kritiken hemeroteka

8.308 kritika

« | »

Oso latza izan da / Xabier Mendiguren Elizegi / Elkar, 2023

Urteak izan ziren egunak Jon Jimenez / Gara, 2023-10-08

Frankismo bortitzetik frankismo lausoago baterako trantsizio-bidean, 1981. urteko urtarrilaren 28an, etorkizunean azak jatea ekidingo zuen Lemoizko zentral nuklearra eraikitzeaz arduratzen zen ingeniari-burua, Jose Maria Ryan, bahitu zuen ETAm-k, berau exekutatu aurretik obrak gelditzeko astebeteko epea emanez. Muga-eguna baino 48 ordu lehenago, Gernikan denak ziren zerurat so. “Ez da astelehena baina, ez da azoka eguna, eta ez dira Kondor dibisioko Heinkel hegazkinak Gernika gainera datozenak beren berun-konpitak eta lehergai-mokordoak eskuzabal oparitzera, ez, helikoptero bat da gaur bake emaile eta adiskidetasun keinu gisa datorren hau”. Juan Carlos I.a errege espainola da, euskaldunon arbola sainduaren pean foruen lege zaharraren gainean berriki negoziatu, onartu eta bozkatutako autonomia estatutua bedeinkatzera, bertako agintarien onespenaz eta Eusko Gudarika dabiltzan zenbait erradikalen aurkaritzaz.

Otsailaren 4a zen Madrilen ere auto berean ekintza bat burutzera zihoazenean poliziaren kontrol batean atzeman zituzten ETAm-ko lau kiderentzat. Komandoko bi kidek ihes egitea lortu zuten; Isidro Etxabe, berriz, bala batek harrapatu zuen sorbaldan, eta Joxe Arregi ihes egiten saiatzerakoan atxiki zuten eta komisariara, DGS ospetsu bezain zorigaiztoko errepresio-gunera, eraman. Bederatzi egun eta gau iraungo zuen bere Golgotaren igoeran barreneko oinazealdiak, harik eta torturatzaileek, bizia galduko zuen beldur, Carabanchelgo espetxeko erizaindegira eraman zuten arte. Han, hiru talde iraultzaile ezberdinetako hiru kide izan zituen tormentuaren testigu —idatzita utzi zuten— eta hil aurretiko azken bidelagun.

Egiazko gertakari hauek guziak eta bertze zenbait bildu ditu, eta, horretarako, bizirik jarraitzen duten lekukoak elkarrizketatu, protagonisten engaiamendurako arrazoiak batu, haien guzien biografiak eraiki eta kontakizun zirraragarri bat ondu du Xabier Mendiguren Elizegi 24/7 editore eta idazleak. Belaunaldi militante eta borrokalari baten erretratua, kazetaritza-kronikaren osagaiak dituena baina ezinbertzean errepresioak eta denborak sortu dituen hutsuneak fikziozko izkiriatzailearen baliabideekin osatutakoa. Eta, aldi berean, azken hamarkadetako gatazkaren errelatoaren eta irudiaren garrantzia bolo-bolo darabilgun garaiotan, behin hilobiratu zutela, bere hilkutxatik atera eta, argazkiak eginez, Joxe Arregiren gorpu ximeldu, egurtu eta ubelduraz betea ezagutaraztea ahalbidetu zuten lagunei omenaldia egin nahi izan die Mendigurenek. Urteak izan ziren egun haien laburpen.

Azken kritikak

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak