« Itsaso oso bat tarteko | Ikuskera maskulinoaren gaineko ikuskera femeninoa »
Markos Gimenoren 101 letrakartel / Joseba Sarrionandia / Pamiela, 2023
Ermuko Espirituari bai Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2024-05-01
Azalpen gisara
Markos Gimenoren 101 letrakartel liburuaren ariora ondutako gogoeta duzu jarraian. Liburuak askorako ematen du. Unibertso bat biltzen du, unibertso partikularra. Haatik, ba al dago partikulartasunik gabeko unibertsorik? Ba al dago bizirik gabeko mundurik? Ez. Edo bai? Liburuaren subjektua Markos Gimeno —protagonista nagusia, ez bakarra ordea— hilik dago. Bai. Edo ez? Haren lagunek diotenez, euren bizitzetan bizirik jarraitzen du. Subjektua ez ezik, Markos Gimeno sujeta bilakatu zen munduaz beste egin ostean.
Gimenoren bizitzak askorako ematen du. Liburu honek eman dezakeen baino gehiago. Are, orain arte eman duenak baino gehiago. Hori baiesten saiatuko naiz. Behin eta hasteko, ordea, zer da liburu-artefaktu hau? Literatura al da? Zer da literatura? Zer zen eta zer bilakatu da? Galderak. Literatura galderak iradokitzea bada, bertzeak bertze, liburu honek galderak dakartza, eurrez ekarri ere. Erantzunik ez. Erantzunak filosofiak eman ei ditu. Hortaz, erantzunak norberak bilatu behar ditu… behar izaten ditu literaturan, hots.
Literaturaz ari gara, hartaz. Literatura baina ez dago liburu bat dagoelako. Ez liburuaren egilerik dagoelako. Ez soilik horiengatik. Literatura dago —ernamuintzen da—, egilea, obra, irakurlea eta interpretea egon badaudenean, lau subjektu horiek elkarri eragiten diotenean, laurek interaktuatzen dutenean. Interpretea, kritikari edo iruzkinegile delarik. Horiek horrela, aitzina.
Liburu honen autorearen gainean
Joseba Sarrionandia literatura egileaz ari naiz, jakina. Literaturarekiko bere jarreraz zertzelada zenbait lehenbizi. Hona bere aburu bat, edo haren aburuaren nire interpretazioa: “Literaturan abiatu nintzenean —euskara— hizkuntza sortzen lagundu nahi izan nuen. Egun ordea, nik zeregin horretan ezin dut ekarpen handirik egin. Idazle pila batek egiten baitu nik baino hobeto”. Aburuak ederto batean ipintzen du idazle hau. Ordea, ni ez naiz ados. Ea: bere jarrerarekin ados nago, ez dut bat egiten bere aburuarekin.
Jarrerarekin bat egiten dut, autorea ez baitago hilik, autoreak berak bere burua ia hiltzat jo arren. Ez naiz metaliteratura egiten ari, kasu. Galdetu idazle honi berari, Kubatik bueltatu ostean bizirik dagoen edo ez? Sarrionandiak harrezkero idazlearen beharrizana ezagutu du —idazteaz bestera edo gainera—, literaturaz at eta harago dagoen betebeharra. Bere aburuarekin ez nago ados, izan ere, bera baitugu euskal literaturak —bere berbak parafraseatuz— behar duen inkorrekzioaren eredua. Tira, eredurik ez dago. Bera eruditua da, halere.
Zoruaren apaltasunetik sabaira igoarazten den hautsa legez, lekuko ditugu Kubatik Euskal Herriratu osteko plazaratutako Juan Sebastian Elkano eta Markos Gimeno protagonistak dituen bi liburuak. Joseba Sarrionandia —idazleaz ari naiz, enkaxka berriz ere— “munduari bira eman zion literatur-ontzigilea” etxeratu ostean literatura ontzeko bideak xerkatzen jarraitzen dizu. Premisa bat: itsasbideak urratu zituen euskal Ulises hura hilik dago jagoitik. Joseba Sarrionandia “mitoa” hilik dago. Hain ziur ere, gehien miretsi eta ederretsi zutenek abandonatu dute dagoeneko. Bertzeak bertze, horietako batzuk hilik daudelako eta beste batzuk “mitoa” hil ostean —abandonatu barik, artean ez dute (h)aintzat hartu— munduratu direlako. Bejondeizula, Sarri!
Josetxu, Joseba, Sarrionandia, Sarri… Nork izendatzen zaituen horixe bera zara. Izendatzen zaituenarentzat, erran nahi dut. Amarentzat Josetxu. Joseba lagunentzat, Joseba Sarrionandia zirkulu literarioetan, Sarri berriz mitomanoen nahikariz. Izanen du, naski, bertze izenen bat edo goitizenik, hala nola Martin. Literaturaz ari gara ordea. Roland Barthesek “egilea hil da” —literaturaz ari zen— erran zuen. Eragin izugarria izan zuen/du erranak, eta ez edonolakoa: Michel Foucaultek eta Jacques Derridak segitu omen zioten leloari. Bat-batean, hauxe bururatu zait: “Hori lerdokeria”. Ausart ari nauzu, ezta? Izan ere, noiz eta zehazki zer erran zuen Roland Barthesek? 1967an idatzi zuen esaldi panpoxo hori. Zer? Hara, zehatzago jakin aldera La Mort de l’auteur saiakera irakurri eta ontsa interpretatu behar(ko) duzu/dugu. Horixe kontua.
Modernotasunak autorea hil-bidean jarri ei zuen. Modernotasun ostean baina, autorea bizi-bizirik dago. Galdetu bestela Sarrionandiari. Bizi-bizirik egon behar(ko) dizu, “pobreki” bizitzeko bada ere. Literaturatik bizitzeko, diot, berriz erran ere. Izan ere, egungo sistema literarioa —areago euskal literatura sistema pobrea— egungo sistema kapitalismo-liberal-ekonomiko politikoaren araberako bizi baita. Ondorioz: autorea ez da hil. Mitoa hil da. Orokorrean ari naiz, idazleaz subjektu gisara harturik. Agian, Barthesek “autorearen mitoa” hil zela erran nahi zuen. Agian diot. Agian, metonimia egiten hasi ziren literatura interpretatzen zutenak, dugunok. Kontuak kontu, literatura da hil zorian. Hala berean, prefosta, Sarrionandiaz ari gara, baina ez euskal literaturaz strictu sensuz soilik. Nahiz eta bidenabar horretaz ari naiz. Eta literaturaz ari garenez, berau osatzen duen herri batez, Euskal Herriaz, euskal jendarteaz jardunen dut. Ea ba.
Literaturaren hil zoria bizitzen ari gara, literatura unibertsalaren espresioaz ari naiz. Galdera: bertze gizaldi erdiren bat biziko ote? Geroak erranen. Euskal literaturari dagokionez, bada, erdiaren erdia auguratzen diot —ausarki berriz ere, interprete ez ezik, iragarle orain. Hau morroia!—. Iragan mendearen erdiaz geroztik —Euskal Berpizkundearen aroaz eta ariora— hil zorian zegoen —euskara— hizkuntza eta doi-doi bizitzen hasi zen literatura hil kanpaiak entzuten hasi da mende erdi luzearen ondoren.
Ez naiz honi buruzko tesi bat idatziko eta defendatuko. Nork bere ahalak baititu. Nork bere irakurketa. Nik, nire motzean, —literaturaz batera— eguneroko errealitatea interpretatzen dut edo horretan saiatzen naiz. Ondorioz hauxe: literaturarik ez duen herriak kultura bat asmatzen du. Horixe dugu Euskal Herria. Eta erran dezadan bidenabar, estatu bat osatuta ere, literaturarik barik —strictu sensuz— ez luke nazioa —ondoko nazioen parean edo mailan, diot— osatzera helduko. Kultura delakoa postmodernitatean —egunero entzuten dugun termino hanpatu eta panpoxo hori, hedabideetatik batez ere— literaturarik ez duten herriei dagokie. Euskal Herriari, bertzeak bertze.
Joseba Sarrionandia Markos Gimenoren 101 letrakartel liburuan. Autoreak egiten du liburua. Eta autorea liburuan dago. Sarrionandiak literaturan —beraz, bere liburuetan— egoteko berezko manera izan du, eta badu egun ere. Iraganekoa iraganik, azken bi liburuetan egoteko ezaugarri bat honako hauxe: ez da bakarrik ari. Elkanori buruzkoan, Kubako ilustratzaile Aresekin osatu zuen/du bere literatura-bidaia. Markos Gimenori buruzko honetan, Esteban Montoriorekin, baita kartel egile andana batekin ere. Hots, elkarlanean ari da. Izanen da, apika, hauxe galdetzen duenik: liburu hau literatura al da? Bai ote, irakurle hori? Behin eta hasteko, liburua ez dago kritikaren euskal sistemaren markoan sartu orainokoan. Armiarma.eus markotzat hartuta behintzat. Sarrionandiaren azken bi liburuak ez dira literaturakoak, antza. Ez bederen iruzkin kritikoa honek argia ikusi duen arte.
Autoreak egiten du liburua. Eta autorea liburuan dago. Liburu honen generoa sailkatzen hasiz gero, bada, saiakeratzat jo dezakegu, jotzen dut. Egilearen Hitzen ondoeza moduko bat duzu, bertze moduko bat betiere. Literatura garatuz/ontzen joan ahala, haren generoak dibertsifikatu eta nahastu dira. Gizon-emakumeok nola, ezta? Literatura jendartearen isla baita. Liburuon halaxe izan ere. Liburu on izanen bada, ordea, hibridazio egokia behar du. Liburu (h)onetan halaxe izan ere: ipuinak daude, tipiak noski. Nobela posible baterako helbideak. Poesiaren zantzuak ere bai. Ironia. Irakurlea engainatzeko tirria. Orobat, egilearen beraren aritzeko manera. Hau da, idazleak jokatzen duen apokrifoaren rola. Kasuon, strictu sensuz ez, senezko zentzuan ari da autorea. Koldo Miscelanea, E. Unanue, Graziosa Oroz, baita Mrakus Sukram… izenekoak bertze hainbat idazlerekin batera elkartzen dira, Sarrionandia bera lausotzeraino. Literatura engainua da, eta horregatik berarengatik, desengainatzeko artefaktua. Literaturak ez du/digu deus erakusten —zorrotz erranik—, literaturak batez ere —bizitzaz— dakiguna agerian uzten du/digu. Zeregin horretan Sarrionandia jeinua da. Baina, kasu, liburu hau ez da Sarrionandiaz ari, ez naiz/gara Iurretako idazleaz ari, Ermuko Markos Gimenoz ari duzu. Bera dugu oraingoan jeinua.
Liburu honen mamiaz eta protagonistaz
Markos Gimenok sortutako obraren graziaz ari duzu liburua. Parte batez baino ez, hala ere. Palindromoek, kalanburek, anagramek eta bestelako arte-espresioz osatuta dago Gimenoren obra. Berba batez definitu aldera: altxor hizperimentala da. Egileak haren 101 palindromoz ondu du Markos Gimenoren 101 letrakartel deritzana. Liburuaz gehiago jakiteko berau irakurri bertzerik ez duzu, irakurle hori. Neroni interprete lanetan ari nauzu. Ziur nago, zuk ere interpretazio moduko bat egin dezakezula, zeurea. Alabaina, neronek, liburuaren interpretazioaz harago joan nahian, “bestelako zerbait” ondu/osatu nahi dizut.
Markos Gimenoz ari gara, beraz liburuaz. Alta bada, bistan da, Gimenoz ari garenean euskal gizarteaz ari gara baitezpada. Ari gara bere espirituaz. Gimeno ermuarra zen aldetik, Ermuko espiritu suerte batez ari gara hala berean. Ez naiz tronpatu, ez nahastu. Komunzki Ermuako Espiritu deritzanaz ere ari nauzu.
Gimeno euskal komunitatearen espresio bat izan zen, sortzailea. Hitzen irudien eta musikaren sortzaile, bertzeak bertze. Etorkinen semea, euskaraz hezia ea hazia. Euskalduna. Espainiako Gerraz Zibil osteko Ermuko gehiengoa ez bezala, espiritu berri baten ernamuina. Espiritu berri horren parean, bertze espiritu berri bat ernatu zen, ordea: Ermuko Espiritu Ofiziala. Nekez ari zen espiritu berri hari aitzi egin zion bigarren horrek. Non eta nola ernamuindu zen Ermuko Espiritu Ofiziala? Nork elikatu zuen espiritu hura? Boterearen muin ofiziala nagusitu al zen/da? Muin gutxiago dutenen kontura, nagusitu ere? Artean, bizirik dagoen espiritua.
Gimenok —eskizofrenia pairatzen zuen— honela idatzi zuen terapia saio batean: “El año 1997, ETA viene a Ermua a dar lo peor de sí, secuestrando, y asesinando tras 48 horas a Miguel Angel Blanco, vecino mío, poniendo todo mi mundo patas arriba”. Hilketak oraina kaltetu zion Markosi, zaildu zion etorkizuna, baita iragana desitxuratu ere. Gauza bera —idem ni in medi— gertatu zitzaion euskal jendarteari, eta areago “euskal espiritu” baten xerka ziharduten euskaldunei. Harira eta mamira, palindromoa da ekaia: gaztelaniadunek badute ¿Somos o no somos? delakoa. Katalanek Català, a l’atac! Frantziarrek Esope reste ici et se repose. O missil é bellisimino diote ederto batean portugaldarrek. Euskaldunok ere bagara. Gure xumean, horratx arra eta eme palindromoak. Markos Gimenoren espiritua —arra eta eme ez ezik— larutan natural sortzen ahalegindu zen. Iraganeko euskal grafiaz baliatu behar bazuen ere, hau da, r gainean azentua ipiniz (nik neuk teklatu honez bidez, ipintzen lortzen ez dudana). Alta bada, tamalez, Markos Gimeno palindromo autore erotua bihurtzen hasi zen.
Euzkadi, 1923 urtean ikusi zuten euskal palindromoek argia lehenbizikoz. Gerra heldu zen ondoren. Gerra hartan itzali ez ziren ilintiak isiotu ziren berriz ere geroago. Anartean, Markos Gimeno 1974an sortu zuten. Euskal palindromo honek Uso maitia, mosu dio. Usoa baina ez da bakearen berme, ez musuaren berme ere. Sé verla al revés palindromoak dioenez, alderantziz ikusten ikasi behar baitugu. Nola interpretatu Ermuko Espiritua? Zein espiritu baina? Miguel Angel Blancoren arimaren (h)ildoko espiritua? Edo Markos Gimenoren borrokarako espiritua?
Ai ama, ari dira, amaia. Inoren ero ni. Horra bi palindromo. Euskal espirituaren adierazgarriak. Markos Gimenoren lagunek “Immortalak ginen nerabezaroan” diote. EGB, BUP, COU, Eguzki, Gaztetxea eta Zuloa elkarteak batu zituzten lagunak. Debako Arte Eskolan ere ikasi zuen Markosek. The Pepes eta Julio Kageta musika taldeen partaidea ere izan zen, baxua eta ahotsa doitu zituen. Rock, borroka eta denbora-pasa zuten leloa. Lelo, lema eta dema.
Gimeno behinola atxilotua izan zen. Behin baino ez, baina gogor kolpatu zuten. Bere arma bakarra: PILOT markako boligrafo bat eramatea. Julio Kageta taldea desegin zen, baina musikarako grina bizirik atxiki zu(t)en, Dantzut taldea eratuz, bertzeak bertze. Gaixotasuna baina areagotu zitzaion. Kanta honen bere letrak agergarri: “Batzutan dena zait oso konplexu,/ ezin ezer argi ikusi,/ulertzen saiatzen baina/ ezin nahaspidetik ihesi”.
Miguel Angel Blancoren hilketak eroetxera bidera arazi zuen. Eskizofrenia areagotu zitzaion. Gaixotasuna erasanak Puto amo naiz matematiketan! adierazteraino. Fase maniaca aroa jasan zuen. Ez zuen etsi horregatik. Horren lekuko, urte batzuk geroago sortu zuten Puto Amoak Matematiketan! izeneko musika taldea. Eskola Armerixa, Grafitia, Antzerkia… Horiek lagundu zioten bide-nabarrean: Markusek urtero lan ona lore truke- Sukram. Horra, jeinu baten emana.
SkizpozikS emanaldi hizperimentala. Nola bizi hala dantza. Mingaina eta gogoa dantzarazi ere. Gimenok eskizoberbaz eta eskizoesaldiz osatutako errezitaldiak landu eta ondo zituen. Euskaldunok pairatzen dugun elebitasuna gaitzat hartu zuen eta umore eskizofrenikoa plazaratu. Horra gaia, gai nagusia: euskaldunok egunero pairatzen dugun elebitasuna gai gaitzat interpretatu zuen. Gai gaitza! Gimeno pertsona-gai izan zen horretan. Jeinua horregatik. Honatx adierazpide bat: Erabili zutelakoa lorea da. Era Bill y su tela coloreada. Gimeno Atzerantz jota ere bakana, ezta? izan zen. Palindromo Tailerra eratu zuen: Oro zen uneoro zoroen une zoro. Puto Amoak Matematiketan taldeak ederto adierazi zituen haren berbak: “Maite dut nekatuta oheratzea:/ gaur ere ez naiz aspertu,/ bat gutxiago naiz/ gaurko suiziden zerrendan”.
Gimenoren palindromogintzak aza ez ezik, oro eman zuen, urrea alegia: Zerorajasoak kaosa jar orez. Erran nahi baitut, Atzeraka be bakar, ezta? “Ablanatanalba Jainkoak lagun zaitzala” erranairuak ez zuen salbatu. Ez dago sutsu datorren herioari iskin egiterik. Argiak ematen dizun itzalak akabatuko zaitu eta: “Ez egin negar (keba, egizu behar beste)/ Itzulikoo naiz (promes are shit)/ Egunen batean (guten Morgen)/ Pozez kantari (ahí te quiero ver)”. RIP.
“Gorroto dut bipolarra izatea, munduko gauzarik ederrena da” zioen Gimenok. Gorrotoa ederra izatea ere! Hori oximorona. Halakoxeak izan ere, bagara euskaldunok, hizkuntzari gagozkiola funtsean bipolarrak. Erran nahi baitut, Graziosa Oroz idazle eta editore amerikarraren ariora —kanpotar ahaltsuek erran ezean, erranak ez du baliorik euskaldunontzat— hona baiespena: euskaldunok hizkuntzarekin, politikarekin edota literaturarekin dugun harremana eskizofrenikoa da. Gaiak asko ematen du, eta horregatik asco eman ere, hots, atzerakoa eman ere.
Markos Gimenoren hizperientzaren arabera, euskaldunok hizkuntzari gagozkiola arazo eskizofrenikoa pairatzen dugu. Hori aditzera ematen duena jeinu bat da. Jenialtasuna baina, arazo psikologiko edo kognitibo batekin lotu ohi da zenbaitetan. Zoramenak/eromenak sormen-gainezkatze suerte bat eragiten omen du. Adituek diote hori. Arituek pairatzen dute, ordea. Hizperientziarik barik ez dago literaturarik. Literatura jolasa da, eta batez ere sormena/zormena. Gimenorena, bistan da, literatura erradikala da.
Graziosa Oroz ez da aditu bakarra. E. Unanue ermuar idazleak Euskal Herria laga behar izan zuen, eta Italian famatu ostean, (h)aintzat har dezakegu bere aburua: “Markosen espiritua aldarrikatzen dut… Markosen Espiritua Ermuko gazte askoren espiritua izan zen” idatzi du. Markosen lagun hurbil horrek dioenez, gazte haiek hizkuntzaren altxorra euren ezpainetan zegoela ohartu ziren, baita politikaren altxorra haien eskuetan ere. Alabaina, nerabezaroan jokatzen da etorkizunaren nora. Jeinua eta Injenuoa hitzak hurbilekoak izaten dira aro horretan. Hitz kidekoak nolabait.
Literatura hitzez osatzen da. Hitzen espiritua ordea, galkorra duzu. Hitzen balioak badu bere iraupena. Hitzak, erabiltzearen poderioz, maiztu egiten dira. Gaur egun, berbarako, euskaldunon hitza hitz —palabra de vasco— delakoak galdu du behiala zuen inpronta, letretan ez ezik eguneroko jardunean eragiten zuen inpresioa galdu ere bai. Hitz ele eta berben esangura egunero berritu behar da/dugu, euskaldun biziko bagara. Horra literaturaren zeregina. Zereginetako bat, noski. Hizkuntza eta literatura baina —eta gure kasuan are nabarmenago— estatuek kontrolatzen/menperatzen dute. Ermuko Espiritu Ofiziala dugu horren lekuko. Ez, bistan da, Gimenok eta haren lagunek sustatu eta ernamuindu zuten bestelako espiritua.
Hizkuntza, literatura eta politika. Politikagintzari gagozkiola, euskaldunok nazioa eta estatua ditugu hitz fetitxe, hitz maskotak nahi baduzu(e). Estatuen espirituak (Espainiako eta Frantziako estatuenak) asimilatuta bixi gara, baita estatu absolutuaren espirituak biziagotuta bizi ere. Ez nadin zozoa izan horregatik, xoxo zuria alegia. Badakit jakin estatutik kanpo hotz egiten duela. Gaur egun zozoak ere nekez bizi dira basoan.
Nazioa eta Estatua. Maiuskulaz biak ere. Eguneroko ahotan ditugu —pentsatzen dugunok behintzat— eta ez dakigu haiekin zer egin, nola egin. Nola eragin! Ezaina gara. Hori ez dio Orozek, ez Unanuek ere. Sarrionandiak dio. Haina ez dena da ezaina. Euskalduna beraz ez da gauza ez gai haindua izateko, ez bere buruaren jabe izateko.
Ikaspena
Ermuko Espirituari bai. Ez noski, Ermua herriaz 1876an jabetuz hasi zena, 1923an indartu, 1934an nagusitu eta 1937an finkatu zen espirituari. Ezta ere 1977an ernamuindu zen espirituari. Markus Sukramen espirituaz ari naiz. Izan ere, Sé verla al revés palindromoari kasu egitera ikasiko dugu mundua binperrez ikusten. Aurkiz ikusiz zuzen ikusteko.
Irakurleaz eta interpreteaz bi ele
Irakurleaz, motz zurrean oraingoan, labur samurrean. Suertatuko da, araiz, luzaz eta sakon subjektu horretaz jarduteko parada. Irakurleaz, alegia. Liburu honen irakurle izan zaitezkeen zutaz ari naiz, irakurle balizko zaren zuri ari natzaizu. Euskal Berpizkunde garaiaren harian —azkenekoaz ari nauzu, aitzinetik izan ziren bertze batzuk, prefosta— 80-90 hamarkadetan ernamuindu zen irakurlearen segida zara zu —zenbaitetan haren seme-alaba—, alabaina, arrazoiak arrazoi, literaturaren jarraitzaile urriago baten partaidea zara. Literaturaren zaleok eta sustatzaileok —idazleek zeresanik ez— espero eta desio genuen baino urriago zarete. Bego hor.
Interpreteaz. Deitu ere iruzkingilea, deitu kritikaria, egia erran, azken horren adiera handiegia bazait ere. Kritika egiteko, luze-sakonean egiteko ahalmen handiko grazia eta espiritua behar da. Ba ote dagoen kritikarik euskal literaturan, ordea? Izan da eta bada hain ziur ere. Irakurtzen den kritikaz ari naiz, ordea. Izan ere, idazleak, obrak, irakurleak eta interpreteak —kritikariak— osatzen dute literatura. Markos Gimenoren berbetan leer es iracurrar. Currar behar egitea da. Ahalaz irarik barik hobe. Ez baitago amorruz behar egitea baina zeregin ezgaiagorik.
Azkenik
Autore erotua: “Bizitza bat izaten dugu, eta bizi ahala galtzen dugu bizitzaren zentzua. Gauzen zentzua errekuperatuz osatzen dugu bizitza”.
Oro Graziosa dukegu Josebe Sarrionandia.
101 letrakartel ditut begi aitzinean: “Nola jakinen dut bada, heureez pentsatzen dudana ikusi arte, ikusi arte erraten dudana?”.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres