« Harri baino haragi | Pozaren erdia zirkuluaren koadraturan legoke, beste erdia, balego, koadraturaren zirkuluan »
Maskara baten aitortza / Yukio Mishima (Iker Alvarez) / Igela, 2023
Maskarak Jon Jimenez / Gara, 2023-07-23
Antzerkietako pertsonaien maskaraz diharduenean, hala dio Epikteto estoiko grekoak: “Gogoratu zu drama baten aktorea besterik ez zarela, eta drama hori laburra edo luzea izanen dela poetaren borondatearen arabera […]. zuri bakarrik dagokizu destinatzen zaizun pertsona ondo ordezkatzea, edozein dela ere: beste bati dagokio aukeratzea”. Hortxe dugu “pertsona” berbaren jatorri etimologikoa: Grezia eta Erroma klasikoan teatroetan erabiltzen ziren aurpegi ezberdinetako maskarak. Bi mila urte geroago eta Europatik ehunka kilometrotara, “Hemingway japoniarra” bezala ezagutu, literatura mendebaldarrean aditu eta Nobel sarirako hautagai Yukio Mishimak (Tokio, 1925-1970), Epiktetoren aipatu ideia bereganatuz, tragedia klasiko unibertsal gaurkotu bat ondu zuen “Maskara baten aitortza” eleberri erdi-autobiografikoan. Bertan, Kochan gazte ahul eta zaurgarriaren helduarorako bidea kontatzen digu. 1920-1930eko hamarkadetan, Japonia Inperialaren gizarte itogarri eta hertsiaren kondena ekiditeko, desira eta betebehar moralaren artean borrokan, irtenbide bakarrera kondenaturik aurkitu zuen bere burua nerabeak: sexu bereko pertsonengandik erakarrita sentitzen zela ezkutatzen zuen maskara janztea. Hori edo, edozein tragedietan bezala, heriotza. Hala, hiltzeko gogoa han-hemenka, obra guzian barreiaturik, errepikatuko den ideia dramatikoa da. Bertzalde, iragarpen biografikoa izanen dena. Izan ere, seppuku bidez —gurean, hara-kiri izenaz ezaguna egin dena— bere buruaz bertze Mishimak.
“Iragana etorkizunera proiektatzea da […] Mishimaren muina”, laburbiltzen digu gibelsolasean Angel Errok. Bi zentzu ezberdinetan, erranen genuke. Batetik, ohikoa izan da, Mishimaren beraren borondatearen aurka, bere bizitza atzekoz aurrera irakurtzearena, amaian jarriz hain zuzen indarra. Bertzetik, gehituko genuke, muin horri esker eleberriak gaurkotasun bizia erakusten du idatzi eta hamarkada batzuk geroago ere. Historiaren hoberanzko joera amaigabearen usteak herrak ditu. XXI. mendean, faxismoen gorakada bete-betean eta LGTBI pertsonen aurkako oldarraldiaren erdian, Kochan bezala, zenbat nerabe eta gazte kondenatzen dira maskarada bat bizitzera edota suizidiora, errepresio hutsagatik, hezkuntzaren gabeziengatik edo gizarteak erreferenteak ezkutatzen dizkielako? Igela argitaletxe nafarraren apustu ausartari —japonieratik zuzenean ekarritako lanak ez dira batere ohikoak gurean— eta Iker Alvarez itzultzailearen lan zoragarriari esker, euskal irakurleok egunero-egunero milaka gazteren tragedia ulertzeko tresna ezin egokiagoa aurkituko dugu Mishimaren aitortza hunkigarri eta balent honetan.
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria