« Harremanetik harremanera eta berriro bota | Maskarak »
Haragizko erreformak / Mari Luz Esteban / Pamiela, 2023
Harri baino haragi Maddi Galdos Areta / Argia, 2023-07-23
Bizitakoak egiten gaitu, inguratzen gaituen orok modelatu, elkarrekintzak ondu: ezin uka historia eta istorioak marra zuzenez bereizezin direnik. Mari Luz Estebanek (Pedrosa de Valdeporres, Gaztela eta Leon, 1959) berriki plazaratutakoa horren adierazle da: Haragizko erreformak (Pamiela, 2023) izendatu du Estebanek kritikariok herritar-izen bidezko deiturak saihestera ere bagaramatzan bere hirugarren poema-bilduma, politikoa denaz (eta, horrenbestez, baita politiko ere baden pertsonalaz) hausnartzera gonbita egiten duena.
Aditz-joko oro genuke beharrezko bederatzi ataletan bildutako 60 olerkiok ohiko hizketara itzultzeko. Izan ere, nitasunari eta gutasunari loturikoak harilkatzen ditu liburuak, tartean, iraganeko haurtzarotik hasi eta zehazteke den etorkizuneko gutasunerako erabakigarri den orainetik. Bada, nolabait, poemok “nintzen” eta “gaitezen” aditzen artean kokatzen direla esan genezake, hertsiki denborari dagokionean baino maila politikoagoan, ordea: “Iraganari aurrez aurre / begiratzeko unea heldu da / memoriarik ilunena ere etorkizunean / jartzekoa”.
Gauzak horrela, bada mamirik lerrootan. Erromantizaziotik urrun, zorrotz begiratzen die ahots poetikoak Euskal Herria azken hamarkadetan zeharkatu duten fenomenoei, eta, are gehiago, baita fenomenook gure izate eta gorputzetan utzi dituzten hondarrei ere: “Herriak desindustrializatu zaizkigu, eraikitzaileen onuran / gure ondarea eraitsiz doa, ezabatuz gure memoria / baina geu gara / gure nortasun industrialaren hondakinekin / zer egin jakin barik gaudenak”. Ildo horretan, gero eta entzutetsu eta ohikoago diren auziak dakartza bildumak, oro har, noizbait gailendu zen balizko euskal identitateari arrakalak bilatzen dizkiotenak. Horien artean da feminismoa eta zaurgarritasuna hizpide dituen Nork esango zigun guri poema, baita liburuaren muin den teoria maketoa ere: “Esango dut / euskaldun / medeatu / zaharberritu / erreformatu bat / irudikatzea / komeni zaigula”.
Gailentzen den kutsu narratiboak eta hausnarraren izaera esplizituak olerki batzuen poetikotasuna ahuldu badezakete ere, baliatutako irudi poetikoek gorputzari aitortutako garrantziak bat egiten du bildumaren norabidearekin, hots, harria baino moldakorragoa den hezur-haragizko herrian bizi garenaren aldarriarekin. Aditz-joko oro baliatu arren, beraz, argi da poemok etorkizuna dutela jomuga.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez