« Elkarren arteko hariez | Kanpinetako fauna »
Xomorroak / Julia Guillamon (Martin Rezola) / Txalaparta, 2024
Memoria ariketa bat Nagore Fernandez / Berria, 2024-06-02
Modu ugari daude iraganera bueltatzeko. Argazkiak askotan erabiltzen dira lehenaldiko une zehatzak eta pertsonak gogoratzeko; espazioek ere funtzio bera dutela esaten dute adituek: memoria guneak iraganeko oroitzapenak kapsulatzen dituzten eremuak dira; usaimenak ere gure gomutak aktiba ditzake; objekturik sinpleena eta egunerokoena den magdalena bat ere, adibidez, gogoratzeko aitzakia bat izan daiteke. Azken finean, gizakiok aitzakiak behar ditugu iraganari begiratzeko; eta aitzakiaz beteta dago Julià Guillamonen Xomorroak obra bera ere, gogoratzeko aitzakiaz, gertakizunak ordenatzeko gogoz. Martin Rezolak euskaratutako eta Txalapartak argitaratutako liburuan, hain zuzen ere, intsektuak erabiltzen ditu autoreak bere gomutak ekartzeko. Askotariko kakalardoek konposizio ugari protagonizatzen dituzte; tximeletak, zapatariak, inurriak eta patata-zomorroak, denetarikoek osatzen dute Guillamonek eraikitako unibertsoa. Horren guztiaren erakusgarri, gainera, aipatzen diren xomorroen atlas ilustratu bat dakar liburuak bukaera partean, imajinatu ez ezik, orriz orri eraikitzen den iruditegia basati hori ikusteko ere.
Dena den, irakurleak ez du ilustraziorik behar izango aipatzen diren intsektu horiek guztiak irudikatzeko; deskribapenetan dago liburuaren indarra. Izan ere, idazlea gai da apaingarri linguistiko asko barik eta hitz gutxirekin intsektua bere azken xehetasuneraino deskribatzeko. Gainera, deskribapenok ez daude ausaz eta modu arbitrarioan eginda, bakoitzaren atzean autorearen bizitzako une edo oroitzapen bat gotortzen baita, paralelismoz eraikitzen duena, hain zuzen. Alde horretatik, sinbolismoz betetako obra batekin egingo du topo irakurleak. Baina ez Charles Baudelairek, edo geurera etorriz, Xabier Lizardik erakutsi diguten sinbolismo zorrotz eta kultu horren parekoa. Guillamonek darabilen sinbolismoak gehiago du hizkuntzaren erabilera erreferentzial eta, batzuetan, adierazkorretik, funtzio poetikotik baino, nahiz eta edertasunik ez den falta deskribapenetan zehar. Autoreak askotariko intsektuekin proposatzen dizkigun joko asoziatiboak egunerokoak dira, bisualak eta gardenak, mezurik eklipsatzen ez duten heinean, eta iraganaz hitz egiteko aitzakiak baino ez diren heinean.
Liburuaren kontrazalean zehazten denez, aipagai dudan obra ipuin liburuaren, nobelaren eta saiakeraren eremu lauso horretan omen dago, baina esango nuke irakurleak ez duela istorio handirik aurkituko; ez duela fikziozko mundurik deskubrituko; ez duela gai zehatz baten inguruko jardunik, iritzirik ezagutuko. Saiakeraren alorrera gehiago lerratzen den arren, nago zerbait txikiagoa, errealistagoa, eta batez ere, zintzoagoa egin nahi izan duela autoreak; artefaktu fikzional bat baino, memoria ariketa estetiko bat. Tximeletak aldaketa konstantearen sinboloak omen dira; kakalardoak, egiptoarrek kontatu digutenez, bizitzaren eta boterearen lekuko. Neure buruari galdetzen diot orriz orri aurkitu ditudan xomorroak ez ote diren Julià Guillamonen bizitza zatien erakusle, txikitasunaren sinbolo.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres