kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Rifqa / Mohammed el-Kurd (Eider Beobide) / Katakrak, 2024

Behin-behinean bizitza Irati Majuelo / Berria, 2024-09-29

Poesiak ez du etxegabetzerik gerarazten, ez du bonbarik deuseztatzen, ez du hildakorik itzultzen. Zalantzarik ez dauka horretan Mohammed el-Kurd poeta, kazetari eta militante palestinarrak. Poesiaren ahala izan daiteke, baina, komunikatzea, errepikapenaren errepikapenaz bada ere errealitate bati argi egitea, “lorategian bonba bat landatzea”, haren hitzetan. Asmo horrek gidatzen du Rifqa, argitaratu duen lehen poesia liburua, helarazi beharrak palestinarrengan kolonizazioak, genozidioak eta gerrak uzten duten arrastoa, bere herriaren min atergabea. Finean, liburuak erakusten du zer den bizitzarekin ezin jarraitu eta hala ere jarraitzea: “Hirurogeita hamapiko urte beranduago / ez gara egun bat ere bizi izan”.

Hizkera xehe eta egunerokoa darabil el-Kurdek, metafora eta irudi ugarikoa. Oinaze zaharregi batek, ordea, higatutako hizkuntza zamatzen du bizkarrean. Hala, idaztean karga horren pisuak lotzen duela adierazten du: “Aspertuta nago metaforez / Umeek harriak botatzen zituzten / sirenak sehaska-kantak ziren / su artifizialak; bonbak”. Alabaina, metafora errepikakorrak gaitzestean, el-Kurd neke kolektibo batez ari da, iragana behin eta berriz bizi beharraz, kolonizazioa zera abstraktua ez dela erakutsi beharraz. Hots, esan nahi du idazten dituenak ez direla lirika hutsa, gorpuzten diren tragediak baizik. Horregatik, akaso, bihurritzen du sintaxia, apurtzen kadentzia, eteten diskurtsoa. Deserosotasuna bilatzen du, oinaze zaharregia hitz berriez idatzi nahian.

Hori dela eta, elipsietan bilatu behar da maiz. Behin-behinean geratu diren bizitzak azaleratzen ditu poetak, jazarpenak zeharkatuak, eta beraz, errepikapenek zein isildutakoek indar berezia hartzen dute. Hainbat poematan baliatzen du isla-efektua zein aldiberekotasuna, iragana orainean nola berpizten den salatzeko. Baliabide horien bidez azaltzen du, esaterako, Nakbaren jarraikortasun mingarria, Rifqa poeman era adierazgarrian ikus daitekeenez.

Minaren gainetik, hala ere, idazlearen helduleku direnek hartzen dute leku: erresistentziak, herriak, familiak, etxeak, barreak. Batez ere, barrearen eta zorionaren premiak. Horietan sustraituta egiten dio galdera irakurleari: kolonizazioak badakartza hautsitako bizitzak, zatikatutako gorputzak, lausotutako adimenak, lurrik gabeko herriak, ezabatutako hizkuntzak… nork defenda dezake halakorik?

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak