« Gure telebistaz | Ahanzturatik azalera »
Lanbroa / Pello Lizarralde / Erein, 2024
Bertsioak eta bariazioak Ibon Egaña / Deia, 2024-05-11
Aki Kaurismakiren pelikula berri bat ikustera joatearen antzeko zerbait da Pello Lizarralderen liburu berri bat irakurtzen hastea. Badakizu gutxi-asko zer topatuko duzun, eta horretxen bila zoaz, gainera. Mundu bat eta estetika bat, begiratzeko modu bat eta obsesio batzuk, edo agian haien bariazio bat eskatzen diozu, eta ez dizu huts egiten idazleak. Ezta Lanbroa azken nobelan ere.
Argumentuaren sinopsi erakargarria eta, gero eta gehiago, nobelaren gaia liburuak aurkezteko eta irakurle jakinengana hurbiltzeko amu gisa erabiltzen diren garaian, deigarria, ia anakronikoa egin zait Lizarralderen hau nolako zuhurtziaz aurkeztu duen idazleak bezala argitaletxeak. Estetikari tematikaren gainetik eman nahi zaion lehen mailako tokia seinalatzen duen hautua, ziurrenik. Larunbat arratsalde batean aspaldian topo egin gabeko gizon batek eta emakume batek elkar ikusi ostean bizi duten asaldura da nobelaren abiapuntua, hala gaztigatzen zaigu kontrazalean. Eta pixkanaka doa jabetzen irakurlea batak bestea bahituta izan zuela ordu batzuez duela hogeita bi urte, gizona komando bateko iheslaria zenean.
Zer pentsa ematen duen erabakia iruditu zait, spoilerra saihestetik harantzago doana, jakina, “gatazkari” erreferentziarik ez egin izana nobela aurkeztean. Alde batera, garai eta testuinguru historiko jakinak izanagatik, Kaurismakiren filmetan bezala, inguruabar eta denbora historikoak beste dimentsio bat hartzen du Lizarralderen nobelan; telefono mugikor bat ager daiteke, baina fabrikatik atera ostean ohean harmonika joz atseden hartzen du pertsonaiak eta kamioian datoz ogi-saltzaileak, istorioaren leku-garai partikular bat sortuz, mugaldeko landa-girokoa. Ez baitu nobelak garai historiko edo politiko bat berreraikitzeko asmorik, estetikak agintzen du hemen eta, beraz, ez dago diskurtso sozio-politikoen oihartzunik, ezta orduko gertakari handien aipamenik ere. Gainera, zuhurra da liburu hau “gatazkari buruzko” nobela gisa ez aurkeztea, bestelakoak baitira egilearen asmoak, nagusiena amaieran pertsonaietako baten gogoetan aipatzen den arrastoari jarraitzea: “neurri batean bederen, gure bizitzatik pasatu direnen oroitzapenetan utzi dugun arrastoa ere bagara”.
Miresgarria eta gozagarria iruditu zait nobelan bi pertsonaien ikuspegiak nola txertatzen eta txandakatzen diren, nola une batzuez elkar ukitu ostean elkarrengandik urruntzen diren, nola lehen pertsonako bi narratzaileek zein bere bertsioa ematen duten gertatutakoaz. Gertaera beraren bi bertsio irakurtzea azken buruan bi istorio irakurtzea dela erakusten digu eleberriak, elkarrekin topo egiten duten bi kontakizun, idazleak zein bere ahotsez eta bere autonomiaz doitu dituenak. Pertsonaia bien bertsioak kontrajartzean liburuak ez du, haatik, bi posizio ideologiko aurrez aurre jartzeko asmorik, narratzailearen hurbilketa, izan ere, diskurtsiboa bainoago da estetiko eta sentsoriala: usaindu, ukitu, entzun egiten ditugu bahiketak irauten duen orduetako gorputzak, mugimenduak edo beldurrak. Idazlearen lanetan obsesiboa den ihesaren gaiaren bariazio berri bat ere badakar liburu honek, izan ere, hasiera eta bukaera diferenteak izan arren, barruan Lizarralderen nobela bat (Larrepetit bera gogora dakarrena) duen nobela bat baita Lanbroa. Ohiko obsesioen bariazio honetan beharbada berriago egiten da amaiera aldera zentzumenetatik harantzago joan eta pertsonaien barne-pentsamenduei emandako lekua. Memoriari buruz, ahanzturari eta gogoratzeari buruz egindako hausnarketek, tesi edo erantzun argirik eman gabe, lanbroaren azpiko begirada lauso eta zalantzazko bat proposatzen digute iraganera begira jartzeko.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez