kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Farorantz / Virginia Woolf (Anton Garikano) / Ibaizabal, 1993

Ikuskera maskulinoaren gaineko ikuskera femeninoa Aritz Galarraga / Berria, 2024-05-05

Virginia Woolf, oroz gain, sententzia honengatik litzateke ezagun: “Literatura egingo badu, emakume batek dirua behar du, eta gela bat beretzat”. Gela bat norberarena izeneko saiakeraren hasieran esaten du hori —diruaren ideia ahazten duen izenburua, kurioski—. Baina liburu horren balioa gutxietsi gabe —kontrara, emakumeen askapenari buruzko hiru panfleto gorenetako bat da, Mary Wollstonecraften A Vindication of the Rights of Woman (1792) eta Simone de Beauvoirren Bigarren sexua (1949) lanekin batera—, benetan ezagutu nahi badugu Woolf, zer-nolako idazlea izan zen, esango nuke Farorantz jotzea litzatekeela egokiena; Gonzalo Tornék dioen bezala, Virginia Woolf ez zaigu beste inon agertzen Virginia Woolfago Farorantz eleberrian baino. Pierre Bourdieuk nikelatzen digu: bere testu teorikoek daramatzaten sexu, diru eta boterearen inguruko topikoetatik aske, generoen arteko harremanen ebokazio argigarria da Farorantz.

Eleberri honi buruz, oro har Woolfez, kritikariek nabarmenduko dizuten lehen gauza da teknika. Pertzepzio intersubjektiboa, autoritate narratiboaren galera, kausalitate-denbora konbentzionalen ordezkatzea, nanani, nanana. Ados. Baina, horiek hala izanik ere, testuaren aspektu formaletan insistitzen duen irakurketa bat derrigorrean gertatuko zaigu gutxigarria, asko mugatzen digu Woolfen kontakizunak bere baitan daukan intentsitate politiko, filosofiko eta, laburbilduz, giza kondizioaren gainekoa. Erran nahi baita, objektu estetiko autoerreflexibo baino, artelan itxi, perfektu, buruaski ordez, publikoarekin loturarik gabeko esperientzia pribatu beharrean, eleberri honek kontatzen dituen gertaerak guztiok hunkitzen gaituzten esperientzia orokor gisa irakur daitezkeela, eta izan ditzaketela gainera irakurketa ugari.

Pertsonalki, hasteko, interesatzen zait Woolfek egiten duen familiaren bibisekzioa, familia gisako, familia handi batena —“talde bat osatzen zutela denen artean zoko batean, uharte batean”‒. Ramsay andrea genuke, batetik, pertsonaia inondik ere zentrala: “Zertan zen desberdina?”, “Zuhurtzia ote zen? Jakinduria ote zen? Edertasunaren engainua ote zen berriro”. Ramsay jauna bestetik: “Beti bere liburuekin larriturik, irakurriko ote dira, onak ote dira, zergatik ez ote dira hobeak, zer irizten ote dit jendeak?”. Zortzi seme-alabak gero: “Hain ziren kritikoak beren umeak”. Eta kontakizunean zehar joan-etorrian dabiltzan hainbat pertsonaia azkenik, garrantzitsuena segur aski Lily, pintore bat, estanpa harekin guztiarekin maiteminduta legokeena, edo gutxienez liluratuta. Horien guztien identitateetan barneratuko gara irakurleok, bakoitzak besteei buruz egindako monologoen bitartez.

Eta ezin okerrago abiatzen da dena. Eleberria irekitzen duen eszena, bere huskerian, bere ohikotasunean, bere gordintasunean da osotoro krudela. James semeak landetxetik ikusten den farora joan nahi du, desio du, beste ezer baino gehiago, oporraldi hartan. Eta galdera pausatzen, amaren baiezko erantzunarekin. Baina, sorpresa, orduantxe agertzen zaigu aitatiar figura, festa hondatzailea: “Ez du eguraldi ona egingo”. Bost hitz, ohar meteorologiko bat, alegia, deus ez. Itxuraz. Semearen ilusioa zapuzten baitu eta emaztea barregarri uzten. Aita patriarkal bati dagokion bezala. “Bihar ez gara farora joango”, bizi guztian edukiko du hori gogoan Jamesek. Izan ere, umeek ez dute ahazten. Nola. Mendeetako biolentzia sinboliko guztia biltzen baitu esaldi itxuraz anodino horrek. Hain zuzen, “Ramsay jaunak halakoxe emozio azkarrak ernatzen zituen, ondoan egote hutsarekin, seme-alabengan”; edo “handik ehun pausotara egonda ere, zuri hitzik esan gabe ere, zu ikusi gabe ere, iragazi egiten zen, nagusitu, gailendu”. Azpiratze sistema oso bat fikziozko pasarte batean laburbildua.

Noski, jarrera horrek erresistentzia bat sortzen du, erresistentzia isila: “Baina semeak gorroto zion”. “Basapiztia sarkastiko”, “berekoi jasanezin”, denetan okerrena, “tirano” deituko dio. Beldurraren kontrako borroka bat abiatzen du: “Ikaraz zegoen hark gora begiratu eta zer edo zer esango ote zion zorrozki”; eta, hala egingo balu, “labana atera eta bihotzean sartuko diot”. Azken batean, kultura femenino, matriarkal, intuitiboaren aldeko aldarria da eleberria, kultura patriarkalaren ukazioa den ber neurrian: aitak “inguru guztian hoska oztopatu egiten baitzuen amarekiko harremanaren sinpletasun eta zuhurtzia perfektua”. Eta, noski, bere gauzatze soilarekin ukatzen du garai hartan, eta auskalo oraindik ere, hain zabaldua dagoen iritzia: “Emakumeek ez dakite margotzen, emakumeek ez dakite idazten”.

Bourdieu berriz, eta bukatzen hasteko (ia mugagabea baita liburu honen emaria): menperatzearen esperientzia maskulinoaren kontraesanak aztertzen dituen eleberria litzateke Farorantz, gizon ororen gizon gisa maila emateko esfortzuaren aurreko emakume begirada. Ikuskera maskulinoaren gaineko ikuskera femeninoa, alegia.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak