kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Zakur zaunkak / Iñaki Irazu / Susa, 2023

Esan gabekoak, gaizki esanak, berba gehiegikeriak Maddi Galdos Areta / Argia, 2023-12-10

Lausoa du azala Iñaki Irazuren (Asteasu, 1954) azken argitalpenak, zuri-beltza. Halere, lurrean ikusgarri da bide baten arrastoa: noranzko markarik ezean ezin jakin geu izan garen honaino heldu eta atzera begira gaudenak edota, hari segika, norabait heltzeko seinale den aierua. Asteasuarraren ibilbideko bigarrena den poema-liburu hau, lehena bezala, oroimenaren joan-etorrirako gonbita da: hegei poemak osatzen dute Zakur zaunkak (Susa, 2023) izendaturikoa, memorian gordeak izateko aterpe galdegiten dutenentzat hogei gotorlekuk.

Gerra Zibila eta gerraostea dira bildumaren ardatzak: Martuteneko kartzela, ukuiluak, Donostiako Gobernu Zibila, Neguriko jauregiak, Salburua landa, hilerrietako lur saindu eta sastraka arteko bazterrak zein bestetzuk topa genitzake bertan proposatzen den ibilbidean. Oraina iraganarekin lotzen den lekuotan irudi indartsuak mamitzen ditu poetak: sardez zulatutako belar piloak, irentsitako pegatinak, atzapar bat lepoan pausatuta… Gorriaren beroa darie batzuei, metalaren hotza bestetzuei. Norberak bizi gabekoaren memoria sentsoriala pizteraino hel daitezken horiez gain, interesgarria da poetak hitzari aitortzen dion garrantzia ere: Afarian ginela poema dugu horren adierazle argi.

Azken horrek eragin zuzena du bildumaren osaera formalean. Izan ere, Irazu han-hemenkako istorioen bildumagile lanetan aritu dela esan genezake: bestetzuen esanak eta, are, bestetzuen esaerak ere islatu baititu liburuan; baita irakurleari ezagun izango zaizkionak ere, modu nabarmenean, Giltza gorri bat olerkian. Honekin, bada, ni poetikoaren aldean beste pertsona markak gailentzen dira poemotan, kutsu narratibodun nolabaiteko testigantzak jasotzen baitira orriotan. Oro har, bizitakoaren laztasunari, jasandako errepresioari eta sentitutako minari lotutako isiltasuna arrakalatzen dute bertako boz eta oihartzunek.

Joan-etorriko bidearen antza izateaz gain oroimenak soinuaren islapenaren antza ere badu eta akaso. Antza, behar besteko tartea ezinbesteko da oihartzuna sortu eta lehen noizbait izandako soinuak berriro guretzat entzungarri izan daitezen: “mendian barrena / bidez gabiltzala, / guri heltzeko / ahalik gabe / aditzen dugun / zakur zaharraren / zaunka urruna”. Hitzok balio dute tarte hori handitu ahala apurka-apurka iraganera gerturatzeko.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak