kritiken hemeroteka

8.308 kritika

« | »

Antilletan galdurik / Kepa Larrea / Pamiela, 2023

Legenda beltza Jon Jimenez / Gara, 2024-01-28

Egun, 1898an bezala, Espainiari geratzen zaizkion guztiz asimilatu gabeko lurraldeek eskapu egiteko burua altxatzen dutenean —Katalunia—, historia loriatsu guziari hasten zaizkio hautsak kentzen ezker-eskuin —hor ez da alderik Espainiaren arima bera salbatu behar bada—. Gainbeheran den inperialista orok barnean gordetzen duen gizon arranditsu kolpatu eta minez beterikoa barne disidentzien aurka zein bertze gune inperialen aurka oldartzen da orduan. Espainiaren kasuan, bereziki anglo-saxoien, frantsesen eta arabiarren aurka.

XVI. mendera jo behar dugu gaur egungo Espainia eta bere traumak ulertzeko. Ameriketako konkista da min horiek gerora jaregingo dituena. Psikologikoki, menekoek etorkizun hobe baten itxaropena gal ez dezaten edo, arrazoi ekonomiko-politikoengatik, neokolonialismoa justifikatze aldera, konkistaren irakurketa errebisionista bat abiatu dute zenbait historialarik, kolonizazioa bera leunduz edo ukatuz. Euskal Herritik ikuspegi horren aurkako alea erein nahi izan du Kepa Larreak (Basauri, 1956) “Antilletan galdurik” (Pamiela) liburuan. Ez dago, ordea, polemika nahiz idatzirik; irakur erraztasunaren eta errelatoaren mesedetan utzi du kanpoan saiakerazkoagoa den alde hori, irakurleria zabalago batentzat atsegin eta erakargarriagoa eginez.

Arpilaketa horretan bada euskaldunik ere eta horien inguruan ehunduta dago kontakizun guzia. Bertatik bertara ezagutuko ditugu inperioaren alde eta kontra aritutakoak. Bertzerik ezean bizirik irautea helburu zuten piratak, Itsaslapurren Ermandade berdinzalean parte hartu zuen Mixel Etxegorria bukanero lapurtarra kasu. Edo goi klaseen pribilegioak irabaztera zihoazenak, hala nola Pedro de Urtsua, El Doradoren kondaira faltsuarekin liluratu zutena eta erregeari eta Aita Santuari leiala, edo Lope de Agirre “traidorea”, “mingaina bezain zorrotza zuena ezpata” eta, Simon Bolivar askatzailearen erranetan, Ameriketako independentzia deklaratu zuen lehena. Edo genero pribilegioez gozatzeko gizonez jantzi behar izan zuen Katalina Erauso “lekaime alfereza”. Baita beranduagoko independentzia gudetan heroi izendatu zutena ere, Larreak ederki ezagutzen duen Xabier Mina nafarra kasu.

“Salbuespenik gabe garaileek idazten dute historia beti, bereziki garaituek hizkuntza idatzirik ez badute”. Hiztegi oparo eta iaioki hautatuarekin, zeinak epikotasuna areagotzen duen pasarte ugaritan, Larreak pertsona zanpatuen bizitzak, borrokak eta heriotzak ekarri ditu erdigunera, kontatuz nola ezpatak eta gurutzeak, Koroa gaztelauak eta Erromako Elizak, bien batasunak, ustiatu eta triskantzatu zuten kontinentea. Eta hor tartean ibili ziren gure arbasoak ere.

Azken kritikak

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak