kritiken hemeroteka

8.768 kritika

« | »

Hitzak palmondo / Silvia Federici (Amaia Astobiza) / Txalaparta, 2023

Hitzak eta akuarelak Nagore Fernandez / Berria, 2024-03-10

Silvia Federiciren izena eta bere lanak ez dira ezezagunak, gurean sarri itzuli den idazlea baitugu; hainbat argitaletxetan, gainera. Guztietan, baina, diskurtso dibulgatzaile bat eta argudioz eta datuz betetako orrialdeak irakurri ahal izan dizkiogu, batik bat saiakerara lerratu dela kontuan hartuta. Esan dezakegu, hortaz, lehen aldia duela euskarak Silvia Federiciren poesiaren mintzoa eta musika entzuten, berriki Txalapartak, Amaia Astobizaren itzulpen finarekin mimoz argitaratutako Hitzak palmondo lanean, hain zuzen.

Mimoz diot, baduelako liburuak zer nabarmendua edizioari dagokionez: ez da poesia liburu konbentzional bat, pandemia garaian bi adiskideren artean sortutako proiektu multimodal baten fruta baino. Izan ere, poesia akuarelekin batera aurkituko dugu orriz orri: Begonia Santa-Cecilia artistaren konposizioak batetik, eta Federiciren poemak, bestetik, eta, tarteka eta noizean behin, batak besteari bidalitako korrespondentzia zatiak, bi-bien proiektuaren bilakabidearen erakusgarri. Bukaeran, gainera, Federiciren jatorrizko testuen faksimileak bildu dira, horiek ere, Santa-Ceciliaren akuarela guztiekin batera, koloretan. Hala, irakurleak, poetaren gogoa bere hitzen bitartez ezagutzeaz gain, neurri batean, bere sorkuntza prozesuaren nondik norakoak ezagutu ahal izango ditu, jatorrizko testuetan zirriborroak, eskuz harturiko oharrak eta bestelako zuzenketak aurkituko dituen heinean. Orriak, bere aldetik, ez dira edozein ediziotan normalean aurkitzen ditugun folioak, iztukatuak eta tamaina handikoak baizik, eta horrek, koloreekin eta edizio lanekin batera, agerian jartzen du zeinen esanguratsua izan den argitaletxearen apustu estetikoa.

Federiciren poesia ez da batere lausoa, ez da sinbolikoa; aitzitik, nahiko narratiboak dira konposizioak, eta, ornamentu estilistiko gutxi izanda, sinpleak diren inpresioa eman dezakete; ez, ordea, inondik ere, sinplistak. Beste genero batean arituagatik, poetak, baina, ez dio muzin egiten bere diskurtsoari: konposizio guztietan bere saiakeretako aldarrikapenen oihartzunak aurkitu ditut, erregistro lirikoago batekin diharduen arren, subjektu poetikoak inguratzen gaituen munduarekiko, kapitalismoarekiko, matxismoarekiko eta beste arazo sozialekiko oso kritiko eta zorrotz hitz egiten baitu. Irakurleak, hortaz, poesia sozial eta ia politiko bat deskubrituko du Federiciren idatzietan. Santa-Ceciliaren akuarelak horren guztiaren kontrapuntua dira; edozein sistema zapaltzaileren aurrean, oraindik bere lege propioek kontrolatzen duten alderdi esentzialago bat erakusten digute: natura. Hala, landareek iradokitzen duten berezkotasunak, maiz, antolatutako gizarte oso baten funtzionamenduaren lirikarekin egiten du talka.

Irakurleak agian ez du poesia errimatu bat aurkituko, ez ditu sonetoak edo hiruko handiak aurkituko, ez du alegoriarik edo epanadiplosirik irakurriko; bai, ordea, gizartearekin konprometitutako diskurtso bat, zeinak, ohiko kode idatziaz haratago, ilustrazioekin ere kontatzen duen; liburu eder bat bestelako irakurtzeko moduak aurkitu nahi dituenarentzat.

Azken kritikak

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak