kritiken hemeroteka

8.313 kritika

« | »

Bi aldiz iraun / Oihane Zuberoa Garmendia Glaria / Balea Zuria, 2023

Bi aldiz Irati Majuelo / Berria, 2023-12-10

Kontu kuriosoa da memoriarena. Norberak du berea, norberak bere oroitzapenak, jada ez dagoena pentsatzeko bere irudi eta lengoaiak. Hala ere, bada zerbait batarena eta bestearena lotzen dituena, haurtzaroko usainei zaien mira, joandako pertsonak gogoratzeko errituak, iraganeko txokoren batetik bat-batean datozen hitzak. Hori lortzen du Oihane Zuberoa Garmendiaren bigarren lanak; hain zuzen ere, norbanakoaren memoria-ariketa eta hausnarketetatik abiatu eta horiek gainditzea, bere gogorapenetik zurera jauzi egitea, eta nahi gabeko oroitzapenetan kateatzea.

Bi aldiz iraun kolore, zapore eta testura anitzeko liburua da. Irasagarrak, granadak, basagereziak, mugurdiak. Lau fruitu eta lau atal. Horien bidez egituratu du Garmendiak poema liburua, bakoitza sasoi bati atxikia. Lehendabizikoan, irasagarraren mikatz eta gozoen kontrasteak heriotza dakar hizketagai, aitonaren figurak lagunduta. Hala, galera, joandakoen oroimena, plazera eta sentsualitatea azaleratzen dira nostalgia merkerik gabeko piezetan. Bigarrenak, aldiz, oroimenaren desegiteak dakarren etenunea islatzen du, zintzilik geratzearen sentsazioa. Ahanztura hizkuntzaren gainbeherarekin lotuta ageri da, bizitza ezin izendatzearekin, pixkanaka desagertzearekin. Bi atalotan irudi oso ederrak sortzen ditu poetak: lehenengoan, irasagar-bihotz, menbrillo poto zein gaztaina usaina lagun; elurraren, txorien, saski zulodunen isiltasunaren bidez, bigarrengoan. Lehen bi atal hauek dira osoenak, akaso, sinboloak, erreferentziak eta zentzumenak gustuz harilkatzen baititu Garmendiak. Hitz justuak erabiltzen ditu esan nahi duena esateko, ez da alferrikako artifiziorik.

Hirugarrenean, basagerezien garaian, hausnarketek eta jolasek hartzen diete lekua aurreko irudi intimoagoei. Identitateaz, denboraren joanaz mintzo da poeta, ahanztearen beharraz eta bizitzaren antxoa-bueltez. Ikasleei eskainitako poemak dira, eta horrek beste esangura bat gehitzen die, bizitzara jakin-minez ateratzeko bultzadatxoak bailiran. Amaitzeko, hiztegi labur batekin bukatzen da liburua, aforismo itxurako poema laburren bidez. Beste kapituluetako irudi eta sinboloen aldean, sinpleagoa da azken atal hau, mugurdien hozkada txikiez itxiera errimaduna ematen diona liburuari.

Sentsibilitate poetiko handiko lana da Garmendiarena, kultura klasikoa eta pentsamendu filosofikoa uztartzen dituena ni poetikoa sendo eraiki ahala. Bide horretan, hizkuntzak garrantzi handia hartzen du, bai haren inguruko gogoetak osatzean, bai norberaren hizkera sortzean ere. Zentzumenak adi irakurtzeko liburua osatu du poeta erronkariarrak, usaimena eta dastamena bizi, memoriaren zein txoko piztu edo itzaltzen diren antzemateko. Iraun, bi aldiz irauten baitute poema hauek, lehenik irakurtzerakoan, eta ondoren norberaren oroitzapenekin nahasterakoan.

Azken kritikak

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Amaia Alvarez Uria

Gerezi-denbora
Montserrat Roig

Asier Urkiza

Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia

Nagore Fernandez

Farorantz
Virginia Woolf

Aritz Galarraga

Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia

Mikel Asurmendi

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Artxiboa

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

Hedabideak