kritiken hemeroteka

8.640 kritika

« | »

Zubi bat Drinaren gainean / Ivo Andritx (Karlos Zabala) / Elkar-Alberdania, 2010

Kandela turkoa itzali dela Aritz Galarraga / Berria, 2025-12-14

Eleberriek, oro har, gizon, emazte, zahar ala gazte, pertsonak izaten dituzte protagonista (edo bestelako izaki batzuk, baina horiek ere antropomorfizatuak maiz). Arkitektura elementu batek ardazten dituen eleberriak ez dira asko-asko izango, kasu honetan zubi bat, kasu honetan ibaia den oztopo geografiko bat gainditzeko. Vixegraden gaude, Bosnia-Herzegovinako ekialdean (“Hiria zubitik sortu zen”). Eta Drina ibaiaren bi ertzak lotzeko eraiki dute. Bosnia Serbiarekin, Serbia Istanbulekin, Mendebaldea Ekialdearekin. Baina gauza gehiago ere lotuko ditu: “zubian igarotzen da hirixkako biztanleen bizitza, haren jiran edo harekin loturik doazkie egunak”.

Ezen zubiaren sorrera eta bilakaeraren historia egiten denean, “bai hiriaren bai hiritarren bizitzaren historia egiten da batera”. Eta Drinaren gaineko zubiarena XVI. mendean hasten da, sultanaren suhiak, Mehmed Paxa bisirrak eraikiarazten duenean (“1571, obra burutu zen urtea”). Hasieratik ekarriko ditu aldaketak, edo problemak, edo aldaketek eragindako problemak: langileen iraultzak, gerrak, izurriteak, migrazioak, fedeen arteko borroka latz bitxiak, Inperio Turkoaren amaiera, Austriako armadaren sartzea, serbiarren ehiza. Ahaztu gabe uholde, ekaitz edo ezbehar naturalak.

Baina biztanleen bizimoduak lasai eta apal jarraitu nahi du, mendeetan zehar, korronte paralelo batean barrena. Ez dute inoiz izan gerlari gartsuen fama eta nahiago dute zoro bizitzea zoro hiltzea baino; burugabea eta alferrekoa iruditzen zaie barealdi garaian asaldatzea, bizitza sendoago eta egonkorrago baten bila, “halakorik ez da-eta”; gehienentzat bizitza garrantzitsuagoa eta premiazkoagoa da bizitzak hartzen duen forma baino. Hara zertan den hiri txikiaren filosofia jatorra: “bizitza mirari ulertezina dela, ahitu eta aienatu egiten delako atergabe, eta, hala ere, irmo eta sendo dirauelako, Drinaren gaineko zubiak bezala”. XIX. mende amaiera arte, behintzat, bizimodu horren bukaeraren hasiera iritsi arte: Austria-Hungaria. “Atzerriko enperadore baten eskupean zeuden eta atzerriko fede batek konkistatuak zituen”.

Izan ere, hirian ezagutu den bakezko eta aurrerabide materialezko aldirik luzeena abiatu arren, Europako herrien bizitzatik une tragikoak desagertu direla dirudien arren, “hainbeste aldaketak eta hain handiek, eta hain denbora laburrean, hiria zimenduetaraino dardararazi zuten”. Trena iristen da, hoditeria, politikaz mintzatzen hasi dira inoiz baino gehiago; “gazte batzuk Sarajevora joaten ziren bigarren hezkuntzako lizeoetara, bai eta Viena eta Pragako unibertsitateetara ere”. Labur, Mendebaldeko garapena etorri, eta “kandela turkoa itzali dela”. Eta zubia, “bizitzaren korronte nagusitik kanpo sentitu zen bat-batean aztikeriaz bezala”. Zentzu horretan, eleberriak planteatzen duen talka litzateke: iragan arkaikoa, Bosnia otomandarra, Ekialdeari begirakoa, batetik; eta bat-bateko modernitatea, XX. mendeko urterik gaiztoenetan lehertu zena, bestetik. Mundu baten akabera jasotzen du, hartara, hain justu, Ivo Andric berak ezagutu zuen munduarena.

Zorionez idazlea Balkanetako gerra, gure garaikoa, piztu aurretik hil bazen ere, aurreratzen digu nolabait 90eko hamarkadako desastrea, esaten duenean, adibidez: “auzi sozialak liberazio nazionaleko mugimendu eta gerren bidez konpontzen dituk Balkanetan”. Edo jasotzen duenean eztabaida politiko bat, bi ikasle unibertsitario gazteren artekoa, oso ezaguna egiten zaiguna gurean: batak dio lehenik liberazio soziala behar dela liberazio nazionala eskuratzeko, eta besteak kontrakoa, liberazio nazionalak ekarriko duela liberazio soziala. Nazionalismoen txinparta ezagutuko dugu bertatik bertara: “estatu bat, askatasunean sortua eta justizian oinarritua, Jainkoaren pentsamenduaren parte bat lur gainean gauzatua” (hau ere oso ezaguna gurean). Eta larrimin moduko bat nabaritzen da, beste leku batetik idazten baitzuen idazleak, Jugoslaviatik, gaur egunean existitzen ez den herrialde bat —eta gaur egunean existitzen ez den hizkuntza batean, hegoaldeko eslaviarren hizkuntza komunean—. Bosnia bera Jugoslavia txiki baten gisara ikusten zuen, Piamonte balkaniko bat, Claudio Magrisen definizioan. Bosnia bera, Sortalde-Sartalde, erlijio diferente (kristau, musulman, judu), han-hemengo gizajendea lotuko lituzkeen zubi gisara.

Hala iristen gara 1914. urtera, “Drinaren gaineko zubiaren kronikaren azkenekoa”. Bitxia da azken kapituluko protagonista izatea Ali Hodda, Imana, berrikuntzen, progresoaren kontrako ahotsa, turkoen garaietako patxada goxoaren oroiminez bizi dena. Eta azken-azken eszenan hil hurren agertuko zaiguna. Erruduna: fede pagano hori, dena arautu, garbitu, konpondu eta edertu ondoren, dena irensteari eta birrintzeari ekiten diona. Eleberri osoan zehar zutik, zuri, zaurtezin iraun duen zubia ere, bukaerarako, agertuko zaigu berdintsu, hilzori. “Han behean zubia dago, suntsituta, erditik moztuta anker eta ikaragarri”.

Azken kritikak

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak