kritiken hemeroteka

8.577 kritika

« | »

Carmilla / Joseph Sheridan Le Fanu (Maialen Berasategi) / Erein / Igela, 2025

Desira eta izua Ibon Egaña / Deia, 2025-07-12

Drakula eta beste nobela batzuen aldean, ezezagunagoa da J. Sheridan Le Fanu-ren Carmilla, Bram Stokerrena baino 25 urte lehenago idatzia, 1872an. Bila hastea aski da, ordea, ohartzeko zenbaterainoko lorratza utzi duen eleberriak, eta zenbat egokitzapen, aldaera eta moldaketa ezagutu dituen, azpigenero eta irakurle-komunitate zenbaiten barruan bereziki: banpiro lesbianen iruditeria zabalaren genealogian ezinbesteko erreferentzia baita Carmilla.

Hemeretzigarren mendeko banpiro-istorio batean espero dugun guztia dakar Sheridan Le Fanuren nobela laburrak, Literatura Unibertsala bilduman Maialen Berasategi Catalanek euskaratu duenak. Atmosfera berezia sortzea da halako kontakizun baten gakoetakoa, eta horren zerbitzura daude nobelaren eszenatokiak: basoan isolatutako gaztelu bat, lubanarroak banatuta, zubi altxagarria lotura bakar, eta handik ez urrun gaztelu aurritu bat, behea jotako leinu baten hilobi eta guzti. Aita-alabak bizi dira gazteluan gotortuta, baina babeslekua arrisku-leku bihurtzen da Carmilla neska gazteak bertan ostatu hartzen duenean, inolako informaziorik eman gabe bere inguruabarrez. Etxeko alaba gaixotzen hasiko da arrotza gazteluan hartzearekin batera, eta hortik aurrerakoak nobela gotiko bati espero dizkiogunak dira: gaueko eldarnio eta errealitatearen arteko uneak, lepoaldeko hozkadak, desagertze misteriotsuak…

Bada zerbait, dena den, gure baitakoa eta oso oinarrizkoa, Sheridanen nobelak ukitzen duena: izan daiteke aurreikusgarria nobelaren trama eta norabidea, izan daiteke estereotipatua hala pertsonaien aldetik nola girotzearen aldetik, eta hala ere ilea lazten digu gauaren erdian ohearen oinean agertutako piztia erdi-gizatiar horren kontakizunak. Norabidea jakinagatik, bidea ezaguna izanagatik, harrapatuta mantentzen du irakurlea narrazioak. Egilearen eskuak badu zerikusirik, noski, horretan: giroak, espazioak, keinuak, uneak deskribatzerakoan duen zolitasunak gazteluko gela hartaraxe daramate irakurlea, eta gauerdiko larrimin hura transmititzen dio, argitaratu eta mende eta erdi beranduago ere. Jasotako eskuizkribuaren forman aurkezten zaio irakurleari kontakizuna, eta hori nobelan zehar agertzen diren narratzaile- eta ahots-geruza ugarien adibide bat baino ez da. Ahozko kontaketen tradizioaren oihartzunak sartzen ditu hala idazleak testura, eta hari sinesgarritasuna eta sakontasuna erantsi ere bai, narrazioaren barruko narrazioen bidez halako matrioxka bat sortuz.

Espero gabekoagoa da, eta horregatik ere interesgarria, banpiro neska gazteak gazteluko alabarekin garatzen duen harreman homoerotiko, anbiguo, pasionatu eta misteriotsua. Absurdoa litzateke gaur egungo lesbianismoaren parametroak bere horretan eraman nahi izatea nobelaren irakurketara (are absurdoagoa nobela termino horien arabera epaitzea), baina orobat da funtsik gabea bi nesken arteko harremanaren osagai erotiko eta desirazkoa ukatzea. Carmillak neska gazteak xarmatzen baititu, eta, itzultzaileak hitzaurrean argi azaltzen duen bezala, desira gakoa baita harreman horretan (baita nobelaren pasarterik ederrenetako batzuen gaia ere). Anbiguotasunez blaitua da harreman horren kontaketa, eta izan ere, fantasiak ate asko zabaltzen ditu eleberri honetan zenbait dikotomiaren arteko anbiguotasunak esploratzeko: lesbianismo eta heterosexualitatearen artekoa, eldarnioaren eta errealitatearen artekoa, zientziaren eta sineskeriaren artekoa, desiraren eta arbuioaren artekoa, argiaren eta itzalaren artekoa. Ziurrenik giza dualtasun sakon horien esplorazio artistikoari zor dio oraindik ere lan honek bere xarma. Eta Maialen Berasategiri zor diogu hara hurbiltzeko hain ate ederra eraiki izana, mirespenez eta gozamenez irakurtzekoa baita itzulpena.

Azken kritikak

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Asier Urkiza

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Aiora Sampedro

Espainolak eta euskaldunak
Joxe Azurmendi

Mikel Asurmendi

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak