« Itzuleraren testigantza bat | Bizitza, bai gauza bitxia »
Beste urte batez / Samira Azzam (Xabier Monasterio) / Testu Zaharrak, 2025
Labur eta sakon Ainhoa Aldazabal Gallastegui / Argia, 2026-04-05
Altxor bat da Testu Zaharrak argitaletxeak 2025an publikatu duen Samira Azzamen ipuin liburu hau. Idazlearen bederatzi ipuinez gain, hitzaurre bi (Iñigo Aranbarri eta Xabier Monasteriorenak) eta ipuin bakoitzeko ilustrazio banak (Adurrenak) osatzen dute materiala. Laburki, baina idazlearen biografia eta testuingurua hobeto ezagutzeko baliagarriak izan dira niretzat eta gustora asko murgildu naiz liburuan.
Liburu honetako ipuinak askotarikoak dira, baina gehienetan kritika soziala dute oinarri: pobreziak eragindako egoerak erakutsi eta kolonizazioak Palestinan eragindako lur galtzeak kritikatzen ditu. Baita emakume protagonista batzuk jasaten dituzten jazarpen egoerak salatu ere. Horren adibide da, besteak beste, Bere kontakizuna ipuina: lanean nagusiaren partetik neskak gaztetan bizi izandako jazarpen sexuala eta horrek ekarri dizkion ondorio sozialak (estigma, bazterketa eta senideekiko urruntzea) salatu ditu. Horretarako estrategia ezin hobea aukeratzen du idazleak, arrebak nebari idazten dion gutuna baita ipuina.
Zergatik iruditzen zaidan estrategia aproposa? Eskutitzak espazio literarioak direlako: konfidentziak egiteko eta publikoki esan ezin daitezkeenak esateko. Imajinatzen dut hori dela liburuan ipuina intimista bezala deskribatzeko arrazoia. Baina ez nator bat. Agian, ipuinaren tonua intimoa izan daiteke —eta nik ez dut uste hala denik—; baina testua oihu bat da, salaketa gordin bat, kolpe bat mahaian, planto bat sistemari, ekintza politiko bat. Eta horrek gutxi du intimismotik, intimismoa zerbait baldin bada.
Biribilak dira XX. mendean Azzamek idatzitako bederatzi ipuinak. Laburrak eta sakonak. Eguneroko ekintzaz, jendez, usainez eta egoerez beteta daude. Baina hitzaren arteak zipriztindutako estiloa dario lerro bakoitzari. Bederatzi ipuin gutxi dira irakurlearen plazererako eta gehiegi literatur kritika honetan denak aipatu eta aztertzeko. Beraz, liburua irakurri beharko duzue esan ez dudan guztia zer den jakiteko. Asko da, zin dagizuet.
Azzamek burua altxatuko balu munduan eta Palestinan gertatzen ari denari (eta egiten ari direnari, eta egiten ari ez garenari) buruz zer idatziko zukeen galdetu diot etengabe nire buruari: zein hariri egingo liokeen tira istorioak hasteko; eta nola josiko lituzkeen hitzak esaldiak egiteko; nola errematatuko lukeen ipuin bakoitzeko korapilo bakoitza. Edo jostorratzarekin zast egingo ligukeen odolik dugun ziurtatzeko. Hori ere galdetu diot nire buruari.
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez
Biba gorriac!
Imanol Murua Uria
Mikel Asurmendi
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Patxi Iturregi
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria
Poesia kaiera
Elizabeth Bishop
Irati Majuelo
Godoten esperoan
Samuel Beckett
Aritz Galarraga
Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez
Iñaki Lopez de Luzuriaga
Bazter utzietan
Karlos Linazasoro
Hasier Rekondo
Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo
Paloma Rodriguez-Miñambres
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Mikel Asurmendi
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Maialen Sobrino Lopez
Zerua hemen
Oihana Arana
Asier Urkiza
Café Mokka
Jabier Muguruza
Nagore Fernandez