten uzten ez duen zirrikitua aipatu dugu arestian, ikasle ohiaren irudiarena. Bada, ikasle ohi hori aurkeztu aurretik, tarte zuri horietako batez bereizirik, honako aitorpen hau irakur dezakegu, komentariorik behar ez duena, erabatekoa:

“Izenburu batez gogoratzen naiz: Mugen esperientzia. Eta hasiera irakurri nueneko dezepzioaz, metafisika eta literaturako gaiak soilik. Idazten aritu naizen denbora guztian ikasleen etxeko lanak ere zuzendu ditut, eta idazlanak egiteko ereduak prestatu, horretarako ordaintzen didatelako. Ideia-joko horrek eta luxuak inpresio bera eragiten zidaten, irudipen hutsaren sentsazioa, negargura”.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak