kritiken hemeroteka

8.528 kritika

« | »

Kanbodiako enbaxada / Zadie Smith (Garazi Ugalde) / Igela, 2024

Plik, plok, plik, plok Nagore Fernandez / Berria, 2024-10-06

Eserialdi batean irakurtzeko kontakizuna dakarkigu Zadie Smithek Garazi Ugaldek euskarara ekarri eta Igela etxeak argitaratutako Kanbodiako enbaxada liburuan. Edgar Allan Poek denbora eta espazio sinboliko hori ezarri zien ipuinen luzerari: eserialdi bat; eseri eta altxatzen zaren arte, hasi eta buka irakurtzeko. Allan Poeren kontakizunek zorrotz errespetatu zuten premisa, eta Smithen 70 orrialde eskaseko ipuina ere bat dator iraupenean. Gainontzekoan, baina, Poeren ipuinen arketipoarekin zerikusirik ez duen kontakizuna ondu du Smithek. Bertan sortzen den atmosfera ez da batere efektista; tentsioa ez da orriz orri metatzen, eta bukaerak ez du irakurlea ezustean harrapatuko. Hasierak ere ez du inpakturik, irakurlea apur-apurka sartuko baita protagonistaren azalean, bai eta Derawaldarren etxean ere.

Bi plano nagusitan banatzen da narrazioa: plano batean Fatou da protagonista, fokalizatu nagusia, eta zerbitzari (esklabo?) bezala duen bizitza aletzen zaigu bertan, bidaide duen Andrewrekin batera. Bestean, ostera, Kanbodiako enbaxadaren eraikina eta hura inguratzen duen Londresko auzunea dira protagonistak. Bietan errepikatzen da narratzailea: hirugarren pertsonako homodiegetikoa, hau da, istorioaren barrutik hirugarren pertsonan hitz egiten digun kontalaria. Bien arteko aldea, ostera, perspektiban datza: plano batean auzune burges bateko dinamika deskribatzen zaigu oro har, eta bertan Fatou auzokideen artean beste bat gehiago dugu, ez da nabarmentzen; bestean, ostera, zoom egiten du kamerak eta objektiboa Derawaldarren etxean eta bertan zerbitzaria den Fatourengan jartzen. Binarismo horrek badu funtzio sinbolikorik, alegia, ez da ausaz eginiko hautu estetikoa: bizitzarik eta aberatsena, beste muturrean dagoen bizitzarik eta mendekoenarekin, pobrearekin alderatzen ditu, eta Kanbodiako enbaxada, eta hura errepresentatzen duen eraikina da, gainera, bi-bien arteko arrakala, bi munduen arteko murrua, fisikoa, baina, batez ere, sinbolikoa.

Edgar Allan Poeren poetikaren eta, batik bat, bere kontakizunen oso zalea naiz ni; neuk ere efektua bilatzen dut ipuinetan. Alde horretatik, hizpide dudan obrak gehiegi asebete ez nauen irudipena izan dut, Zadie Smithek guztiz bestelako estilo bat proposatzen digun heinean. Ordea, ipuingileren batekin alderatu beharko banu, Hemingwayren eta bere icebergaren alboan jarriko nuke. Jazoera errealistak dakarzkigu, baina kontakizunean esplizitatzen dena kontatu nahi duenaren parte bat baino ez da, parte txiki bat gainera. Punta dauka bistan, baina oinarria irakurleak jarri behar dio, kontatu baino gehiago iradoki egiten duelako. Alde horretatik izugarri gustatu zaidan artefaktua eraiki du autoreak. Kontakizunean zehar irudi bat errepikatzen da une oro: bi jokalari badmintonean jokatzen, eta luma-bola bat hegan, alde batetik bestera, plik, plok, plik, plok. Bada, irudi horrek ondo azaltzen du testuak irakurlearekin eraikitzen duen harremana.

Azken kritikak

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Asier Urkiza

Amok
Stefan Zweig

Nagore Fernandez

Auzo madarikatua
Felix Urabayen

Jon Jimenez

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Amaia Alvarez Uria

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Joxe Aldasoro

Bisita
Mikel Pagadi

Mikel Asurmendi

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Asier Urkiza

Eresia
Goiatz Labandibar

Nagore Fernandez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren

Mikel Asurmendi

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Jon Jimenez

Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide

Paloma Rodriguez-Miñambres

Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak