kritiken hemeroteka

8.318 kritika

« | »

Herriaren hezkuntza eta demokrazia / Nadezhda Krupskaia (Leire Azkargorta) / Katakrak, 2024

Hezkuntzaz Nagore Fernandez / Berria, 2024-05-05

Hezkuntzaz eta hezkuntzaren historiaz dihardu Nadezhda Krupskaiaren Herriaren hezkuntza eta demokrazia saiakerak. Leire Azkargortak euskaratutako eta Katakrak etxeak argitaratutako obra 1915ean idatzi baina, bi urte geroago, 1917an argitaratu zen lehen aldiz, eta hurrengo urteetan pare bat edizio izan zituen. Bertan, hamalau kapitulutan zehar, XVIII. mendean hasi eta XX. mendera arteko hezkuntzaren bilakaeraz eta ekonomiarekin izandako betidaniko loturaz hitz egiten digu autoreak, baina oso ikuspuntu zehatz batetik: sozialismoak gidatuta, errealitatearekin zerikusia duen eta praktikan oinarritzen den sistema pedagogiko bat aldarrikatzen du herriarentzat. Idazlearen beraren hitzetan, praktikan oinarritu beharrean, liburuetan soilik oinarritzen den eskola, finean, hori baita: “Ikasleen nortasuna ezabatzen duen eskola eta, kanpotiko diziplina zorrotzaren bidez, ikasleak makina soil bihurtzen dituena ematen zaien informazio-kantitate amaigabea jasotzeko”. Izan ere, Krupskaia sobietar iraultzaren alaba izan zen, eta errotik barneratu zituen iraultzaren aurretik, bitartean eta ondoren gizartean zabaldu ziren ideologia eta aldarrikapenak, hain non bere arlora ere eraman baitzituen.

Egia da saiakeran proposatzen diren aldaketa pedagogikoak, hezkuntza metodoak egungo begiekin ezin direla modu berean ulertu, ezta ere modu berean aplikatu egungo gizartean. Irakurleak argi izan behar du, hortaz, ezin dezakeela liburua bere eguneroko betaurrekoekin irakurri. Dena den, XX. mendean idatzitako testua izanagatik, oso aurrerakoia iruditu zait, are, gaur egungo gizarte globalizatu eta kontsumista honetarako ere. Alde horretatik, egungo hezkuntzaz pentsatzeko eta zer-nolako eredua daukagun hausnartzeko balio duen testu bat dela esango nuke.

Saiakera bat dela aipatu dut gorago, baina, saiakera dibulgatiboa baino, saiakera tekniko edo zientifikoagoa den inpresioa izan dut, eta hori, abantaila izan daiteke, baina, helburua zein den, oztopoa ere bai. Argitaletxeak eta itzultzaileak testu serio eta ondo argudiatutako bat hautatu dute, zeina, testu zientifikoetan nola, adituen aipamen, argudio eta bestelakoz hornituta dagoen. Horrek zientifikotasuna ematen dio obrari, baina, aldi berean, irakurketa exijenteago bat ere eskatzen. Ondorioz, ez nioke edozein irakurleri gomendatuko: gaiaren inguruan ezagutza minimo batzuk dituen eta testu zientifikoetara ohituago dauden begiei bai; irakurketa lasaiago eta azalekoago bat espero dutenei ez horrenbeste. Aspaldi honetan iruditzen zait Katakrak etxeak saiakera zientifikora gehiago lerratutako obrak ekarri dituela euskarara, eta ondo deritzot euren hautuari, euskarak halakoak ere behar dituelako. Aitortu behar dut, ordea, faltan ditudala zabalkundera, fikziora, edo, are, biografietara lerratutakoak ere.

Edonola ere, onartu beharra dago argitaletxeak hizpide dugun testuarekin begi ona izan duela: bai obraren garrantziari erreparatuta, baita itzultzaileak egin duen lan bikaina kontuan izanda ere.

Azken kritikak

Itsaso amniotikoa
Oihane Jaka

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lanbroa
Pello Lizarralde

Irati Majuelo

Lanbroa
Pello Lizarralde

Ibon Egaña

Txoria hodei artean
Urtzi Urkizu

Jon Martin-Etxebeste

Begiak eman nizkinan eta ilunpeei behatu hien
Irene Sola

Jon Jimenez

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Amaia Alvarez Uria

Gerezi-denbora
Montserrat Roig

Asier Urkiza

Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia

Nagore Fernandez

Farorantz
Virginia Woolf

Aritz Galarraga

Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia

Mikel Asurmendi

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

Hedabideak