kritiken hemeroteka

8.549 kritika

« | »

Irakurketaren aldeko manifestua / Irene Vallejo (Fernando Rey) / Pamiela, 2024

Manifestuaren aldeko “bainak” Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-09-04

1. a) Irene Vallejoren Irakurketaren aldeko manifestuaren unea heldu zait. Berau irakurtzeko txandaren zain nengoen nolabait. Irailean denboraldi berri bati ekinen niolakoan, nonbait hor. Manifestua irakurketaren aldekoa ez ezik, idaztearen aldekoa ere bada, jakina. Erran dezagun, liburuaren aldeko “apologia” tinkoa dela —paperezko edo bestelako euskarrizko orriez osatutako bolumenaz ari naiz—. Kakotxen artean eman dut apologia. Terminoa ortodoxo samar egin dakioke eta, irakurleren bati edo bertzeri. Ez dut aliritzira idatzi, haatik.

Lehen oharpena: espero dut denboraldia ikasturtea izatea. Hedabideek kurtso politikoa beharrean ikasturte politikoa hasi dela erraten dutenean negargura ematen didate, tira, batzuetan barrez lehertzen naiz.

b) Sarrerako nire paragrafo horrek eite eta jite ezkorra hartu duen arren, erran dezadan hauxe ere: manifestu honek badu nire atxikimendua. Alabaina, manifestu bat sinatzen dugunean “bainaren bat edo bertze” ipintzen diogu testuari. Ezta? Ez! Bai! Nork berea. Edonola ere den, kontutxo bat: saiakera honek azalean ez dagoen azpiko izenburua ere badauka: Zaintzaren kaligrafiak.

Irene Vallejoren Irakurketaren aldeko manifestua saiakera tipia bezain gotorra dugu.

Saiakeran barrena: idazlearen bidaideen alboan

2. a) Bidaideen izenak ez ditut aipatuko, iruzkin-bagaje hau arinago izan dadin. Saiogilearen bidaideak literatoak edota filosofoak dira nagusiki. Honatx ele-gako bi: literatura eta filosofia. Zehazpen pare bat: baga, bidaideak ez ditut baitezpada gogaideak, ez guztiz gogaideak behintzat. Biga, filosofiaren aldean —handi-handika doktrina suerte bat delakoan— literatura lehenesten dut, hobesten dut. Horiek horrela, literaturaren “funtzioa” jarduera dialektikoaren ariora ulertzen dut. Funtzioa eta emaitza hitz sinonimotzat har daitezke literaturan. Funtzioa terminoa “gakotu” dut, baita gakotu terminoa ere.

b) Irakurketaren definizio bat: izkiriatzaileak orri-zuri gainean paratzen dituen hizkiak —aleak— aletzea; hitzaren euskal jatorrizko terminoari kasu eginez gero. Latinaren jatorrizkoan: leitzea. Leitzea eta irakurtzea sinonimoak dira, “ezein irudikapen grafikoren zentzua ulertzea”, hots. Norbanakook irakurtzen —eta idazten— ikasi izana miraria da —hala diosku saiogileak—. Irakurtzea ustekabean leku berri batera iristea da. Kasu baina —Vallejok ohartarazi bezala—, gizakiok espezie hauskorra gara, hagitz hauskorra.

Ikuspena: euskal irakurleoi gagozkiola, paragrafoko hitz horiek Vallejorenak ez ezik, Fernando Rey itzultzaileenak ere badira.

Ikaspena: hauskorrak gara gure indar funtsezkoena sormena delako, sortzaileak garelako.

Ikuspenak eta ikaspenak (I)

3. a) Hizkuntzaren sortzaileak gara. Hizkuntzaren bitartez gure bizitza kontatzen —eta narratzen— ikusi eta ikasi dugu. Kontatzen duguna —edo digutena— “erreala” izan daiteke edota “fikzioa”. Kontakizuna “objektiboa” edo “faltsua” da. Idazleak deskribatutakoak pertsonak edo pertsonaiak izan daitezke. Literatura, beraz, errealaren eta fikzioaren artean gauzatzen da. Horra literaturaren magia, edo magietako bat. Alabaina, literaturaren eramailea —liburua—, berez ez da literatura. Idatzizkoaren irakurketa egin ondoren hasten da literatura gauzatzen, eta berau interpretatzean kontsumatzen ere, berau interpretatu edo haren “kritika” egitean halaber. Kritika ere gakotu dut.

b) Ez nahastu ez desbideratu, ez gaitezen bidean galdu: kritika ez da baikorra ez ezkorra, berez. Edo ez du zertan guztiz baikorra ez guztiz ezkorra izan behar. Alta, bada, kritika beti da konstruktiboa. Kritika konstruktiboa izan dadin, ezin bietako bat soilik izan, ezin guztiz baikorra ez guztiz ezkorra izan. Premisa bat saiogilearen eskutik: irakurtzeak ez gaitu ezinbestean pertsona hobeak egiten, ez eta idazteak ere —bigarren aburu hori nirea duzu—. Eta are gutxiago hobe(go)ak egiten ere, idatzitakoa interpretatzean eta kritikatzean.

4. a) Literatura lanak irakurtzen ditugunok enpatikoagoak omen gara irakurtzen ez dutenak baino. Alabaina, kasu, idazlearen sentimenduekin enpatizatzea —edo idazlearen testuekin— bat egitea bada, sentsiblea inteligiblearen gainean jartzen bada, literaturaren “funtzioa” jardun lanputsa bihurtzen da. Bestela erranik, sentiberatasunak ez du adigarritasuna eta ulergarritasuna ordezkatu behar. Sentsibleak inteligiblearen “funtzioa” hartzen badu, akabo. Literatura akitzen hasten da.

b) Irakurleak —edota interpretatzaileak eta kritikariak— testua juzkatzeko aukera —eta askatasuna— izan behar du. Lecteur-lector eta elector-électeur erro bereko hitzak dira. Irakurlea eta hauteslea sinonimoak dira, nonbait eta nolabait horiek ere. Hautatze librean ei datza demokraziaren funtsa. Horra bertze hitz gako bat: “Demokrazia”. Kakotxen artean paratu dut demokrazia termino delakoa ere.

5. a) Irakurtzeak hitz egiten erakusten digu. Elkarrizketa gauzatzeko ekimen sano lagungarria da irakurketa. Ez dago dialogorik hitzik gabe, ez da logorik gabeko elkarrizketarik. Mintzoa gizakiok —hitzen bitartez— sortutako arkitektura itzela da. Literatura dugu arkitektura horren emaitzarik sublimeena. Literatura gure adimenaren barrutiko Big bang argitsua da. Alta bada, eta heldu da “baina” delakoa, nolatan hitzen bidezko gure “existentzia” ez da nahikoa demokrazia delakoa egitate sendoa izan dadin. Hau da, gure barnean guztiok daramagun demokraziaren “ideia” kontsolatu dadin, berau kontsumatu dadin.

b) Hitza hotsa da. Hitzaren eta hotsaren elkarketen ondoriozkoa da gure ahotsa. Ahotsak eta mamutxak gure baitan kidekoak bihurtzen bide dira usu eta maiz. Hala eta guztiz ere, mamutxak ez dira izakari “errealak”, ez dira gure “existentzia”-ren parte. Ez dira ukigarriak. Gure irudimenaren ekoizkin dira. Mamutxak izakari harroputzak izaten dira komunzki, fikziozko-handikerien gure adierazleak. Erran nahi baitut, “bainarik baina” betiere, gauza bat da “demokrazia” eta beste bat demokraziaren “ideia”. Hitzek “ideia-idealak” “eta “mamu-mamutxak” sortarazten dituzte, izkiriatzaileak hitzak erabiltzen ditu berauek sortzeko, hala ideiak nola mamutxak. Ideia bitxiak eskuarki. Idealak, alegia. Ordea, gauza bat da liburua —literatura gaiak— eta bertze bat liburuaren —testuaren— ideia. Liburuak —saiogileak dioenez— gure oroimenaren ibilgailuak dira, etorkizuna eraldatzeko gai dira. Liburuak salbamendu-txalupak —izan— dira, gure hitzen altxor eramaileak. Haatik, kasu, oroimena etoia da. Edonola den ere, nor ginateke gaur egun, libururik gabe? Ados!

6. a) Ados. Ados baina ez konforme betiere. Ez, ez baitezpada, Irene Vallejorekin ez-ados, noski. Bestela ari naiz, edo bestera: zergatik hitz-altxor-bitxi-preziatu horien txalupa-eramailea jitoan iritsi da XXI. gizaldira? Galdera nirea da, bistan da. Niretzat, literatura jitoan doan ontzi bat baita. Historiaren bilakabidearen ustezko sistema idealera heldu garenean —monarkia eta aristokraziaren ondorengo demokrazia sistemara— nolatan ari da azken hori, demokrazia delakoa, arrailtzen?

b) Nolatan mendez mende, hiru milurtekoetan sortutako hitzen arkitektura, literatura hots, ez da uneon historiak ekarri digun sistemaren euslea. Edota euslea izan ezean, nolatan ez da sistema bera kuestionatzeko gauza, edo ez den haren eraslea bederen. Nolatan hizlaria ez den egungo sistema hebain-herbala kuestionatu behar(ko) duen hitzen eragilea.

Hitza eta mintzoaren txalupa ur-dardaren astindu artean doa aitzina. Literaturaren ontzia jitoan joan ez ezik, funtsaz husten ari da. Demokrazia delakoa pitzatzen, zartatzen, arrakalatzen doan ahala husten ari da literaturaren ideia ere. Literaturaren emaria ez da aski sendoa hitzen ontzia salbatzeko —salbatu hitza saiogileak darabil, eta hartara nik hala ekarri ere bai—.

Ikaspena: demokraziaren aldeko ideologia eta apologia guztizkoek demokraziaren ideia ito dezaketen legez, literaturaren aldeko manifestuek itoarazi dezakete literatura bera ere.

Ikuspena: ez naiz baitezpada Irene Vallejoaren Irakurketaren aldeko manifestua-z ari. Ez, inondik inora ere.

Ikuspenak eta ikaspenak (II)

7. a) Alabaina —baina sobera alajaina—, literaturaren ontzia hondoratzeko arriskuak hautemanezinak izan daitezke, eta literaturan daude, eta “oharkabean” arrastatzen ditugu alafede. Literaturak demokraziak pairatzen duen sindrome bera pairatzen du. Ez norbanako bakoitzak idealizatzen duen demokrazia, demokraziaren ideala gauzatzea ezinezkoa baita, demokraziaren ideia-ideala gauzatzea posiblea dela “sinistea” baizik.

Literaturak bizirik jarraituko du norbanakoaren izatezko fedea ezbaian jartzen dugun neurrian. Neurria handia bada, norbanakoaren askatasuna zabalagoa izanen da. Liburuak asmatu zirenetik, garai guztiek sufritu dute pentsamendu dogmatikoen eta totalitarioen erasoa. Pentsamendu suerte hori “liburua” suntsitzen saiatu da. Vallejok erakutsi bezala, página-page hitzak eta paz-paix hitzak —orrialdea eta bakea— etimologia partekatzen dute. Alta bada, paradoxikoa eta absurdua bada ere, ez dago bakerik gerrarik gabe. Norbanakook gure izatearen baitan daramagun sena duzu.

b) Literatura konstruktu bat da. Zeregin humanoa. Bizitzari zentzu emateko bitartekoa. Arrazoiz hornitzen eta funtsatzen da. Askatasun espazioak irekitzen laguntzen gaitu. Literaturak berau gauzatzea posible egiten duen sistema —estatua ere deitua— kuestionatu izaten du edo kuestionatu behar du. Hala berean, literaturak poetika batez —estetika ere deitua— jantzita izan behar du. Poetikak hizkuntzaren zeinuak erabiltzen dituelarik.

Ikuspena: literatura testuinguru historiko batean gauzatzen da. Egungo garaian, krisia, aldaketa eta ziurgabetasuna gailendu dira. XXI. mendeko literatura gauza al da horiek guztiak auzitan jartzeko? Literaturak —tokian tokikoak, gureak, euskal literaturak, kasu—, berau biziarazten duen jendartea islatzen ote du?

Ikaspena: literatura munduaren “erreala”-ri bizkarra emanda egiten bada, bereak egin du. Erreala. Faltsua. Errealaren benetakoa. Errealaren faltsua. Horratx literaturak ikustatu behar dituenak, bertzeak bertze.

8. a) “Egia ikerketarekin eta luzamenduetan indartzen da; faltsukeria, berriz, presarekin eta ziurgabetasunarekin”. Literatura gauzatu dadin, entzuten irakurtzen eta idazten jakin behar da, eta hala beharrean berau interpretatzen jakin. Literaturak heziketa behar du. Alabaina, egungo munduaren abiadurak heziketa hori bermatzea oztopatzen du. Ausarkeriaz hauxe erran dezaket: egungo literatura —handi-handika juzkatuta— erresistentzia-ekimena bihurtu da. Juzkatu-epaitu eta ezbaian jarri behar duen sistemaren aurkako ekintza antzua. Bestera erranik: sistema ororen —sistema demokratikoa edo totalitarista izan— aurkako “iraultzak” erresistentziazko ekimenak bihurtzen direnean, bereak egin du.

b) Hamar kapitulu beharrean bederatzi ditu liburu-saio honek. Hamar zenbakiak nahi duguna eraldatzeko eta adierazteko boterea adierazten du. Ez zait premisa txarra iruditzen, literaturak bizi duen atakatik ateratzeko bederatzigarren atalean pausatu izana. “Salba dezagun miraria”, diosku Vallejok. Literaturaren gabezia —edo gaitza, beraz— zinez paradoxikoa da. Izanez ere, irakurketarako ateak ez dira egundo gaur egun bezain zabalik egon. Liburuak beste orduz, luxuaren eta pribilegioaren ikur ziren eta gaur egun gehiengoaren eskura izatera iritsi direnean ataka larrian dago. Parodoxiko hori ere bai. Baita paradoxiko hauxe izan ere: hilzorian dagokeen literaturaren miraria salbatu behar dugu, gaur egun, munduko eta mendebaldeko alfabetismoa historiako altuena denean. Literaturaren “existentzia” —beraz, norbanakoona— paradoxikoa da hain ziur ere. Alabaina, “bainaz baina” betiere, egiazki paradoxikoa edota egiazki faltsua ote?

9. a) Hainbat ohar, manifestuaren aldeko “bainak” akitu aldera. Iruzkintzen ari naizen saiakera hau 2020 urtekoa da. Harrezkero, COVID19 pandemia jasan izan dugu lurtarrok. Hala berean, III. Mundu Gerra barik, tokian tokiko gerrek —Ukraina eta Gazako gerrak, uneon— sustatzen eta elikatzen dute lurtarron bakearen ideia faltsua. Gerrak dira egungo sistema demokratikoen eusleak. Literatura baina, ez da demokraziaren horren erauslea. Hitza ez da norbanakoaren mintzo askatzailea. Eta literatura ere ez, hartara.

b) Literaturak —liburuaz beste— idazlea, irakurlea eta interpretatzailea edo kritikaria behar ditu. Gaur egun, ez unibertsitateak ez inolako akademia suerteak ez dute literaturaren funtzioa edo emaitza neurriko bat bermatzen ez ziurtatzen. Literaturak ez du egungo estatuen edota demokrazien “funtzioa” ezbaian jartzeko ahalmenik.

Ausartuko naiz hau erraten ere: berezko estaturik ez daukan euskal literaturak ez du ez berau menpe duen sistema demokratiko delakoaren “funtzioa” auzitan jartzen, eta bere “emaitza” ezbaian jarri ez denez gero, ez da bere “funtzioa” definitzera heldu ere. Bestela erranik ere, euskal literatura endogamia suerte batean murgildurik bizi da.

Post Scriptum

Irakurketaren aldeko manifestuaren aldeko iruzkin hau ere bederatzi kapitulutan errenditu da. Tira, gezurrari zor, horrela badirudi ere, baiezpen hau ere paradoxikoa duzu, baiezpen hori “faltsua” da.

Aitorpen bat: liburu bat interpretatzea, niretzat, ez da baitezpada “betebehar objektiboa” izaten. Kakotxen artean hori ere. Objektuak —liburuak, hots— eragin didana sentitzeaz bestera, nire pentsamoldeaz bestera, betebehar desapasionatua eta desinteresatua izateaz bestera, liburuak —liburugilea barne— deskribatzen duena “desakralizatzeko” askatasuna eman behar dit jardunak eta iruzkinak. Desakralizatzeko, erran nahi baita, sekularizatzeko, erran nahi baitut, literatura laikotu ahal izateko. Izan ere, estatuak estatu, estaturik gabeko euskal literaturak ez du konfesionalismoaren jantzia erauzi anartean eta orainokoan.

Ikuspena: inork pentsatzen badu erlijioaren konfesionalismoaz ari naizela, oker dago, baita estatuaren konfesionalismoaz ari naizela pentsatzen badu ere. Axularrek Gero delakoa laikoentzat izkiriatu omen zuen, XVI. mendean daborduko izkiriatu ere.

Ikaspena: euskaldunon arazoa, ez estaturik ez ustezko erlijiorik gabe, akonfesionalak garelakoan geurezko konfesionaltasun batean bizitzea —eta aritzea— izan liteke. Apika, horretaz ohartu gabe ere.

Literatur kritikari izatera iritsi gabe —aldian-aldian, nire iruzkinetan kritika arrasto bat badagoela ukatu gabe— euskal literaturaren interpretatzaile naizen honek bere iruzkin-komentarioen aldeko puja berde bat kimatu nahi izan du Literaturaren aldeko manifestu honen bitartez.

Bainarik baina, literaturaren aldeko manifestua izan dadila betiere. Bainak baina, literaturaren zaintzaren kaligrafiak sustatu aldera betiere. Azkeneko baina horiek, kakotxen artean ipini barik, libre antzean bizi daitezen desioz.

Azken kritikak

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lurrez estali
Ximun Fuchs

Jon Jimenez

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Mikel Asurmendi

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

Hedabideak